BCBLko Kepa Paz-Alonso ikertzaileak bi artikulu argitaratu berri ditu memoriari buruz, Journal of International Neuropsychological Society (Nazioarteko neuropsikologia elkartearen aldizkaria) eta Schizophrenia Research (Eskizofrenia ikerketa) aldizkarietan. Ikerketa lan horien ondorioz argitu duenez, osasuntsu dauden helduen memoria haurrena eta eskizofrenia duten helduena baino eraginkorragoa da, baina, aldi berean, oroitzapen faltsuak sortzeko joera du.
Prozesamendu semantikoa ikertu du, zehazki, Paz-Alonsok. Garunak hitz bat entzuten duenean, aurrez ezagutzen dituenekin erkatzen du, haren esanahiaren bila. Hala, prozesamendu semantikoa funtsezkoa da oroitzapenak garunean gordetzeko, eta horrek lagundu egiten digu hitza identifikatzen, eta izenak eta gertakariak gordetzen.
Haurrek ez dute prozesamendu semantikoa behar bezainbat automatizatu eta garatu oraindik, eta horregatik dute eraginkortasun txikiagoa. Baina, aldi berean, prozesua mekanizatuta izateak dakar tarteka oroitzapen faltsuak sortzeko joera. Horregatik gertatzen zaie hori helduei.
«Osasuntsu dauden pertsona helduengan oroitzapen faltsuak eragiten dituzten prozesu horiek berak dira memoria onaren erantzule ere. Oroimenaren akatsa baino gehiago, gure oroimenaren onurengatik noizean behin ordaindu behar dugun prezioa besterik ez da. Txanpon bereko aurkia eta ifrentzua. Hori ikertzeak laguntzen digu hobeto ulertzen nola funtzionatzen duten gure memoriak eta horri eusten dioten garunaren mekanismoek», azaldu du Paz-Alonsok.
Ezarian. Zientzia
Helduek memoria hobea dute, baina baita oroitzapen faltsuak ere
Haurren oroimena ez da hain eraginkorra, baina, era berean, gertaera gutxiago 'asmatzen' ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu