Nekazaritzak tradizio handia eduki du urte askoan Euskal Herrian. Baina egia da azken urteetan beherakada nabarmena jasan duela. Hala ere, tomateak, piperrak, urazak, porruak eta gainerako barazkiak lantzeko beste baratze bat egongo da datozen hilabeteetatik aurrera. Emaus fundazioak ortu bat jarriko baitu Zamudioko (Bizkaia) parke teknologikoaren ondoko zelai batean. «Osakidetzarekin sinatutako hitzarmenenarekin hasi zen guztia», argitu du Nagore Etxebarria Bioeskola proiektuko arduradunak. Gero BBK-k eta Zamudioko parke teknologikoak ekarpenak egin zizkieten. «Erakundeak diruz lagundu gaitu. Parke teknologikoak, berriz, 30.000 metro koadroko lursail bat laga digu».
Baratze berriak hainbat helburu ditu. Lana aurkitzeko zailtasuna duten herritarrei aukera ematea da bat; hau da, gizarteari zerbitzua eskaintzea. «Bazterkeria jasateko arriskuan daudenak eta Osakidetzan buruko osasunari dagokionez laguntza jasotzen dutenek lan egingo dute. Lan munduan integratzen lagundu nahi diegu», zehaztu du arduradunak. Bigarren xedea Emausen filosofiari, ingurumenari, dagokio. «Kalitatezko produktu ekologikoak ekoitziko ditugu». Horrek nekazaritza ekologikoa bultzatzea eta sustatzea ekarriko duela uste baitute. Etxebarriak gaineratu du irabazi asmorik ez duen proiektua dela ortua. «Gure jomuga ez da etekin ekonomikoa lortzea edo nekazari txikiekin lehian ibiltzea».
Guztira, hogei kide inguruk lan egingo dute baratzean. «Printzipioz hamar gizon eta hamar emakume etorriko dira». Osakidetzatik doazenekin tailerrak egingo dituzte. Aitzurra eskutan hartu eta barazkiak landatu, haiek ureztatu eta uzta jasotzeko ardura edukiko dute gainerakoek: «Ezaugarri ezberdinak dituzten jendea bilduko denez, bakoitzak bere eginbeharra izango du». Gauzak horrela, hainbat langilek soldata jasoko dute hilero. «Lan hitzarmenik ez dutenek ez dute ordain ekonomikorik izango», gaineratu du.
Urte bukaerarako martxan
Lehendabiziko barazkien hazia landatuta egon arren, baratzea martxan jartzeko «gauza asko» falta zaizkiela dio Etxebarriak. «Orain berotegiak jartzen gabiltza eta ur putzua ere jarri behar dugu». Horregatik, hilabete batzuetako lana badute. Hala ere, azarorako guztia prest edukitzea espero dute, eta abendua aldean lehen uzta jasotzea.
Bioeskolako barazkien aurreneko bezeroak parke teknologikoko langileak izango dira. «Guk saskietan salduko dizkiegu produktuak bertakoei». Etekin asmorik gabeko egitasmoa den arren, gastuei aurre egiteko dirua behar dute. «Haziak erosi behar ditugu, eta hainbat langileri soldata ordaindu behar zaie. Horregatik ez dira doan banatuko». Hala ere, ekoizle eta kontsumitzaileen artean bitartekorik ez egoteak produktua merkeago lortzea ekar lezake.
Epe ertainera begirako xedea ortua martxan jartzea da. Baina, etorkizunean beste esparru batzuetan lan egitea ez dute baztertzen. «Barazkia hazi txiki bat da, gero handi egingo da. Agian, azoketara joan gaitezke, edota loreekin lan egin dezakegu. Baita txerriekin zein oiloekinere». Baina, horretarako, ezinbesteko baldintza bat bete behar dute: «Ingurumenarekin harremana duten gaiak lantzen ditugu. Orain arte bizikletak maileguan jarri ditugu, aurrerantzean ere horrela izango da».
Helburu ugariko baratzea
Emausek ortu berria jarriko du martxan datozen hilabeteetan. Gizartean baztertuak dauden eta buruko osasunari dagokionez laguntza jasotzen duten kideek lan egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu