Egun Motelak kolektiboko kideak

Markel Flores eta Nagore Txibite: «Hegemonikoak ez diren taldeendako espazio bat sortu nahi dugu Iruñean»

Urtarrilean aurkeztu zuten Egun Motelak musika kolektiboa. Kontzertu autogestionatuak egitea dute helburu, musikarien baldintza prekarioak «hobetuz», bide batez.

Egun Motelak kolektiboko Markel Flores eta Nagore Txibite. AITOR KARASATORRE / FOKU
Egun Motelak kolektiboko Markel Flores eta Nagore Txibite. AITOR KARASATORRE / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Lagunartean otu zitzaien proiektua, eta, bakoitzak bere gustuak dituen arren, «indibiduoen kolektibotzat» dute euren burua. Musika talderen bateko kide dira gehienak, eta hainbat diziplinatan iaioak denak. Markel Flores (Iruñea, Nafarroa, 1993) Hiuzz taldeko kidea da, eta Nagore Txibite (Aos, Nafarroa, 1999), berriz, artista plastikoa. «Espazio seguru bat» izan nahi dutela azaldu dute.

Zein da zuen bokazioa?

MARKEL FLORES: Iruñean hain hegemonikoak ez diren taldeendako espazio bat sortzea eta musikarien baldintzak hobetzea, prekaritatea ez elikatzea.

Pentsatu duzue talde gisa zerbait produzitzea?

FLORES: Kontzertuak antolatzea da gure plana oraingoz, baina etorkizunean agian… Komentatu izan dugu fanzine bat egitea, diskoak editatzeko zigilu bat sortzea ere bai… ikusiko dugu.

NAGORE TXIBITE: Beste formatuak ere aztertzea, pintxadak antolatzea adibidez.

Nortzuek osatzen duzue kolektiboa?

FLORES: Zortzi edo bederatzi pertsona gabiltza. Musikariak gara gehienak, Tatxers, Melenas, Gramma, Borla eta Hiuzz taldeetakoak, baina ez soilik.

TXIBITE: Ni artearen esparrutik nator.

Estiloak batu zaituzte?

TXIBITE: Bai, gustu antzekoak ditugu, eta gure estiloko talde horiek ikusi nahi ditugu Iruñean, beraz…

Zein da zuena?

FLORES: Ba, goitizena jarri digute: Concilio de Modernos [barrez]. Guaia da. Baina ez dut uste horren modernoak garenik.

TXIBITE: Itoizen soinua duen talde bat modernoa da? Ez dakit. Poperoagoak gara... Indibidualki modernoak, baina kolektibo gisa… bakoitzak bere gustuak ditu.

FLORES: Postpunka ere modan jarri da azkenaldian, kolektiboan ere bai, eta gustuko dugu, baina berez ez da modernoa.

Lehengo joerak berreskuratzea modernoa bilakatu da?

FLORES: Vintage eta mugida hori, bai. Oso garaikideak gara, momentuan bizi gara, eta ez gara ezeren abangoardia.

TXIBITE: Denetarik egon behar da. Gu gara Iruñean dagoen profil hori; ez dakit garen modernoak, poperoak…

Itoiz taldearen Egun Motela abestiaren omenez jarri diozue izena kolektiboari. Identifikatuak sentitzen al zarete kantaren mezuarekin?

TXIBITE: Beno, egia da oso lasaiak garela [barrez]. Lasaiegiak agian.

FLORES: Sofa profila guztiz. Izenaren bibrazioak pegatzen digu: «Egun motelak».

Iragan urtarrilaren 27an aurkeztu zenuten proiektua. Nola joan zen?

TXIBITE: Super ondo. Jende asko etorri zen eta eroso egon ziren, nik dakidala.

FLORES: Sortu zen giroa izan zen guaiena. Oso sanoa, harro nago.

Zenbatero eginen dituzue kontzertuak?

TXIBITE:  Urtean lauzpabostetan.

Nor gustatuko litzaizueke ekartzea?

TXIBITE: Sei Sega, EZEZEZ…

FLORES: Taldetzarrak! Ez dugu egin nahi mugida endogamiko bat, baina tarteka agian kolektiboko talderen batek jo lezake… Saiatuko gara gure antzekoak diren bertako taldeak ekartzen.

Euskal Herrira mugatuko zarete?

FLORES: Lehendabiziko taldeak hemengoak izan dira, baina ez ditugu ateak ixten.

TXIBITE: Agian [Espainiako] Estatuko edo nazioarteko talde bat Euskal Herrira etortzen bada, hori probestu, eta erakar ditzakegu, haien anfitrioi izateko.

FLORES: Bertako beste kolektiboekin ere egin daiteke zerbait, saretu edo. Hori bai, gutxienez Iruñerriko talde edo DJ bat egotea da gure marra gorria, gure musika eszena ere sustatzeko.

Non gustatuko litzaizueke hurrengoa antolatzea?

BIEK: Burlatako gaztetxean. Espazio potenteena da. l

lotsabako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.