Hegaldi garbien iritsiera

Urdaibaiko paduraren erdigunean, hegaztiak behatzeko eta haiei buruzko bitxikeriak ikasteko aukera eskaintzen du Urdaibai Bird Centerrek. Udan egunero dago irekita.

Informazio taulen bidez jasotzen dituzte argibideak bisitariek. JON URBE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Gautegiz Arteaga
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Udako astearte goiz eguzkitsu batez, Gernika-Lumotik (Bizkaia) Laga eta Laida hondartzetara bidean etengabea da autokarabanen joan-etorria. Horietako batzuek, Gautegiz Arteagan ezkerretara egiten dute bidezidor batean. Errepidetik kilometro erdi eskasera dago Urdaibai Bird Center. Hegaztien eta haien migrazioaren inguruko zentroa.

Erretiratu kuadrilla bat ari da zentrotik ateratzen, goiz-pasa egin ostean. Eta beraien testigua hartzera doa Alemaniako Koloniatik etorritako familia bat. Marcus semea eta Cristina eta Emilio gurasoak. «Kasualitatez gaude hemen; Santimamiñeko kobazuloetara joatea zen gure asmoa, baina itxita daudela esan digute eta hementxe egin dugu geldialdia», azaldudu aitak.

Uda honetan ohi baino hegaldi gutxiago aterako dira Loiuko (Bizkaia) aireportutik. Aurten hegazkinez bidaiatzeko aukerarik ez dutenek, baina, bestelako hegaldiak ikus ditzakete Gautegiz Arteagan. «Aireratzeko» eta «lur hartzeko» International airport for birds (Txorien nazioarteko aireportua) zentroa dago han. Hain zuzen, kartel hori ageri da Bird Centerren atarian. Txorien hegaldiei erreferentzia eginez.

Zentrora sartuta, lurrean marrazturik dauden txoriek gidatzen dute bisitaren bidea. Txori txioak eta uraren soinua entzuten dira, apal, bozgorailuetatik. Bisitariek audio gidak hartzeko aukera dute, eta pantailetan hegaztiei buruzko erreprodukzioak ikusten dituzte. Korridorearen bukaeran dago bisitari gehienen tokirik gustukoena: begiratokia. Urdaibaiko paduraren ikuspegiaz goza daiteke handik, eta, aldi berean, han gelditzen diren hegaztiak ikusi teleskopioekin. Hantxe daude Lucia Irigoien, Jone Cole eta Aitana Etxebarria Xarles Cepeda arduradunari etengabe galderak egiten. Alemana ikasteko kanpamentu batek antolatuko txangoan etorri dira hiru lagun bizkaitarrak. «Txori txikiak gustatu zaizkigu gehien, kolore nahasketa oso polita zuten, batzuk gertu zeuden, eta besteak, urrutixeago», zehatz azaldu du Irigoienek. Bisitarekin txundituta, berandu baino lehen bueltatzea espero dutela aitortu dute. «Eskolako lagunei ere esango diegu hona etortzeko». Hiru nesken atzetik, Toledoko (Espainia) bikote bat gerturatu da begiratokira. Bidaietan eta ingurumenean espezializatutako Descubre sin límites (Muga gabe deskubritu) taldeko argazkilariak dira. «Argazkiak atera eta erreportaje bat egiteko asmoa dugu; inguru hau bakarra eta ederra da, sarritan jotzen dugu hona lanera, asko gustatzen zaigu». Begiratokiaren gainean, berriz, dorre bat dago hegaztiak altuera handiagotik erreparatzeko, eta zentroaren inguruan ere eremuak prestatuta daude.

Cepeda arduradunak dioenez, uztaileko bigarren astean hasi eta irailera arteko garaia da urteko egokiena Bird Centerrera joateko. «Iparraldetik datozen migrazioak oraintxe hasi dira, eta, horrez gain, hemen ugaldu diren hegazti batzuk ere ikus daitezke». Bisitari gehienentzat dena izaten dela berria esplikatu du Cepedak. «Jendeak ez du imajinatzen hementxe dugula dokumentaletan ikusten dena». Begiratokiak eskaintzen dituen zuzenekoez gain, bideoak eta bestelako baliabideak ere erakusten dizkie bisitariei.

Udako egun batean, 50 bisitari ingutu jasotzen dituzte Bird Centerren. Atzo eguerdian 13:00etarako jada 35 pertsona igaroak ziren. Egunero egongo da irekita. Konfinamenduan egunero zuzeneko emanaldiak eskaini izanak eragina izan duela aitortu du Arrate Galeano harrerako langileak. «Jendea Interneteko irudiak ikusi ostean animatu da, eta asko dira gaian interes berezia dutenak ere». Horietako bat da Eneko biologo iruindarra. «Sanferminetatik ihesi», familian etorri da. «Halako zentroak beharrezkoak eta oso interesgarriak dira, txorien bizitza ezagutzeko beharrezko tokiak», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.