Hego, hegape eta hegaldiak

Juneren Hegoak elkarteak hamar urte bete ditu. Erakusketa bat jarri dute Errenterian, orain arte egindako ibilbidearen errepaso gisa: 'Hamar urte mundua aldatzen'.

Juneren senitartekoak eta lagunak, inaugurazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Errenteria
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Presentzia bihurtutako absentzia bat. Bi begi urdin-berde argazki baten bestaldetik begira: June Sanchez Tolaretxipirenak. Emozioak panel, eta panelak emozio. Doluaren krisalidan sortutako tximeleta ederrak. Eta haien hegoak, hegapeak eta hegalkadak. Juneren Hegoak gobernuz kanpoko erakundeak hamar urte bete ditu, sortu zeneko leloari segika: Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake. Hortik dator erakusketaren izena: Hamar urte mundua aldatzen.

Hamazazpi paneletan bildutako bizipenak, malkoak eta irribarreak. Boluntarioen gorazarreak eta babesleen hegapeak. Juneren Hegoak elkartea 2013an sortu zuten, Errenterian (Gipuzkoa), 2 urteko haur bat (June Sanchez Tolaretxipi) minbiziarekin hiltzeak dakarren bihozmina indar bihurtuta. Sare bat, familiak babesteko: elbarritasunen bat duten haurrak dituztelako, adingabeen dolua jasaten ari direlako, edo zaurgarriak direlako. Haien bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta, Juneren Hegoak elkarteak 59 familia artatu ditu hamar urtean, 118 boluntarioko sarea josi, 86 ekitaldi antolatu eta 287.000 euro baino gehiago baliatu bere jardueretarako —Eusko Jaurlaritzak onura publikokotzat jo zuen 2020an—.

«Ez da erraza hamar urteotan bizitakoa laburbiltzea», onartu du Yolanda Martin Juneren Hegoak elkarteko boluntarioak, baina horretan hasi da Errenteriako Xenpelar Etxean jarritako erakusketan barrena. Iritsi da lehen panela: «Oso gogorra izan zen hura. Oraindik ere hunkitu egiten naiz. Karlos, Juneren aita, nire senarraren kuadrillakoa da. Oso gertutik bizi izan genuen dena. Egia esango dizut: nire alabak Juneren arropa eramaten zuen». Azaldu du nola hasi zen June gaixotzen, minarekin, negarrez... «Bai, horko hori da bera, begi urdin-berdeak dituena», esan du argazki bat seinalatuz. «Gauza asko konpartitu genituen, eta ahal genuen moduan kudeatu genuen egoera».

Hura dena gertatu baino lehen ere hitz egiten zuten lagun taldean mundua aldatzeko edo hobetzeko sor zezaketen elkarteren bati buruz. «Horretan ari ginen, eta, bat-batean, June hil zen. Hil ostean egindako elizkizunean, gainezka egin zuen elizak, eta apaizak berak esan zien Karlos eta Amaia gurasoei: 'Hemen dagoen energia guztiarekin zerbait egin behar duzue'». Hilabete gutxira sortu zuten elkartea, eta Martinek gogoan du euren lehen proiektua: «June ospitalean zegoen garaian, gurasoek beste familia bat izan zuten alboan, ama bakarrekoa: haur jaio berri bat zeukan, Moebiusen sindromea zeukana. Konturatu ziren ama hura bakar-bakarrik zegoela ospitalean. 'Hau nola da posible?' esan zuten, eta, June zaintzen zuten bitartean, txandak egiten hasi ziren beste haur horrekin ere egoteko». Orain, Juneren Hegoak elkarteak ematen die babes hori halako familiei.

Hurrengo panelak laburbiltzen du haien izaera: «Ateak beti zabalik, tximeleten hegalak bezala, besarkadak ematen dituzten besoak bezala». Atzamarrak agertzen dira argazkietan, eta haiei goxo oratutako eskuak. «Esperientzia oso ederrak eta gogorrak izaten dira», azaldu du Martinek, hunkituta. Gogoratzen ditu haurrak eta gurasoak, izenez. «Txikitxo hau joan egin zitzaigun», esan du panel batetik besterakoan. «Hau ere bai», hurrengora bidean. «Honi buruz, esaten zuten ez zuela hitz egingo, ez zela ibiliko, eta inaugurazio ekitaldian gurekin izan zen, hizketan eta oinez».

Haurrak ageri dira paneletan, gurasoak, boluntarioak, kalean antolatutako ekitaldiak, kirolariak, aktoreak, abeslariak, musikariak, beste elkarteetako kideak... «Pandemiaren ostean, badago krisi moduko bat. Gobernuz kanpoko erakunde gehienak hala dabiltza, baina familiak hor daude, eta boluntarioek ere eusten diote. Urte hau berezi samarra da, urteurrenarekin ari garelako bete-betean, eta ez delako erraza balorazioak egitea horrela. Baina jendeak elkarrekin egoteko gogo handiagoa dauka, eta familiek hori eskatzen digute».

Panel zuri bat

Hamar urte bete dituzte, baina ez daude geldirik egoteko. Jarraituko dute urteurrena ospatzen: Errenteriako jaietan, txupinazoa botako dute; irailean, pintxo-pote solidarioa egingo dute; urrian, Juneren Hegoak Eguna; eta, azaroan, June Sanchez Tolaretxipi beka emango dute laugarrenez, haurren minbizia ikertzeko —dirua biltzeko kanpaina bat eginda lortu dituzte horretarako 3.000 euroak (www.junerenhegoak.org)—.

Horregatik da horren berezia erakusketako azken panela: hutsik dago, zuri. Eta oharrak zera dio: «Hemendik irteten zarenean, alde egiten duzunean, erakusketa ez da amaitzen. Hemen geratzen da, areto honetan. Ez da amaitzen, beti geratzen delako azken panel zuri hau proiektu eta pertsona berriekin betetzeko zain. Hutsik utziko dugu, hartan zure laguntza marrazteko aukera izan dezazun. Ez adiorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.