Gizakiaren bortz zentzumenak ez dira aski besarkatuko duten haize, hezetasun eta hotz-beroen agendak diseinatzeko. Eguraldiaren iragarpena ez da gehiago erran zahar herrikoien meneko, ez ere senak gidatua edota enpirikoki bideratua. Fidagarritasunaren agorrak akuilatu izan ditu ikerlariak jakitate ziurragoaren egarria iturri emankorragoetatik asetzera.
Atmosfera alor konplexua da, eta Lurraren azalera osoarekin eta bere buruarekin tai gabe elkar-eraginean dihardu.
Eguraldiaren iragarpena egiteko, informazioaren jatorria askotarikoa da: estazio meteorologikoak, zunda meteorologiko manual zein automatizatuak, sateliteak, itsasontziak eta hegazkinak.
Alta, iragarpen meteorologikoak pairatu ditu COVID-19ak eragindako albo kalteak: munduko hegazkin garraioaren etenaldiaren ondorioz. Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) «kezka» adierazi du iragan maiatzaren 7an argitaratu duen prentsa txostenean: arranguratzen dute «behaketen eta iragarpen meteorologikoen kalitateak eta kantitateak, bai ere atmosfera eta klimaren zaintzak». Aviation Intelligence Performancek kalkulatu estatistikek diote hegazkin garraioa guneka %90 apaldu dela pandemia egoeraz geroztik: martxoaren 21az geroztik orain arte. Eta, horrekin batera, hegazkinek dakarten datu sorta garrantzitsua. MMEren arabera, merkataritza abiazioak berak bakarrik, egunero mundu osoko 800.000 datu igortzen ditu.
Onintze Salazar Euskalmet euskal meteorologia agentziako meteorologoak hala dio: «Datu-multzo garrantzitsua da hegazkinek ematen digutena: pentsa zenbat milaka hegaldi egoten den egunero mundu osoan [osasun krisitik kanpo]. Baina, ez direnez datu emaile bakarrak, haien hutsunea konpentsatzeko, zunda meteorologiko gehiago botatzen da, eta sateliteen datuez baliatzen gara». Preseski, iragan urtarrilean lanean hasi da Aelus satelitea. Badu, ordea, berezitasunik: tenperatura eta hezetasuna neurtzeaz gain, lehena baita haizeak ere hartzen dituena. «Eguneroko iragarpenetan hegazkinen datuak garrantzitsuak dira, baina ez dira ezinbestekoak. Hala ere, zenbat eta datu gehiago bildu, orduan eta hobeak izango dira eguraldi iragarpenak. Zenbateraino okertu diren ikusteko itxaron behar da; aztertu behar da. Teorikoki, pixka bat okerragoak izango dira».
Azpimarratu du berez lurreko estazio meteorologikoek dituztela neurketa hoberenak ematen; «Guk ehun automatizatua daukagu EAEn». Baina, toki guzietan ez daudenez, sateliteak eta zunda meteorologikoak dituzte baliatzen informazio osagarria kausitzeko. Baina, itsasoan ez dagoenez estazio meteorologikorik, itsasontziek eta hegazkinek dute garraiatzen bertako informazioa.
Afera da, bizitzako arlo gehienak bezala, datu bilketa ez dela homogeneoa planeta osoan: ez dira estazio meteorologiko guziak automatizatuak; manualak ere badira. Horrenbertzez, garapen bidean diren herrialdeek eguraldi iragarpen «txarragoak» egiten dituztela ohartarazi du Jon Saenz EHUko meteorologia ikerlari eta irakasleak: «Ez baitute guk Europan dauzkagun bezainbesteko ahalik egunero zunda meteorologikoak atmosferara bidaltzeko. Oso garestia baita horietako bakoitza jaurtikitzea: bi metro inguruko diametroa duen puxikak dira, helioz beteak. Eta helioa oso garestia da. Baita barruan daraman erabilera bakarreko materiala ere: termometroa, barometroa... Dirutza da. Malin, adibidez, ezin dute hori egin. Beraz, haientzat hegazkinek berebiziko funtzioa dute eguraldi iragarpenari dagokionez».
Zunda horiek irrati sistema bidez igortzen dute bertikalean bildu informazioa: posizioari, presioari, tenperaturari, hezetasunari eta haizearen abiadurari dagokionez. 15.000-18.000 metroraino igo daitezke zundak, datu bertikalak emateko. Altuerara behin iritsirik, daraman lehergailuak material guzia desegiten du lurrazaleko inor ez zauritzeko gisan. Haatik, ahal eskas lokalak arazo globala dakarrela azpimarratu du Saenzek: «Arazoa da: demagun Maliko uneko egoera atmosferikoaz ez dakiguna, bizpahiru egunen buruan Floridan egon daitekeela. Floridan jotzen duten urakanak beti hasten baitira Afrikako kostan, ekaitz xumea Atlantikoak indartzen baitu».
