«Eztabaidaezina». Halakoa da hedabide publikoen garrantzia, Azahara Cañedo Gaztela-Mantxako Unibertsitateko (Espainia) Komunikazio Fakultateko irakaslearen arabera. Bat dator Marta Rodriguez Castro Santiagoko Unibertsitateko Komunikazio Zientzien saileko irakaslea. «Itsasgarri moduan funtzionatzen dute: identitate baten parte garela sentiarazten digute». EHUk eta EITBk antolatutako Gizarte inpaktuaren balioa hedabide publikoetan jardunaldian hedabideok aldarrikatu dituzte Cañedok, Rodriguezek eta Juan Carlos Miguel EHUko katedradunak, Bilboko Bizkaia aretoan. Miguel Angel Casado EHUko irakasleak gidatu su solasaldia.
Ohartarazpena egin du Miguelek: «Gero eta gehiago saihesten da informazioa». Eta horrek ondorio politikoa du, haren irudiko. «Jendeak gero eta konfiantza gutxiago du beren demokrazietan. Eta hedabide publikoek, beste funtzio mordo baten artean, honako hau ere badute: lor dezakete jendeak berriro sinets dezan instituzioetan eta bizitza politikoan». Katedradunaren ustez, jendeak muzin egiten badie albisteei, ez dira gai izango ebazteko ea sare sozialetatik heldu zaien informazioren bat egiazkoa den edo ez. «Eta, testuinguru horretan, eskuin muturrak eta haren balioek irabazten dute». Rodriguezen hitzetan, komunikabide publikoek zorrotzak izan behar dute, eta konfiantza eragin: erreferente informatiboak izan behar dute, funtsean.
«Hedabide publikoen independentzia bermatu ezinik jarraitzen dugu. Arma politikoen gisara erabiltzen dira»
AZAHARA CAÑEDOEspainiako Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakaslea
Hedabideon egoera ez da ona, hizlarien arabera, baina ez da arazo berria, eta erronketako batzuk aspaldikoak dira. Esaterako, independentzia informatiboa, Cañedoren esanetan. «Jarraitzen dugu independentzia bermatu ezinik. Hedabide publikoak arma politikoen gisara erabiltzen dira». Horrek hedabideen irudia eta legitimitatea ahultzen du, eta auzitan jarri bertako beharginen profesionaltasuna, azpimarratu duenez.
Beste erronka batzuk, ordea, lotuta daude ofizioaren aldaketekin, eta informazioa eta edukiak kontsumitzeko modu berriekin. Bat etorri dira hizlariak, beste behin: premiazkoa da gazteak hedabide publikoetara erakartzea. «Konplikatua da», Cañedok bere ikerketa lanetatik ondorioztatu duenez: izan ere, elkarrizketatu izan dituen gazteek uste dute telebista «nagusien» formatua dela —irratia, are gehiago—, eta hedabide tradizionaletako edukiak soilik ikusten dituzte zerbait biral bihurtzen denean eta sare sozialen bidez jasotzen dutenean. Halaber, kexu dira edukia ez dagoelako pentsatuta beren adin tarterako.
«Galizian, ikus-entzunezkoen sektore indartsu bat garatu da, hein batean Galiziako telebista publikoari esker, entretenimenduaren aldeko apustua egin baitzuen»
MARTA RODRIGUEZ CASTROGaliziako Santiagoko Unibertsitateko irakaslea
Hortaz, hedabideek indartu egin beharko lukete sare sozialetan duten jarduna, gazteengana errazago heltzeko? Miguelek kontraesanak ikusten ditu. «Tiktok erabiltzea, eta hamar segundoko bideoak igotzea? Sare sozialetako arretaren ekonomia kazetaritzaren kontrako eredua da. Informazioak testuingurua behar du, aipuak...». Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakasleak «plataformizazioa» aldarrikatu du, eta hedabide publikoen balioetan arakatu: esate baterako, nazioarteko plataformen aldean, ezaugarri positibotzat jo du gertutasuna.
Kultur industriaren hauspoa
Alde ekonomikotik ere badute zeresana. «Europan, hedabide publikoek ikus-entzunezko industriari egiten dioten ekarpena izugarria da», azpimarratu du Miguelek, eta Europako Ikus-Entzunezkoen Behategiaren datuak eman ditu segidan: fikziozko orduen %56 hedabide publikoek ekoizten dituzte —900 inguru daude Europan, zehaztu duenez—. «Hedabide publikoak existituko ez balira, ikus-entzunezkoen ekoizpena txikiagoa izango litzateke, eta desberdina». ETBko Goenkale telesaila ekarri du gogora: «Iraultza bat izan zen, maila askotan; besteak beste, industriari dagokionez. Eta jendeak bere herria ikusten zuen... Gauzak bizitzeko beste modu bat da».
«Tiktok erabiltzea, eta hamar segundoko bideoak igotzea? Sare sozialetako arretaren ekonomia kazetaritzaren kontrako eredua da. Informazioak testuingurua behar du, aipuak...»
JUAN CARLOS MIGUELEHUko katedraduna
Galizian ere antzera gertatu da, Rodriguezek esplikatu duenez. «Ikus-entzunezkoen sektore indartsu bat garatu da, hein batean Galiziako telebista publikoari esker, entretenimenduaren aldeko apustua egin baitzuen». Eduki hori galegozkoa izan da oraintsu arte, gainera. Eta hori da hedabide publikoen beste balio bat: hizkuntza gutxituak dinamizatzeko egin dezaketen ekarpena. Galizian, baina, kolokan dago onura hori, Rodriguezek azaldu duenez. «Telebistako lege berria prestatzen ari dira, eta litekeena da atea irekitzea gaztelaniazko edukiak helarazi eta ekoizteari».