Plaza giro

Hegaztien luxuzko hotela

Hegaztien bizilekua eta babeslekua da Plaiaundiko Parke Ekologikoa; bi kilometroko ibilbidean zehar, hain ohikoak ez diren hegaztiak ikus daitezke.

Plaiaundiko Parke Ekologikoko urmael gezetako batean, basahateak atseden hartzen. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Irun
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako zalapartatik babestuta dago Plaiaundiko Parke Ekologikoa. Herri horietatik gertu, oso gertu dago, metro eskas batzuetara. Behin hara sartuta, beste mundu batean balego bezala sentitzen da bat. Pasadan, migrazioan dabiltzan hegaztien geralekua da. Bost izarreko hotela. Hegaztiez gain, beste animalia askoren eguneroko bizitokia ere bada. Narrastiek, sugandilek, arraintxoek eta igelek ere badute lekua Plaiaundin. Haien bakea hausteko asmorik gabe, isil-isilik abiatu behar da bi kilometroko ibilbidean. Isiltasun horri leial izanda bakarrik, mota askotako hegaztiak ikustea izango du saririk handiena bisitariak.

Alde batera eta bestera landaredi oparoa ikusten da. Garrantzitsua da flora aniztasuna hegaztiak euren erreinuan bezala sentitu daitezen. Urmaelak ere ezinbestekoak dira. Lau daude guztira: bi ur gazikoak eta beste bi ur gezakoak. Gerturatzen den bisitariak urmael gezak ikusiko ditu lehendabizi. Bi urmaelak artifizialak dira, baina hori ez da arazoa. Hegaztiak etxean bezala sentitzen dira. Lertxuntxo txikiak, basahateak, txilinportak, kaioak... daude lehen urmaelean. Batzuk uretan, eta besteak harri gainean, eguzkipean, epel-epel, goxo-goxo. Urria izan arren, udako beste egun bat dirudi Plaiaundin. Eta han daude, urrunean, Hondarribiko elizaren kanpandorrea eta Guadalupeko ermita.

Arreta erakartzen du urmaelaren erdi-erdian dagoen kamerak. Segurtasun kamera dela pentsa dezake batek, baina ez. Interpretazio etxean dauden telebistetan hegaztiak gertutik ikusteko jarritako kamera da. Haien mugimenduak gertu-gertutik jarraitzeko kamera. Baina benetako harridura, naturgunearen erdi-erdian dauden kirol instalazioek sortzen dute. Atletismo pista, futbol zelaia, harmailak... Ez datoz bat hango ingurunearekin.

Pixka bat aurrerago dago parkeko benetako altxorra, Itzaberri padura naturala, bere lofitoekin. Itsasbeheran lohiez betetzen da, eta han egoten dira beltxargak, ahateak, eta gainerakoak lokatz artean. Badute nora begiratu, zeri so egin. Eskuinean, Hondarribia bere aireportu eta guzti; parean, Hendaiako itsas portua, eta ezkerrean, Irun. Urrunean, Jaizkibel. Txingudiko badia da. Jaizubi errekaren eta Bidasoa ibaiaren urek bustitako badia. Ezker-eskuin ikus daitezke Irungo Renfeko geltoki erraldoia eta Hondarribiko aireportu zaratatsua ere.

Eguraldi txarrarekin, hegazti gehiago

Eguraldia da hegaztiak parkera gerturatzeko eragileetako bat. Askok hala ez uste izan arren, egun euritsuek ematen dute hegaztiak parkean ikusteko aukera gehien. Geldialdia egiteko aitzakia dira. Egun eguzkitsuetan, halere, era askotako hegaztiak ikus daitezke. Urria da, migrazio garaia, eta bertan daude atseden hartzen lertxun handiak eta lertxun hauskarak. Parkeko izar handiak dira, ez baitute bertan ostatu hartzen askotan. Hegoaldera doaz, bero eta jan bila. San Lorentzoko urmael gazian daude, Jaizubiko errekaren ondoan.

Bidean lau behatoki daude. Hegaztiak ahalik eta gertuen ikusteko asmoarekin eraikitako txabola txikiak dira. Bidean bi dorre ere badaude, hegaztiaknola iristen diren ikusi nahi dituenarentzat. Ordubeteko ibilaldiaren ostean, interpretazio zentroan dauden panel informatiboek ikusitakoa hobeto ulertzen laguntzen dute. Gozatzeko eta ikasteko aukera dago Plaiaundin. Igandean, gainera, Hegaztien Nazioarteko Eguna ospatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.