Helduentzat ere badira ipuinak

Ipuinak haurren kontua direla pentsatzen dute askok, baina badira helduen ipuin kontaketak. Kontalariek saio gehiago antolatzeko deia egiten dute, horrela jende gehiago animatuko baita, bai entzutera, baita kontatzera ere. 'Heldu da kontua' lehiaketa jarri zuten martxan iaz, hori lortzeko.

BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
«Bazen behin...», hori da eta izan da ipuin askoren hasiera. Garai batean, sutondoan biltzen zen familia osoa, ipuin bat entzuteko asmoz, baina azken hamarkadetan, haurrak lasaitzeko edo lokartzeko erabiltzen dira gehienbat. Ipuinak, ordea, kontakizunak dira funtsean, eta ez dute adinik. Horregatik, badira helduentzako ipuin kontaketak ere.

1998. urtetik darama May Gorostiagak ipuinak kontatzen, eta helduen oso saio gutxi antolatzen direla aipatu du, eta euskaraz, «are gutxiago». «Askotan, helduen saioak egitera deitzen gintuztenean, saio horretarako propio sortutako kontakizunak eramaten genituen. Enkarguz egiten ziren askotan, eta hori pena zen». Horregatik, helduentzako ipuinen sorkuntza bultzatzeko asmoz, iaz Heldu da kontua sariketa jarri zuen martxan Gorostiagak, beste kide batzuekin batera.

Kontalariek, hain zuzen, estreinatu gabeko edo asko jota bost aldiz kontatutako ipuin bat aurkeztu dezakete. Udaberri amaierara arte izaten dute proposamenak aurkezteko aukera. Proposamen horiek epaimahai batek aztertzen ditu, eta bi saritu aukeratzen ditu. Saritutakoek aukera dute ipuinak kontatzeko zirkuitu batean parte hartzeko. Aurten, irabazle bakoitzak bost saio egingo ditu, Euskal Herriko zortzi herritan.

Irail erdialdean eman zuen antolakuntzak irabazleen berri: Joxe Aldasoro eta Dorleta Kortazar. Aldasoro, Mingots eta langarratik kontakizunarengatik, eta Kortazar, Ispiluak kontakizunarengatik. «Gure helburua argi daukagu: helduen kontalaritza saio gehiago egitea eta emanaldi gehiago antolatzea nahi dugu», esan du Gorostiagak.

Mingots eta langarra-ren bi saio eman ditu jada Aldasorok. Hurrengoa azaroaren 16an izango da, Arrasaten (Gipuzkoa), 19:00etan. Kortazarrek gaur eskainiko du lehen aldiz Ispiluak kontakizuna: Berrizko (Bizkaia) kultur etxean, 19:00etan. Gorostiagak esan du jendeak modalitate hau ezagutu behar duela, eta, batez ere, kultur egitarauetan sartzeko ahalegina egin behar dela: «Pedagogia soziala egin behar da, helduek jakin dezaten eurentzat ere badirela ipuinak».

Desberdintasuna

Aldasorok zortzi bat urte daramatza ipuin kontalaritzaren munduan, baina duela pare bat urte animatu zen helduei ipuinak kontatzera. Narrazio laburrak sortu izan ditu, eta pentsatu zuen narrazio horiek ahozkotasunera eramateko egokiak zirela. Hori izan zen animatzeko arrazoietako bat. Kortazar, ordea, beti sentitu da erosoago helduei ipuinak kontatzen, haiei zer kontatu baduela iruditzen baitzaio. «Helduei ipuinak kontatzeak onura bat du: nahiz eta ipuinak ez funtzionatu, haien erreakzioa ez da hain nabaria izango, haurrenarenarekin alderatzen bada», gehitu du Aldasorok. Bestalde, haurren emozioetara iristea errazagoa dela azaldu du. Helduen kasuan kontakizunaren literatur kalitatea gehiago begiratu behar dela iruditzen zaio kontalariari. Kortazarren ustez, haurrek errazago egiten dute bat proposamenarekin. Helduekin, «sedukzio lan handiagoa» egin behar da, jendea helduz doan heinean fantasiazko mundua urrunsentitzen hasten delako.

Iñaki Carretero eskarmentu handiko kontalaria da. 25 urte daramatza ipuinak kontatzen, eta bereziki gustatzen zaio ipuin tradizionalak kontatzea. Ipuin baten ahalik eta bertsiorik zaharrena kontatzen saiatzen da, nahiz eta gero batzuetan apur bat moldatu.

Carreterok argi du ipuinek ez dutela adinik, eta hori aspaldiko zerbait da: «Garai batean, ipuinak izatez helduentzat ziren, baina familia osoa elkartzen zen haiek entzuteko. Haurrak ere han izaten ziren, baina berez, helduentzat ziren».

Ipuinak bere egin

Saioetan kontatzen diren ipuinak norberak asmatutakoak edo beste egile batzuenak izan daitezke: kontalariak berak aukeratzen du hori. Aldasorok, adibidez, ez daramanez denbora asko helduei ipuinak kontatzen, beste egile batzuen narrazioak aukeratu ditu Heldu da kontua sariketarako, baita ipuin tradizional bat ere.

Ipuinak bere egitea gustatzen zaio Kortazarri, eta «isildutakoei ahotsa ematea». Egunerokotik edo bere bizitza pertsonaletik ateratako istorioak izaten dira, eta genero ikuspegiari heltzen dio ahal duen guztietan. «Publikoarengan piztu daitezkeen emozioen erantzule sentitzen naiz ipuinak kontatzean», gehitu du.

Saioen prestaketa momentu garrantzitsua izaten da kontalarientzat. Nork bere teknikak eta metodologia izaten ditu. Aldasorok, esaterako, bere burua filmatzen du ipuin bat kontatzen, eta grabaketa horretan ikusten du zer-nolako gorputz adierazpena eta intonazioa izaten duen, edo zer landu behar duen gehiago. «Nik kontakizunari eman nahi dizkiodan inflexio puntuak ere jartzen ditut horrela».

Kortazar eta Carretero ez dira ipuinak buruz ikasi zaleak. Kortazarrek ipuinak behin baino gehiagotan kontatutakoan idazten ditu; batez ere, denbora luzezkontatu behar ez baditu, ez ahazteko. «Kontalariok esaten dugu ipuinak kontatzea irudiak sortzea dela», azaldu du Kortazarrek. Irudi horiek buruan dituela joaten da kontatzen. Gehitu du berak beti ipuinen hasiera eta amaiera soilik ikasten dituela buruz. «Bi saiotan ipuin bera kontatu dezaket, baina inoiz ez dira guztiz berdinak izango».

Ipuinak «elikatzea eta bere egitea» beharrezkoa da Carreterorentzat. Behin, Argentinako lagun batek ipuin bat kontatu zion, eta 20 urtez izan zuen ipuin hori buruan, harik eta kontatzeko garai perfektua aurkitu zuen arte. «Orain sarritan kontatzen dut, baina 20 urtez nire buruan kozinatzen egon zen», esandu.

Saioetan ere egoten da inprobisaziorako tarterik. Carreterorentzat, «kontalari guztien ezaugarri bat» izan beharko litzateke inprobisatzen jakiteko ahalmena izatea. Izan ere, publikoak transmititzen duenaren arabera, ipuinaren norabidea aldatu daiteke, eta hurrena kontatuko den ipuina ere bai. «Oso garrantzitsua da publikoan gertatzen ari dena jasotzea: norbaitek doministiku egiten du, mugikor bat jotzen hasten da, zerbait galdetzen digute... denak ematen du inprobisatzeko aukera», azaldu du Kortazarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.