Hedabideen neurketa digitala egiteko pausoak ematen ari dira

Euskal Hedabideen Behategiak Beha ikerketa proiektua abiarazi du. Zortzi komunikabide ari dira parte hartzen; BERRIA dago tartean

Hekimen, Euskal Hedabideen Behategia, BERRIA, Kanaldude, Hamaika, Gaztezulo, Euskalerria Irratia, Anboto, Elhuyar, Arabako Alea eta Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko ordezkariak atzo, Andoainen. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Andoain
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Euskarazko komunikazio espazioaren neurketa digitala eguneratzeko ariketatzat jo dute Beha ikerketa proiektua, Hekimeneko euskarazko komunikabideei trafiko digitala ezagutzeko aukera emango diena. Badira hilabete batzuk euskarazko zortzi hedabide Euskal Hedabideen Behategiarekin horretan lanean ari direla. Bidearen erdiko lan saioa egin zuten atzo Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. Iragarri zuten irailean udako ikastaro bat antolatuko dutela; orduan emango dute orain arteko emaitzaren berri, eta bigarren fasea nola gauzatuko duten kontatuko dute. Babesa ematen ari daAkitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea, eta bigarren fasean ere babesa emateko prest azaldu zen atzo Arola Urdangarin euroeskualdeko zuzendaria.

Libe Mimenza Behategiko koordinatzaile eta Beha proiektuko ikerketa arduradunak modu honetan definitu du egitasmoa: «Gaur egun neurketa digitalean dauden erronkei erantzuteko proiektu bat da; batetik, ikusteko euskarazko komunikabideek nola ari garen neurketa digitalaren bitartez eta zein modutan ari garen neurtzen gure webguneetako trafikoa. Bestetik, sistema hori eguneratzeko, merkatuan badaudelako software berriak eta erronka berriak. Eta, azkenik, gogoeta komun bat egiteko, denon artean eredu komun bat izan daitekeena adosteko». Horretan ari dira lehen fasean BERRIA, Kanaldude, Hamaika, Anboto, Gaztezulo, Arabako Alea, Elhuyar eta Euskalerria Irratia.

Zortzi hedabide horiek proiektu pilotu batean ari dira parte hartzen. «Hedabideekin ikusten ari gara zein diren haien beharrak neurketa digitalari begira. Argi geratu da formakuntzaren beharra dagoela; aldagai komun batzuk adostearen gaia ere agertu da, eta neurketak pertsonalizatzeko laguntza eta sistema abian jartzearena ere bai». Asmoa litzateke egitasmo hori Hekimeneko hedabide denetara zabaltzea gero.

Beha proiektuaren azken helmugari dagokionez, Mimenzak azaldu du euskarazko komunikabideetan egiten den trafiko digitala neurtzeko sistema «eguneratua» legokeela. «Funtsean, sistema bateragarri erabateko bat gaur egun merkatuan dauden sistema berrienekin». Garrantzitsutzat jo du bide hori hedabideek elkarrekin egitea. «Prozesua bera kolektiboa da, euskarazko hedabideak batzuk besteengandik ikasiz arituko dira. Prozesu kolektibo zabala da, datu irekiak partekatzeko filosofiarekin, eta oso garrantzitsua izango da sektorearentzat».

Josu Amezaga EHUko irakasle eta Nor ikerketa taldeko koordinatzaileak garrantzitsutzat jo du dagoen adostasuna gaiari heltzeko: «Sektoreak argi dauka horrelako zerbait behar dela, administrazioak ere bai, eta unibertsitatean argi daukagu egin daitekeela».

Amezagak parte hartuko du Behak irailaren 12an eta 13an Donostian egingo duten udako ikastaroan, beste aditu batzuekin batera. Hitzaldiak ematen arituko dira, besteak beste, Lin3s enpresako Mikel Elordi, Network Outsight-eko Jordi Morales i Gras, EITBko Estrategia eta Ikerketa zuzendari Lontzo Sainz eta Applika+ ikerketa proiektuko Bea Narbaiza.

Proiektu gehiago badira

Amezagaren iritziz, Beha proiektua «indartsua» izan daiteke, «baina ez da bakarra izango». Neurketa digitala emango du, baina hedabide tradizionalak ere aintzat hartzekoak direla uste du. «Ohitura eta praktika berriak ere sortuko dira, eta ikusi beharko da horiei nola erantzun».

Horrez gain, Nor ikerketa taldeak duela egun gutxi beste ikerketa proiektu bat abiarazi du: Di. «Horretan, inkesta eta iturri desberdinetako datuak uztartu nahi ditugu. Big data-ren mundua txertatzen da proiektuan; horregatik, matematika arloko pertsona bat integratu dugu proiektuan». Urrirako espero dituzte lehen emaitzak. Egindako beste lan batzuen artean, CIESen Hego Euskal Herriko neurketa historikoak bildu izana aipatu du EHUko irakasleak. «Hori oinarritzat hartuta, aukera daukagu pauso batzuk emateko».

Katalanek audientziak neurtzeko egin zuten saiakera batetik ere ikasten ari dira EHUn. 2007tik 2017ra iraun zuen, baina lehen zeuden tokira itzuli ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.