Heavya itzuli da uhinetara

Naiz irratia heavy metalari buruzko 'Burdinola' saioa ematen hasi da, Inaxio Esnaolaren eskutik

Inaxio Esnaola kazetaria, Burdinola saioaren arduraduna. MAITE REZABAL ARREGI / IRUTXULOKO HITZA.
jakes goikoetxea
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Heavy metalari buruzko euskarazko informazioaren basamortuak oasi bat gehiago du urritik: Burdinola irratsaioa bueltatu da, orain Naiz irratira, urtebeteko etenaldia egin eta gero. Bueltatu egin da, aurretik ia hogei urteko ibilbidea egina duelako, zenbait komunikabidetan. 2021ean beteko du 20. urteurrena. Albiste ona heavy metalaren zaleentzat, Burdinola erreferentzia izan baita haientzat. Urriaren bukaeran hasi ziren saioak, igandeetan, 23:00etan.

Inaxio Esnaola Irutxuloko Hitza-ko kazetaria da Burdinola-ren aurkezle eta arduraduna. Donostiako Ttan Ttakun irrati librean jaio zen saioa, 2001ean, Jon Agirreren eskutik. Esnaola kolaboratzen hasi zen, baina urtebetera, Agirrek saioa utzi zuenean,haren ardura hartu zuen. Gaur arte.

Burdinola-k hainbat aldaketa eta gorabehera izan ditu: 2007ko irailean Info7 irratian emititzen hasi ziren, 2018ko abenduan irratia itxi zuten arte; 2019ko urtarriletik ekainera saioa podcast gisa soilik eskaini zuen, Ivoox atarian; ekainetik aurrera bi saio berezi egin zituen, Euskal Herriko heavy metalaren historiari buruz; eta gero, urtebeteko etena. Naiz irratiaren eta Esnaolaren asmoek bat egin duten arte.

Sorrerako helburua eta konpromisoa ez dira aldatu: heavy metala euskaraz zabaltzea. Euskal Herrikoa eta nazioartekoa. «Beste hizkuntza batzuetan zabaltzen dira, baina euskaraz ez hainbeste», dio, etsita, Esnaolak. Saio bat edo beste dago irrati libreetan, besterik ez. Lehen zeuden batzuk desagertu dira. Heavy metalaren inguruko mugimendua, Euskal Herrian, «erdalduna da batez ere».

Komunikabide handiagoetan, nazionaletan, publikoetan... ezer ez: «EITBk ez du aparteko interesik izan eta, gaur egungo eredua ikusita, heavy metalak ez du lekurik. Ondorioz, pentsa daiteke, ez dagoenez, jendeak ez duela metala entzuten. Ez badiezu eskaintzen, ez zaie iritsiko».

Doinu gogorragoek ez dute presentziarik eta ikusgarritasunik, baina heavy metalak jarraitzaile asko ditu Euskal Herrian. Taldeak ere asko dira. «Fenomeno sozial bat», Esnaolaren arabera. Musika baino gehiago. «Mugimendu bat, bizitzeko modu bat». Nabarmendu du heavy metal kontzertuek aretoak bete izan dituztela, txikiak eta handiak.

Taldeetan oinarrituta

Saioaren egitura ezberdina da denboraldi honetan. Euskal Herriko eta nazioarteko taldeen bilduma izan beharrean, taldeetan oinarrituta dago: «talde bat izango da protagonista». Talderen baten disko berrian oinarrituta, taldearen ibilbidea eta diskografia errepasatuko ditu. Elkarrizketak ere egingo dizkie bertako taldeei: «Orain leku handiagoa izango dute».

Herriko Burdina atala izan da Burdinola-ren bereizgarrietako bat, Euskal Herriko heavy metalaren historiaren errepasoa. Esnaolak berak kudeatzen du www.herrikoburdina.eus, Euskal Herriko heavy metalari buruzko ataria —ia saioarekin batera sortu zen—. Irratsaioan orain ez dago izen horretako atalik, baina historia lantzen jarraitzeko eta bilduma bereziak egiteko asmoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.