Ezarian. Mahats biltzea

Heldu da mahatsa

Mahats bilketari ekin diote Nafarroako hegoaldean, ohi baino lehenago gainera; oraingoz, Chardonnay mahats zuria baizik ez dago hartzeko moduan.

Mahatsa makinatik traktorearen atoira pasatzen dute, Otazuko langile baten begiradapean beti. BERRIA.
Iker Tubia.
Etxauri
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Heldu da mahatsa, normalean baino lehenago, eta beraz, ailegatu da bilketa garaia. Helduta dagoena Chardonnay mahatsa da, ardo zuria egiteko erabili ohi dena, eta Nafarroako hegoaldeko upeltegiak hasi dira biltzen. Horrekin akitu bezain pronto hasiko dira mahats beltzarekin. Upeltegi bakoitzak bere modua du mahatsa biltzeko, baina geroz eta gehiago zabaltzen ari da gaueko bilketa. Mahatsa hotz hartzeko egiten dute hori.

Otazu upeltegian halaxe egiten dute. Etxaurin dago (Nafarroa), Iruñetik kilometro gutxira. Ilargia ateratzearekin batera hasten da mahats bilketa mahasti horietan. Javier Colio enologoaren zuzendaritzapean egiten dute lan. Makina batekin egiten dute bilketa normalean. 22:00etarako Otazun dira denak. Lau langile ibili ohi dira: makina eramaten duena, traktorea gidatzen duena, upeltegi barnean egon ohi dena eta Colio bera. Enologoak frogak egin, eta, mahatsa biltzeko prest badago, bilketa lana hasten da.

22:30ean hasten da Ilario Pejenauteren lana. Berak gidatzen du mahatsak biltzen dituen makina. 39 urte daramatza lanean, eta mahasti horietan ibili da beti. Eskuz lan egin duenetz galdeturik, ezetz, berak beti makina gidatu duela esan du. «Hemen betidanik egin dugu lan makinarekin, baita Otazuren aurretik zegoen enpresarekin ere». Ardo berezi batzuk egiteko besterik ez dute eskuz biltzen Etxauriko upeltegian. Lan horretarako Portugalgo langileak kontratatzen dituztela dio Pejenautek. Lanik gehiena, baina, bere makinarekin egiten da. Esan duenez, ez da lan zaila. Gauez egin behar da, ordea, eta sarri bertan behera geratzen da bilketa, eguraldiarengatik. «Behin baino gehiagotan etorri gara hamarretarako, eta ordu erdi geroago, lana hasteko momentuan, euria hasi du; orduan, etxera joan besterik ezin dugu egin».

Bilketaren iraupena ere klimaren menpe egon ohi da. Gaueko freskura probesten dute, mahatsa ahalik eta hotzen egon dadin hartzerakoan. Beroak aise hondatzen ditu fruituak, eta hori saihesteko gauez ateratzea da aukerarik onena, Otazuko langileen aburuz. Pejenautek seiak aldera akitzen du lana, «gau ona» egiten duenetan beti ere. Dena den, beti ez diote uzten mahatsa biltzeari ordu horretan. «Seietan beste langile bat dator, eta, egunaren arabera, goizeko hamarrak edo hamaikak arte egon daiteke mahatsa biltzen». Bestela ere, bada lanik mahatsa bildu ondotik, makinak garbitu behar baitira.

Mahatsak biltzen dituen makina mahastien gainetik pasatzen da gauaren ilunean. Mahastiak astindu egiten ditu mahats aleak erori, eta atzean daraman atoian gordetzeko. Mahastiak astintzean indarra neurtu egiten du Pejenautek, gehiegi edo gutxiegi izan ez dadin. Bildutako mahats kopurua ere ezin da oso handia izan, atoian ahalik eta denbora gutxien egon daitezen. Halaxe uste dute Otazun bederen. Horregatik, mahastiak upeltegiaren inguruan daude, bildutakoa lehenbailehen sartu dadin biltegian.

