'Hegoaldearen bide buruan Iparralde'

Euskal Herria besarkatzen duen Iparra Hegoa kultur ekitaldiak 25 urte beteko ditu aurten. Urruñako eta Segurako musikarien arteko topaketa natural hura hilabete luzeko egitarau joria bilakatu da gaur egun. Bereizketa administratiboaren gainetik, egunerokotasunean elkar ezagutzea dute xede.

Bestaz harago, adin guziendako ekitaldiak antolatzen dituzte. Kasurako, haurren ibilaldia mandoz. LIERNI ELORZA.
Ainize Madariaga
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun

«Ekiaren ekialdean Ekialde. Sortaldearen sartaldean Mendebalde. Hegoaren bide buruan Iparralde. Eta ni bideen artean lau haizen jabe», idatzi zuen Mixel Etxekopar musikariak Ederlezi pastoralerako. Iparra Hegoa, Seguran (Gipuzkoa) ospatzen den ekinaldia, bidegurutze horretan kokatzen da, bete-betean. Preseski, badira 25 urte musikaren eta kantuaren zirimolak baltsean jarri zituela Segura eta Urruña (Lapurdi). Harrezkero, kurritu duen bide luzean, branleak nola, Euskal Herri osoko esku franko bildu ditu dantzara: urteroko erreferentziazko ekitaldi kulturala bilakatzeraino.

«Irudia begian dut beti: gure txarangarekin Baztandarren Biltzarrera joan ginen, 1994. urte hartan. Ondoan jarri zen talde bat, luzaz, guri so. Urte berean, Nafarroa Oinez Altsasun izan zen, eta hor lauzpabortz orenez aritu ginen elkarrekin kantuz. Horrela hasi ginen egun-pasa, trukatzen, Segurako txaranga eta gurea, Urruñako Kuxkuxtu. Poliki-poliki, zerbait gehiago nahi genuela ohartu ginen», oroitu du Beñat Elizondok, Iparra Hegoaren sortzaile lapurtarrak.

Hortik aitzina, asteburuko ekitaldi kultural izatea proposatu zioten beren buruari, eta, gerora, bestaz harago, kultur astea. Ongi gogoan du Xabier Albizuk, elkarteko bertze sortzaile gipuzkoarrak: «Iparraldea ez dugu ezagutzen Hegoaldean; beraz, haren ispilua izan behar zuen aste horrek». Izpiritu berean segitzen du elkarteko belaunaldi gazteak ere, Idoia Lopetegi kide gipuzkoar gazteak argitu duenez: «Ez genuen haien [Iparraldekoen] eguneroko bizia ezagutzen, haien egoera euskaraz hitz egiteko, lanak, antolaketa, etxea, zer esan nahi duen espainiar edo frantses estatuaren barnean egoteak... Beharrezkoa da ezagutzea zer aldatu nahi dugun, baina baita zerk elkartzen gaituen ere: hau posible egiten duena euskara da».

Aste horretan, hitzaldi eta eztabaida «sakonak» antolatzen dituzte Seguran urtez urte, Lierni Elorza ekinaldiko aspaldiko kideak azaldu duenez: «Beti ardatz hartuta herri hau egiteko elkarrekin zer egin daitekeen».

Eneko Bidegain hitzaldien antolaketan parte hartzen duen kide lapurtarrak azaldu duenez, «hondar urteotan Euskal Herriaren artikulaziorako mintzaldiak proposatzen ditugu, herria ehuntzeko. Kontsumorako hitzaldiak baino gehiago, ekimenerako eta parte hartzeko hitzaldi motak dira». Aurtengo edizioa urtemugak berezi egiten duela azpimarratu du Bidegainek: «Ehuntze horretan aritu diren topaketen topaketa bat egin nahi dugu: herrien arteko senidetzeak —Aiherra eta Antzuola, Iparraldearen astea...—. Esperientzien berri emanen diogu elkarri».

«Euskal Herriaren muga administratiboaren gainetik», iaz abiatu zuten Euskal Herriko gida, Idoia Lopetegi kide gazteak azaldu duenez: «Euskal Herrian turismoa egiteko, zailtasunak ditugu hizkuntza aldetik, ez baitakigu non hartuko ote gaituzten euskaraz. Erraztu nahi dugu eguneroko mugikortasun hori, jakiteko non topatu euskaraz dakien farmazia, okindegia...». Momentuz, gida hori nola erabili erakutsiko dute; izan ere, 2021erako martxan izatea espero baitute.

Hegoaren hegal bustiak

Hegoak euria dakarren gisa berean, segurarrek eta urruñarrek erein haziak zuhaitza ekarri du: duela 25 urte Seguran (Gipuzkoa) landatu zutena Itsasuko (Lapurdi) gereziondo ederra bilakatu baita egun; ekinaldiaren sinbolo fierra. Albizuk azpimarratu du zein ziren eta diren elkartearen funtsak: «Hegoaldeko nahiz Iparraldeko harremanak sendotzea, kultura ohiturak trukatzea, hurbilpen guneak sortzea eta Euskal Herria osatzeko bidean laguntzaile izatea».

Hain zuzen ere, helburuek ez dute gaurkotasunik galdu: «Helburuak kuantifikatu egiten dira askotan, baina gu ez gabiltza eskema horretan: gu kalitatean gabiltza. Orain 25 urte geunden lekuan eta elkarren artean geneukan distantzia eta diferentziak begiratuta, salto kualitatibo handi bat eman dugula esan liteke lasai. Baina bidea oso luzea da, ez da karrera bat».

Elorza kritikoago agertu da. Izan ere, Iparra Hegoaren ekarpenari garrantzirik kendu gabe, oraindik egiteko dagoenak kezkatzen du: «Oraindik askoz ere gehiago lortu beharko litzateke, ez bakarrik Iparra Hegoa-tik: gure herri honen joan-etorriak erraztu beharko lirateke, eta urrun ikusten ditut. Benetan eta garbi bi herrialdeen menpekotasun ikaragarria dugu, eta goitik eraikitako gizarte horrek mugatzen gaitu». Horretarako, «mugikortasun nazionala» eguneroko arlo guzietan erraztu beharko litzatekeela erantsi du: jaiotzatik beretik gurasoek haurrak nora eramaten dituzten aisialdi guneetara, eskolara, unibertsitate edo lanbide heziketara, gero lantokia...

Bidegainek bat egiten du ikuspuntu horrekin; elkartearen ekarpena «behar-beharrezkoa» eta erreferentzia bilakatua dela badio ere, ohartarazi du ez dela iraultza bat: «Gure harria ekartzen dugu, baina milaka behar dira».

Zubi lan horien karietara, gereziondoa ez, baina bai Itsasuko sagarrondoak zituen Baionako Etxepare lizeoa eta segurarren arteko harremana errotu. Duela hiru urte, Seaskako lizeoaren aldeko sagarrondoen salmentaren kanpaina kari, ikasle-irakasleak Seguran gertatu ziren, preseski, Iparra Hegoa ekinaldia izan bitartean. Hain zen «ongi» pasatu, non kanpaina behin bururaturik «zerbaiten falta» sumatu baitzuten, Pello Aranzabal lizeoko hezitzaile eta ateraldiaren bultzatzaileak oroitu duenez: «Batzuek deskubritu zuten Hegoaldean ere bazela Euskal Herri bat; pedagogikoki ere asko ekarri zien: auzolanean eraikitako besta guztiz euskaldun eta parte hartzailea ikusi baitzuten». Orduz geroztik, Iparra Hegoaren egitarauaren barruan, martxoan hiru egunez doaz 50 bat ikasle Segurara. Ez doaz esku hutsik: ikasleek berek kudeatutako ikusgarria daramate. Egonaldian, Segura bisitatzeaz gain, Lazkaoko artxibategia eta Irizar eta CAF lantegiak ere ezagutuko dituzte. «Etorkizuna nahiko oparoa ikusten diot», erran du Aranzabalek.

Adarrez adar, egun-pasa abiatu zen ekitaldia kasik bi hilabetekoa bilakatu da gaur egun. Hain zuzen ere, Iparra Hegoa-tik sortu zen Euskal Herriko Mus txapelketak abiatu baitu hilabete honen hasieran egitarau zabala. Bukaera, berriz, apirilaren 25ean izanen da, Baionako Estitxu Robles Arangiz kolegioko ikasleak Bilbora eginen duten ateraldiarekin. Azken horrek eta Zaldibian (Gipuzkoa) jadanik eman duten antzerkiak eta Larresoron iragan asteburuan antolatu duten egunak hausnarketak ekarri dutela esan du Lopetegik: «Iparra Hegoa indartzen ari da, eta hori oso aberasgarria da, baina beldurra dugu handitu ahala bere izaera galduko ote duen. Orduan konturatu ginen gure helburua ez dela Segurako aste hori handitzea, baizik eta Euskal Herrian zehar horrelako ekitaldi gehiago zabaltzea». Horretarako deia egin du: «Benetan oso aberasgarria da, laguntzeko prest gaude».

Harri bat uretara jaurtitzeak sortzen dituen uhinen gisan, Iparra Hegoak ondorioak ekarri ditu: Goierriko, Ziburuko eta Urruñako ikastolen sorrera bultzatu baitu elkarteak, bai ere «jaialdi potoloa» antolatzea Urruñan eta Ordizian, Albizuk erran duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.