Jaiak. Iruñeko sanferminak

Hegan egin dute

Pare bat une arriskutsu izan arren, ez da adarkaturik izan. Bi korrikalari ospitaleratu dituzte, kolpeen ondorioz.

Telefonicako bihurgunean, zezenetako bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Telefonicako bihurgunean, zezenetako bat. IÑAKI BERGARA / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2024ko uztailaren 9a
09:15
Entzun

Bi minutu eta 27 segundo. Hirugarren entzierroa orain arteko azkarrena izan da. Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek hegan egin dute gorabeheraz beteriko lasterketan. Cantaor izeneko zezena izan da protagonistetako bat, eta bestea, jendetza. Horren ondorioz, pare bat aldiz zezenek aurrean topatu dituzten lasterkariak jo dituzte, baina ez da adarkaturik izan.

Aldez aurretik ez dago gidoirik idatzita entzierroetan, baina gehienek patroi bati jarraitzen diote. Uztailaren 9koa ez da salbuespena izan. Ibilbidearen jakitun, joaldunek ireki dute taldea San Domingon, eta atzetik joan dira Victoriano del Rioko zezenak, multzoan. Begiradatxoak baino ez dituzte zuzendu alboetara, eta abiada bizian joan dira.

Mercadereseko bihurguneraino multzoan iritsi da taldea, joalduna gidari zutela. Bihurgunea ongi hartu dute zezenek, erori gabe. Estafetatik aurrera, beste lasterketa bat izan da. Taldea sakabanatu egin da. Abiadura apur bat galdu arren, zezenek azkar korrika egiten jarraitu dute, eta alboetara zegoen jendetzak erdigunea baino ez du utzi irekirik zezenak pasatzeko. Haiek, baina, aurrerantz jarraitu dute.

Erorketak izan dira tarte horretan, bai lasterkarienak, bai eta zezenenak ere, baina ez da ezer gertatu. Estafetaren amaiera aldera, ohikoa ez den zerbait egin du Cantaor zezenak. Bere eskuinerantz joan da, eta, kale garbitzaile baten modura, ingurua garbitu du. Arriskutsua izango zen bere horretan jarraituz gero, baina korrikalari batek, egunkaria eskuan, kale erdirantz zuzendu du berriz.

Telefonicako bihurgunean, ohi bezala, jendea pilatu da, eta, ezinbestean, Cantaor zezenak jendearekin egin du topo. Bere abiaduraren inertziaz, paretik kendu ditu. Zezenetako baten adarrak oso gertu izan ditu bertan, baina zortea izan du lagun.

Aurretik, hiru zezen eta joalduna zihoazen, eta plazara sartu aurreko aldapan, jada abiadurari eutsi ezin zion lasterkariak, bere eskuinerantz egin du, bertan zirenetako batzuekin egin du talka, eta orduan iritsi da zezen beltza. Adarrarekin jo du saihetsean, eta, inertziaz adarkatu zuela bazirudien ere, onik atera da.

Plazan, ukuilura bidean joan dira zezenak. Azkenari aurrean atera zaio lasterkaria, baina zezenak ez du hari ekiteko imintziorik egin.  

Bi lasterkari ospitaleratu dituzte, kolpeen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.