Eguraldiaren menpeko lana

Jasotako Chardonnay mahatsa traktore batek eramaten du biltegira. Han, beste makina batek bereizi egiten ditu mahatsa eta bestelakoak: adarrak, hostoak, belarrak... Urrats hori egin ondotik, makinak mahatsaren azala eta haziak banatu egiten ditu muztiotik. Orduan, biltokian gordetzen da, tenperatura hotzean. Javier Colio enologoak dio hiru egunez uzten dutela muztioa biltokian, hamaika gradutan. Gero etorriko da hartzitzeko garaia. Horretarako, hilabete batez egonen da muztioa 13 gradutan. Urrats horiek upeltegi guzietan ematen dituzte, baina denborak ezberdinak izan daitezkeela azaldu du Coliok, baita muztioa gordetzeko tenperatura ere.

Prozesu hori guztia, baina, ez dute egiterik izan oraingoan. Otazuko langileek mahatsak bildu bitartean, trumoiak antzeman dira urrunean. Enologoak lanean hasi aurretik iragarri du euria egin zezakeela, eta halaxe izan da. Ordu erdi baizik ez da pasa lanean hasi direnetik, eta izugarrizko ekaitza bota du. Dena bertan behera utzi dute orduan. «Ederra egin digu eguraldiak!», esan du Coliok, «bihar ez genuen lanik egin behar, baina zoritxarrez etorri beharko dugu». Zaparradak minutu gutxi batzuk iraun du, baina dagoeneko ezin dute mahats bilketarekin jarraitu. Izan ere, mahatsondoetako hostoak busti egin dira, beraz, makinak mahatsa ez ezik ura ere bilduko luke. Biltokian Araceli dago, berak barnean egiten baitu lan. Ez du asteburuan lanik egin nahi, baina seguruenik tokatuko zaio. Mahatsa helduta dago, eta ezin dute utzi bilketa heldu den asterako. Halaxe da lan hau, eguraldiak erabat baldintzatzen du, eta sarri arazoak izaten dituzte.

Eguraldia gorabehera, Coliok uste du ongi dabiltzala aurtengo mahats bilketan. Abuztuaren 28an hasi ziren, eta dagoeneko muztioa gordetzeko lau ontzi bete dituzte. Bosgarrenak itxaron beharko du, euriak atzeratu baitu Otazuko lana. Aurten 100.000 kilo mahats zuri bilduko dituztela uste du. Dena den, oraindik goiz da. Nafarroako Sor-marka Arautzeko Kontseiluak aurreratu duenez, mahastiak osasuntsu daude aurten. Chardonnay mahatsaren etekina arrunta izanen da, baita Merlot, Cabernet Sauvignon eta Viura motena ere. Hala ere, aurtengo uzta %14,5 txikiagoa izanen da joan den urtekoarekin alderatuz. Osotara, 74 milioi kilo bilduko dituzte Nafarroako upeltegiek. Bi faktorek eragingo dute produkzioaren jaitsieran: idorteak eta mahastien zabalera murrizteak.

Irulegi inguruan ere aurreratu eginen da mahats bilketa. Irailaren 19an hasiko dira lanean sor-marka duen ardoa egin ahal izateko. Sor-markarik ez dutenek, berriz, astebete lehenago ekinen diote lanari. Xavier Pierre Irulegiko sotoko kooperatibako zuzendaria baikor azaldu da aurtengo uztari dagokionean. Mahatsaren zikloa «aski ona» izan dela dio, eta, horregatik, uzta ona espero dute. Joan den urtean 600.000 botila ekoitzi zituzten, eta aurten 50.000 gehiago espero dituzte. Irulegiko sor-marka ardoa egiteko mahastiak Baigorri eta Donibane Garazi artean daude, hamar herri ingurutan. Inguru horietan eguraldi egokia beharko dute heldu den hiru asteetan, Pierrek dioenez. Hau da, ez luke euri gehiegirik bota behar, eta, are gutxiago, kazkabarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.