Datuen dantza
Datuak jasotzearekin ez da aski; balioa hartuko dute behin asimilatu, kalkulatu eta interpretatuak izanen direlarik. Jon Saenzek azaldu du datuen ibilbidea: «Hegazkinen neurketak zentro meteorologiko nagusietara pasatzen dira; prozesatu egiten dira, eta gero egiten da eguraldi iragarpena, ahalik eta onen. Hegazkinen datuek %10-20 hobetzen dituzte eguraldi iragarpenak. Hegazkinik gabe ere bizi gaitezke, baina Atlantikoan, eta are okerrago, Pazifikoan, inor ez da bizi; beraz, satelite, itsasontzi eta hegazkinek dituzte hango informazioak ematen».
Eguraldi iragarpena egiteko, lehenik momentuko egoera definitzen dute meteorologoek. Egoera hori denborarekin nola aldatuko den jakiteko, modelo meteorologikoez baliatzen dira, zeintzuek lurrazaleko eta atmosferako ahalik eta datu gehien behar baitute kalkulu matematikoak ahal bezain zehatzak izan daitezen. Onintze Salazarrek badu usaia prozesua manera dibulgatzailean azaltzeko: «Egungo egoera nolakoa den jakin behar da eguraldi iragarpena egiteko. Behaketa bidezko datu guztiak ordenagailuan sartzen dira, eta modelo meteorologikoak kalkulatuko du denborarekin nola aldatuko den egoera hori; hiru ordura, hiru egunetara... Epea luzatzean, fidagarritasuna apaltzen da. Normalean, lau eguneko iragarpena nahiko fidagarria da; hori da egunero egiten duguna».
Gillaume Sechet www.meteo-biarritz.com webguneko meteorologoa da, eta hari ere eragin dio hegazkinen behaketen datu kopuruen apaltzeak: «Hegazkinen daturik gabe, behaketa gutxiago dugu; beraz, atmosferaren simulazioak ez dira usaian bezain zehatzak. Altitudean den egoera meteorologikoak du determinatzen Lurreko eguraldia; horregatik dira altuerako datu horiek hain garrantzitsuak, zeinak, hain justu ere, hegazkinek baitituzte batez ere ekartzen». Hala ere, lasaitasunera deitu du: ez baita «hutsegite erraldoirik» izan pandemiaren garaiotan eguraldi iragarpenetan.
Kokapen kakola
Sechetek agerian utzi du eguraldi iragarpenak ez direla nehoiz %100 zehatzak, beti baitago errore tartea. Horri gehitu behar zaizkio Euskal Herria zaila egiten duten bi faktore. Alde batetik, trantsizio urtaroak; negu eta uda artean egote horrek, egunez egun gero eta beroago egiten duen horrek zailtasunak dakartza modelo meteorologikoetan. Bestalde, kokapen geografikoak Euskal Herria bakar egiten du. Hala xehatu du Sechetek: «Dagoen latitudean aire masa orokorrak mendebaldetik ekialdera mugitzen dira. Hala, itsasontzi eta hegazkin garraio gabeziak, Atlantikotik datu basamortua dakarkigu. Gainera, Pirinioetan pilatzen da ozeanoak dakarren hezetasuna. Onil baten gisakoa da. Hemengo klima zinez berezia da; horrek zailtzen du iragarpena. Aski da haizearen norabide aldaketa ñimiñoren bat iragarpen osoaren moldatzeko. Pirinioetatik haize idorra dator; itsasotik, berriz, hezea». Pirinioen kokapen manerak eta kostaren ebakitzeak du berezia egiten, meteorologoaren erranetan. Hezetasun guzia bertan metatzen da, eta horrek euri kantitate handia dakar: «2.000 mml/urtean: errekorra».
Egoera globalari dagokionez, berotegi efektuak ere nekezia dakar aroaren asmatzeko, «meteorologia modeloak nahasarazten dituzte, egoera meteorologiko ezezagunak sortzen baitira».
Hegazkinik gabe, biharko aroaz ezin fida
COVID-19ak eragindako osagarri egoerak albo kalte ugari ekarri ditu. Besteak beste, hegazkinen ibiliaren etenak eguraldi iragarpenak egiteko beharrezkoak diren behaketa datuen gabezia eragin du. Datu horiek gabe, eguraldi iragarpenak ez dira usaian bezain fidagarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu