Hegoak etorkizunera zabalik

Gasteizko Heraclio Alfaro aerokluba bere jarduna berrabiatzeko bidean da, azkeneko hiru urteetan hainbat arazori aurre egin ostean. Forondako aireportua egoera zailean dagoen bitartean, aeroklubak hura erabiltzeko aukera izango du, ordutegi mugatuan bada ere.

Aeroklubera joandako hegazkinak, uztailaren 18an egindako jarduera batean. HERACLIO ALFARO AEROKLUBA.
Gasteiz
2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ekaitzaren ostean beti barea datorrela esan ohi da. Gasteizko Heraclio Alfaro aeroklubeko kideak, arnasa hartu, eta etorkizun baretsu batera begira jarri dira jada, hiru urte gorabeheratsu izan ondoren. Turbulentziak 2012. urtean hasi ziren, Espainiako Gobernuak Forondaren gastuak jaisteko neurriak hartu zituenean —aireportua soilik gauez irekitzea erabaki zuen—; harrezkeroztik, aeroklubak garai latzak izan ditu, eta kideek behin baino gehiagotan zaila ikusi dute bizirik irautea.

Uztailaren 28an, eta AOPA-Spain Espainiako Pilotuen eta Aireontzien Jabeen Elkartearekin batera, aerokluba AENAko (Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa) bulegoetan bildu zen Julian Camara III. Taldeko aireportuen zuzendariarekin; talde horretan, urtean 500.000 bidaiari baino gutxiago hartzen dituzten aireportuak sartzen dira, Forondako aireportua, kasurako. Bileran, Camarak proposamen bat egin zien aeroklubeko kideei: aireportua erabiltzeko, 35 ordu jarriko zituen aeroklubaren eskuetan, kideek ordutegi bat osatu ahal izateko. Horrekin batera, esan zien abian zirela langileak kontratatzeko prozesuak. Eskaintza horri erantzunez, aeroklubak ordutegien banaketaren proposamena egin zion AENAri, eta orain «xehetasun batzuk lantzea» baino ez da falta, aeroklubaren esanetan.

Bilera hori Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak ekainean iragarritako neurrien harira iritsi zen. Pastorrek esan zuen aldatu egingo zela abiazio pribaturako, aerokluberako eta abiazio eskoletarako Forondako ordutegia, goizeko zortzietatik arratsaldeko lau eta erdietara bitarte, baina ez zuen iragarri zer egunetan jarriko den indarrean aldaketa hori.

Ministroak, halaber, adierazi zuen Forondak gaur egun duen ordutegia —arratsaldeko zortzi eta erdietatik goizeko zortzi eta erdietara, astean bost aldiz— «egokiena» zela aireportuaren trafiko eskaria betetzeko, eta ez ziola «inolako oztoporik» jartzen aireportuaren jardunari. Horrekin batera, Pastorrek ohartarazi zuen Espainiako Gobernuak ekinbideak jarri izan zituela martxan, Forondaren moduko aireportuen egoera ekonomikoa hobetzearren, eta ekinbideokin «pozik» zegoela, Forondaren hobekuntza ekonomikoak «aski onak» zirela uste baitzuen.

Gasteizko Heraclio Alfaro aeroklubekoek, baina, ez zuten ministroaren eskaintza begi onez ikusi. Eskatzen zutenaren kontra egiten zuen erabakiak, eta ezinezkoa izango zuten beren zaletasuna praktikan jartzea, ordutegi horietan hegan egin behar bazuten.

Aurrera egiteko ahaleginez

Azken hiru urte hauek nahiko malkartsuak izan dira aeroklubarentzat. Orain dela hiru urte hasi zen afera, Espainiako Gobernuak aireportuen aurrekontu defizita jaisteko araudia indarrean jarri zuenean. Neurri horrekin, zenbait aireporturen kostuak murriztu nahi ziren. Defizit handienetakoa zuen aireportua zen Foronda, trafiko komertzialaren eskasiari lotua. «Neurri horiekin, gobernuak aireportuko jarduera guztia makaldu zuen». Hala azaldu ditu aeroklubeko garai hartako presidente Pedro Gorospek (Iruñea, 1962) orduan ezarri ziren neurrien ondorioak. Zeuzkaten hiru irakasleetatik bi kendu behar izan zituzten, eta bazkide askok kluba utzi behar izan zuten: «Lehen 65 bazkide ginen, eta 900 bat orduz egiten genuen hegan urtean; 300 bat bazkide zituzten klubek baino ordu gehiago. Orain, 45 kide gara, eta azken urtean 50 ordu egin ditugu soilik».

Aerokluba irabazirik gabeko taldea dela ohartarazi du Gorospek: «Dirua hegazkinak konpontzeko erabiltzen dugu, noski, baina ez dugu aldarte sozial hori galdu nahi». Eta helburu hori lortzearren, askotariko laguntza eman izan du aeroklubak: «ONCE itsuen elkartearekin kolaboratu dugu; ume gorrak eraman ditugu aireontzietan; minbizia zuten umeak ere bai». Gorospek argi dauka: «Ez ginen eta ez gara soilik irabazi ekonomikoak nahi dituen enpresa bat».

2014an, gobernuak aireportua kirol abiaziorako erabiltzea ahalbidetu zuen, errege dekretu bidez, «erabilera mugaturako» utzita. Erabilera mugatu hark kirol abiazioa praktikatzeko modua ematen zuen, aireportua publikoari itxita zegoenean. «Askeagoak ginen, bai, baina ez ziguten kartzelako atea parez pare ireki», adierazi du.

Legea «Europak derrigortuta» egina zegoen, baina ez zitzaion behar bezalako trataera eman. Espainiako Gobernuak «aplikatu ez zuen legedi bat» sortu izanaz kexu da Gorospe: «Castellon bezala egin zuten; lurreratzeko gunea prestatu zuten, baina ez zuten lortzen han lurreratuko zen hegazkinik».

Gaia bere hartan utzi zen ordutegiaren aldaketa iragarri zen arte. Ministroaren adierazpenen ostean, berriro galdetzeko aukera egon beharko zen, «gaian sakontzeko», baina arazo bat zegoen: «Inork ez zekien horri buruz hainbeste, ministroari galdera oso zehatzak egin ahal izateko», azaldu du aeroklubekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.