Futuro Vegetal taldeko aktibista klimatikoa

Luna Lagos: «Hedabideetan klima larrialdiari buruz hitz egin dadin Madrilgo M-30 errepidea itxi behar badugu, itxiko dugu»

Futuro Vegetal taldeko aktibista klimatikoek askatasuna dute egoeraren larritasunaren gainean arreta erakartzeko. Aurreikuspenak aztertuta, kezkatuta daude, eta, kaos klimatikoaren ondorioak moteltze aldera, aktibismorako deia egin du.

Luna Lagos, Futuro Vegetal taldeko kidea, joan den astean. FUTURO VEGETAL
Luna Lagos, Futuro Vegetal taldeko kidea, joan den astean. FUTURO VEGETAL
irene baranano
2024ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

«Organizazio kriminal baten kide» da Luna Lagos (Sevilla, Espainia, 1997), Espainiako Poliziaren arabera. «Aktibista klimatikoa» dela dio berak. Bere taldeak, Futuro Vegetalek (Etorkizun Begetala), «protesta ez-biolentoak» egiten ditu, klima krisia dela-eta agintariei erantzukizuna eskatzeko. Batez ere, «ekonomiaren sektorerik kutsagarrienetakoa, abeltzaintza», diru publikoz ez laguntzeko eskatzen dute, eta sektore horri landare jatorriko proteinen industriarantz jotzen lagundu diezaioten nahi dute. Hori eskatzeko, besteak beste, Bilboko Guggenheim museoko sarreran pintura gorria bota zuten otsailean.

Berriki absolbitu zaituzte Bilboko Guggenheim museoan egindako ekintzagatik. 

Orain arte, kondena batzuk ditugu lehen auzialdian, baina helegiteak jarri ditugu horien kontra. Bilbokoa da itxia dugun lehen prozedura, eta oso garrantzitsua da absolbitu izana. Gainera, probintzia auzitegi bat da, eragin dezentekoa jurisprudentzia ezartzeko orduan. Ditugun prozedura penal gehienak pintura botatzeagatik dira; hortaz, Bilboko epaia itxaropentsua da.

«Bilbokoa da itxia dugun lehen prozedura, eta oso garrantzitsua da absolbitu izana»

Euskal Herriko lehen protesta Guggenheim museoaren aurkakoa izateak ez dirudi kasualitatea. 

Hitzaldi birak egiten ditugunean, tokiko pertsonekin hitz egitea gustatzen zaigu. Euren protestetan parte hartzen dugu, eta ekintzak egitera animatzen ditugu. Kasu horretan, Euskal Herrian geunden, eta, Urdaibaiko makroproiektuaren berri eman zigutenean, ez genuen dudarik egin. Garrantzitsua iruditu zitzaigun albistegiak horrekin irekitzea, naturagune bat hondatu nahi dutela salatzeko. 

Zein beste enpresaren aurka egin duzue? 

Gutxiengo pribilegiodun baten etekin ekonomikoa lortzeko asmoz ingurumena suntsitzen dutenen kontra egiten dugu guk. Petrolio konpainien kontra; Total Energiesen kontra, adibidez, Guggenheimen akziodunetako bat da, eta negozioak ditu Afrikan eta Amerikan: petrolio instalazioak, naturagune babestuetatik igarotzen diren gasbideak eta abar. Bankuen kontra ere egin dugu, eta haragi enpresen kontra: El Pozo, Campofrio, Vall Companys... Amazonas ingurua eta beste baso batzuk soiltzen ari dira abeltzaintzarako, eta urak eta lurzoruak kutsatzen dituzte abereen gorozkiekin. Aragoiko [Espainia] udalerri batzuek jada ez dute edateko urik. Halere, abeltzaintza diru publikoarekin laguntzen da. Iaz, Espainiako Gobernuak 33.000 milioi euro eman zizkien, gutxienez, eta Europatik are laguntza handiagoa jasotzen dute. 

Zuen jarduteko modua berritzailea da: pintura gorria bota, museo batean margolan batera itsatsi... 

Mugimendu ekologistak 30 urte baino gehiago daramatza lanean, eta egoerak ez du hobera egin, hondamendirantz goaz. Gobernuek jarraitzen dute enpresen eta interes ekonomikoen alde egiten, izakion biziraupena babestu beharrean. Orduan, gaia ikertu eta ondorioztatu genuen arreta ematen duten ekintzak behar direla, eta Futuro Vegetal sortu genuen. Hedabideetan klima larrialdiari buruz hitz egin dadin Madrilgo M-30 errepidea itxi behar badugu, itxiko dugu.

«Mugimendu ekologistak 30 urte baino gehiago daramatza lanean, eta egoerak ez du hobera egin, hondamendirantz goaz»

Zergatik itxaroten duzue poliziak iritsi arte? 

Ihes egitea bandalismoarekin lot daiteke, baina aurpegia emateak eta erantzukizunak gure gain hartzeak aukera ematen du larrialdiaren urgentzia hizpidera ekartzeko eta jendeak ulertzeko zergatik arriskatzen dugun hainbeste. Gainera, horrela, hedabideetan ekintzen zergatiak azal ditzakegu. 

