Bilobila proiektuaren sortzailea

Areta Lorea: «Helburua da kontsumitzaileak arropa armairuan ez uztea hilabete batzuen ondoren»

Angora ahuntzetatik lortutako mohairra baliatuz egiten ditu produktuak Bilobilak. Moda hurbilago eta etikoago baten aldeko apustua egin nahi du proiektuak.

(ID_13446470) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2023-12-22, Abaurregaina. Areta Loreak ehungintza etikoa lantzen du angora ahuntzak oinarri
Areta Lorea, ahuntzekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urko iridoy alzelai
2023ko abenduaren 23a
05:00
Entzun

Euskal Herriko herririk garaienean bizi dira Ulises, Polly, Urumehea eta Utopia ahuntzak: Abaurregainan (Nafarroa); zehazki, Gartzelain bordan. Angora ahuntzak dira, eta haien bitartez mohairra lortzen du Bilobila proiektuak, ondoren, Areta Lorearen (Iruñea, 1986) hitzetan, «kalitatezko jantziak» lortzeko. Maiatzean sortu zuen Loreak Bilobila, modaren etika zalantzan jarri eta gertuko laborantzari garrantzia ematen dion egitasmoa.

Zenbat ahuntz dituzu bordan?

Oraingoz, hamazazpi ahuntz dauzkat taldean.

Zer ahuntz espezie dira?

Angora ahuntzak dira. Asian sortutako espezie bat da, Turkian zehazki, baina gaur egun mundu osoan ikus ditzakegu, Hegoafrikan eta Ameriketako Estatu Batuetan gehienbat. Euskal Herrian ez da oso ohikoa.

Zergatik angora ahuntzak?

Angora ahuntzetatik mohairra lortzen dugu. Haien ileko zuntzak dira, artilea baino kalitate hobekoak. Luxuzko materialtzat jotzen da, ez delako oso ohikoa. Oso fina da, eta artileak baino distira handiagoa egiten du. Termikoki isolatzaile oso ona bilakatzen da; beraz, bikaina da neguko arropak ekoizteko. Duela hamabi urte ezagutu nuen ahuntz espezie hori, eta, ordutik, haiekin lan egin nahi izan dut. Horrez gain, animalia lasaiak dira, eta maneiatzeko errazak.

Lehenagotik animaliak edukitakoa zara?

Ez dut inoiz nire animaliarik izan. Abeltzaintzan lan egin izan dut, baina ez nuen animalien gaineko ardurarik. Familian ez dugu inoiz etxalderik izan, baina lurrak alokatu egin nituen proiektuarekin hasteko. Horregatik, abentura handi bat da hau niretzat, esperientziarik gabe eta eremu berri batean hasi naizelako lanean.

Zergatik arriskatu horrelako abentura batean sartzera?

Hamaika arrazoi ditut atzean. Ipar Euskal Herrian bizi izan nintzen hainbat urtez, eta han ikusi nuen nola laborantza aldetik eremu oso dinamikoa den. Lurrarekin duten lotura horren falta sumatzen nuen hemen. Arroparekin, adibidez, Txinatik edo Bangladeshtik datorrena saihesteko, zergatik ez dugu guk gure lurrean ekoitzitakoa erabiltzen?

Ahuntzak zaintzeaz gain, zuk zeuk egiten duzu arropa?

Oraingoz nik bakarrik egiten dut lan proiektu honetan. Beraz, lan karga handia daukat. Zortea izan dut, Frantziako elkarte baten laguntza lortu dut eta. Animalien kudeaketan laguntza handia jasotzen dut haien aldetik. Ahuntz ilea moztu egiten dugu, eta pixka bat garbitu, ez sakon. Ondoren, denok Frantziako fabrika batera eramaten dugu geure lehengaia, eta haiek transformatzen dute. Bilobaren dendan saltzen diren jantziak modaz kanpo eginikoak dira. Iraupen luzea edukiko duten jantziak dira; hau da, helburua da kontsumitzaileak arropa armairuan ez uztea hilabete batzuen ondoren.

Etika aipatzen duzu Bilobilaren helburuez hitz egitean.

Bai. Gaur egun, ez da berdina Indian ekoitzitako arropa batek edukiko duen prozesua edo Europan egindako batek edukiko duena. Hemen, gutxieneko batzuk bete behar ditugu; Asia ekialdeko herrialdeetan, berriz, ez dakigu zein den langileen eta animalien egoera. Modan, zero kilometro lortzea oso zaila da, geroz eta arropa fabrika gehiago ixten ari baitira Europan. Baina, hala ere, nik badakit nola bizi diren nire ahuntzak, eta badakit zer prozesu izan duen erosleak eskuratutako produktuak.

Bisitak antolatu dituzu ahunztegira, ezta?

Bai, uste dut bizipen interesgarria izan daitekeela jendearentzat. Bordako inguru ederrak ikusteko aukera paregabea da, eta, gainera, jendea abeltzaintzak duen lan prozesuaz sentsibilizatzeko tresna ederra da bisitena.

Ahuntz taldea handitzeko asmoa duzu?

Angora ahuntzak dituzten abeltzainek, normalean, 150 animalia inguru edukitzen dituzte; ez dira talde handiak izaten. Nik 70 edo 80 ahuntz inguru eduki nahi ditut.

lotsabako

Bilobilako ahuntzik gogokoena? Ezin dut bat aukeratu. Hamazazpiak. Dendako produktu bat? Lepokoak edo galtzerdiak. Liburu bat?Laborari berriak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.