Urteak dira immigrazio gaiak eta hedabideen jokabidea aztertzen dituena. Mugak-en lanean buru-belarri ari da. Hedabideetan aniztasuna aztertzeko behatokiko kidea da Anaitze Agirre Larreta (Lazkao, Gipuzkoa, 1972).
Migranteen integrazio prozesuan zer rol jokatzen dute komunikabideek eta zertan huts egiten dute?
Oinarrizko rola dute. Azken finean, komunikabideek duten ahalmena sekulakoa da. Fenomeno positiboak eragin eta sor ditzakete, eta, askotan, kontrakoa ere bai. Lantzeko baliabide garrantzitsuak dira hedabideak. Jardun onak ikusten ditugu, baina gutxienak dira. Orokorrean, hedabideen dinamikak direla eta ez direla, argitaratzen diren edukiek ez dute askorik laguntzen etorkinen integraziorako. Hedabide gehienetan kazetarien esku gelditzen da nola jokatu.
Eragin horren adibide bat jar dezakezu?
Ikastetxeetara joaten naizenean ikasleei galdetzen diet nola definituko luketen etorkin bat. Galdetzen diet ea nondik etorri diren, eta txalupan esaten dute. Ikasketa mailaz galdetu, eta txikiagoa dutela erantzuten dute. Estereotipo gehienak kontatzen dizkidate. Komunikabideek kontatzen dutena disko gogorrean gelditzen zaigu. Ikasleei ere bai.
2006tik 2014ra Euskal Herriko eta Espainiako hainbat egunkari aztertu dituzu. Gaietan kontrol migratorioa nagusi dela ondorioztatu duzu.
Bai, deigarria da. Europan orain dugun egoerarekin, gainera, ez dakit hori askorik aldatuko den. Egunkariak aztertzen hasi nintzenean ez nekien zer aurkituko nuen, eta ezustekoa eraman nuen. Ezusteko txarra, ikusita behin eta berriz gai berarekin gaudela: Ceuta, Melilla eta kontrola. Beti gai horien inguruan arituz ez da integrazioan laguntzen. Etorkinen %1 baino ez da iristen txalupetan. Nola sentituko dira etorkinak komunikabideetan modu horretan tratatuak badira? Charlie Hebdo-ren kontuarekin ere ikusiko dugu nola jarraitzen duen islamofobiak. Baina horri atea ireki zaio.
Komunikabideetan ahots gutxi ematen zaie etorkinei. Horrez gain, kazetari askok iturri gisa ez dituzte fidagarritzat jotzen.
Guk planteatzen dugu komenigarria litzatekeela kazetariaren espezializazioa. Beste estrategia bat gaia zeharka lantzea izan daiteke. Kazetariak aniztasun gaietan gutxieneko kontu batzuk jakin behar ditu informazio egiazkoa emateko. Kazetari batek mintegi batean esan zigun etorkinak ez direla sinesgarri informazio iturri gisa. Baina ikusi dugu iturri ofizialetatik nolako gauza fidagarriak eta zer mezu ematen diren. Kazetari horrek egindako planteamenduekin gizarte osoa da kaltetua, elkarbizitza ezin baita aurrera atera.
Mintegian aipatu duzu komunikabideetako erredakzioetan ia ez dagoela etorkinik.
Ezagutzen ditut kazetari etorkin gutxi batzuk, baina salbuespenak dira. Gainera, kazetari lanean ari diren gutxi horiek hedabide etnikoetan ari dira, beraientzat egiten dituzten hedabideetan. Katalunian gehiago landu dute aniztasunaren gaia, baina han ere ez dago kazetaririk hedabideetan. Etorkinak erredakzioetan baleude, beste ikuspegi bat eskainiko lukete.
Feminismoaren bidea baliagarria izan al daiteke?
Estrategiei begira, feminismoa adibide ona da, eta gauzak ikas ditzakegu. Adibidez, tituluetan legez kanpokoa eta oldarraldia hitzak ikusten ditugu. Baina jada inon ez dugu irakurtzen «krimen pasionala». Emakume etorkinen estereotipoak, bestetik, beldurgarriak dira, diskriminazioa are handiagoarekin.
Tokiko hedabideek errazago landu al dezakete gaia?
Immigrazioan lanean ari diren elkarteek herri txiki eta ertainetan harreman zuzenagoa izan dezakete kazetariekin, eta, tokiko hedabideetan beste gai batzuek lekua dutenez, beste modu batean jorratzen dira gaiak. Gero eta distantzia handiagoa, gero eta estereotipatuagoa da mezua.
Anaitze Agirre Larreta. SOS Arrazakeriako kidea
«Hedabideen edukiek ez dute askorik laguntzen etorkinen integrazioan»
Europako hainbat herrialdetako ordezkariak izan dira aste honetan Donostian immigrazioari buruzko mintegi batean, esperientzien berri izaten. Etorkinen irudikatze mediatikoaz mintzatu da Agirre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu