Hego Tirolgo RAI Euskal Herriari buruzko erreportaje bat egiten ari da

'Minet' saioan emango dute, italieraz, alemanez eta ladineraz. Lehen aldiz izan dira Euskal Herrian

Hego Tirolgo RAIko Christine Helfer eta Agostino Fuscaldo, Andoainen, atzo, BERRIAko erredakzioan. JON URBE / ARP.
urtzi urkizu
Andoain
2016ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
RAI Radiovelevisione Italiana Italiako irrati eta telebista talde publikoak lurralde zentro bat du Hego Tirolen, Bolzanon, 1988. urtetik. Hainbat saio egiten dituzte, gehienak kulturari lotuak, hiru hizkuntzatan: alemanez, italieraz eta ladineraz. Minet saioan eremu urriko herrialde eta kulturen inguruko erreportajeak ematen dituzte, eta hilaren 17an Euskal Herriari eskainitako atala emango dute. Christine Helfer kazetaria eta Agostino Fuscaldo kameraria lau egunerako etorri dira Euskal Herrira, elkarrizketak grabatzera. Helferrek azaldu duenez, programan aritu izan dira Euskal Herriari lotutako gaiez, baina lehen aldia da hona etorri direla grabazioak egitera.

Helferrek Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria elkarrizketatu zuen atzo Andoainen (Gipuzkoa), egunkariaren erredakzioan. Ondorengo egunetan, Izaskun Goienetxea gazte mugimenduko kidea, Eduardo Ruiz Vieytez Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendaria elkarrizketatuko ditu. «Goienetxeak euskal gazteriaren ikuspuntua emango du; gatazka politikoaren inguruko ikuspuntu interesgarria emango digu», esan du Helferrek. «Ruiz Vieytez, berriz, aditua da eremu urriko herrialdeen eskubideetan».

Euskal Herriaren aberastasuna jasotzen ahaleginduko dira erreportajean. «Euskal Herriko egoera soziopolitikoa zertan den jasotzen saiatuko gara. Euskarak izan duen bilakaera ere aztertuko dugu», azaldu du kazetariak. «Kultur gaiez ere ariko gara».

Ladineraz bertsio laburtua

Hamabi urte baino gehiago dira RAIk Minet saioa egiten duena. Hego Tirolgo 300.000 biztanlek dute telebistaz ikusteko aukera, baina Internet bidez ere ikus daiteke www.minet-tv.com webgunean. Saioko aurkezlea Christina Khuen da —elkarrizketak egiten ditu estudioan—, eta zuzendaria, Peter Paul Kainrath. Helferrek editore lanak egiten ditu, eta nabarmendu du saioaren bertsio laburtu bat ladineraz eskaintzen dutela. Erretorromanieraren dialekto nagusi bat da, erromantxerarekin eta friulerarekin batera. Italiako ipar partean, Dolomita mendien inguruan hitz egiten dute 40.000 herritar inguruk. «Gardena eta Badia haranetan hitz egiten da bereziki. Inguru horietako ikastetxeetan hiru hizkuntzatan ematen dituzte eskolak, italieraz, alemanez eta ladineraz, ezberdintasunik gabe», azaldu du Helferrek. Ladineraren bi aldaera dituzte bi haranetan: «Arazoa da bi haran horietatik kanpo ladinera ez dutela babesten beste inon».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.