Zuen askatasuna arriskatzen duzue, eta, kasu batzuetan, baita zuen bizitza ere. Zerk motibatzen zaituzte hori egitera? 

Izuak. Nire aita Sevillan bizi da, eta, aurreikuspen zientifikorik positiboenen arabera, 2030ean edateko ura topatzeko arazoak izango ditu. Ari gara jada klima krisiaren eraginak ikusten: tanta hotza, Katalunian otsailean pairatutako larrialdi hidrikoa, lehorteak, uztak galtzea... Justizia sozialagatik ere egiten dut. Ez da justua, Oxfamen arabera, planetako biztanleen %1ek, aberatsenek, txiroenen bi herenek beste kutsatzea. 

Sistema aldatu, ez klima liburua argitaratu berri duzue, Yayo Herreroren hitzaurrearekin. 

«Zortzi ekoterroristaren istorioak» direla esaten dugu, liburuak gure proiektu, ilusio eta ideia pertsonalak biltzen dituelako. Gainera, aktibistak pertsona gisa ikus daitezen du helburu, «ekoterrorismo» akusazioei buelta emateko. Gu deshumanizatzea da akusazio horien helburuetako bat, bandalo gisa irudikatzea, planetarengatik kezkatuta gauden pertsona gisa irudikatu beharrean.

«Haztegien inguruko lursailak hain hondatuta geratzen dira, gutxienez ehun urte beharko dira berriro emankorrak izateko»

Hedabide batzuek «ekoterrorista» deitzen zaituztete, baina zuek diozue naturaren inguruko izua sortzen dutenak direla «ekoterroristak».

Korporazio «ekozidek» ingurumena ustiatzen eta hondatzen dute gehienon kalterako, gutxi batzuek etekin ekonomikoa lortzeko. Ura eta lurra kutsatzen dituzte. Haztegien inguruko lursailak hain hondatuta geratzen dira, gutxienez ehun urte behar dira berriro emankorrak izateko. Urtero, uzta gehiago galtzen ari gara abeltzaintzaren industriaren ondorioz; gure elikatzeko gaitasuna murrizten ari da. Horiek izan daitezke «ekoterroristak», ez gu. Guk ez dugu biolentziarik erabiltzen, izakiei ez diegu minik ematen eta protesta gehienetan ez dugu kalte materialik sortzen. Guztiontzat bizitzeko modukoa izango den planeta baten alde protestatzen ari gara, besterik ez.

Behin baino gehiagotan salatu duzue hasieran barregarri uzten eta umeen gisa tratatzen zintuztetela, batez ere hedabideetan. 

2022an hasi ginenean, «letxugajale» deitzen gintuzten, eta barregarri uzten gintuzten; ez zeuden ohituta narratiba antiespezistara. Baina protestekin jarraitu genuen, taldea hazi egin zen, eta boterearentzat deserosoago bihurtu ginen. Orduan, «bandalo», «terrorista», «kriminal» eta antzeko terminoak erabiltzen hasi ziren. Gu saiatzen gara formari garrantzirik ez ematen, berdin diolako pintura botatzea bandalismoa den edo ez. Klima larrialdiaren inguruan hitz egin nahi dugu, hori da benetako arazoa. 

«Saiatzen gara formari garrantzirik ez ematen, berdin diolako pintura botatzea bandalismoa den edo ez. Klima larrialdiaren inguruan hitz egin nahi dugu, hori da benetako arazoa»

2022an zenbait ministeriorekin hitz egiten saiatu zineten, abeltzaintzaren arazoa azaltzeko. Lortu duzue? 

Ez, baina [Espainiako] Gobernua neurriak hartzen ari da; adibidez, iaz behi haztegi berrietarako abere kopuru maximoa ezarri zuen. Bestalde, [Espainiako] Kongresura gonbidatu gaituzte klima larrialdiari buruz hitz egitera, eta [Espainiako] Gobernuko eta oposizioko alderdietakoek hitzaldiak egiteko eskatzen digute. Are gehiago, legez besteko proposamen batean parte hartzen ari gara, protesta ez-biolentoak despenalizatzeko. 

Zeintzuk dira Futuro Vegetalen lorpen nagusiak? 

Abeltzaintzaren industriaren arazoa gizarteratzen ari gara. Gai horrek erresistentzia handia sortzen du, dirutza mugitzen duelako eta tradizio gisa ikusten delako. Areago, erresistentzia aurkitu dugu mugimendu klimatikoan ere, aldatzen ari den arren. Hasieran, talde batzuek uste zuten gurea ez zela estrategia ona, baina jarraitu dugu, eta gero eta aktibista gehiago mobilizatzen ari dira ekologismoan, oro har. Guk darabilgun haustura maila, nolabait, normaldu dugu, eta gero eta talde eta aktibista gehiago animatzen ari dira ekintzak egitera.

LOTSABAKO

Gehien gozatu duzun ekintza?
Eivissako [Herrialde Katalanak] aireportuko lurreratze pistan sartzea.

Egin nahi duzun ekintza?
Ezin dut esan.

Parte hartuko ez zenukeen protesta bat?
Biolentoa den edozein.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.