Hamahiru urte pasatu dira Bihotz Gaztea ikastolak lehenbizikoz Ibilaldia antolatu zuenetik. Orduan euskararen taupada Santurtzin barrena zabaltzea lortu zutenaren erakusgarri, aurten bigarrengoz egokitu zaie jaialdia antolatzea. Izan ere, ordutik hona bikoiztu egin da ikasle kopurua, eta eraikina txiki geratu zaie. Aurten, Taup! lelopean, antolatzaileek ikastolen jaialdia Santurtziren bihotzera eraman dute, eta, testuinguru hori baliatuz, euskara hiriguneetan indartzeko beharra aldarrikatu dute. Antolatzaileak oso pozik daude jaiak emandakoarekin, eta adierazi dute «helburu guztiak» bete dituztela: «Lortu da, egun batez, Santurtzi euskararen bozgorailu izatea».
Jaia 09:30ean abiatu zen Bihotz Gaztea ikastolatik, igandean. Bertan egin zuten irekiera ekitaldia ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek eta erakunde publikoetako ordezkariek. Besteak beste, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Bingen Zupiria Kultura eta Hezkuntza sailburua eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia bertan izan ziren.
Uriartek adierazi zuen «hezkuntza sistema hobetzea» dutela helburu, eta «ikasturtea bukatu baino lehen» dokumentu bat aurkeztuko dutela horri erantzuteko. Uriartek aitortu zueneragileen artean ados jartzeko «zailtasunak» izan dituztela. Hezkuntza eredu berri baterantz «pausoak ematea ezinbestekoa» dela esan zuen sailburuak, hezkuntza sistema berritu eta ikasleei «hezkuntza onena» eskaini ahal izateko.
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere Santurtzin izan zen, eta oso kezkatuta azaldu zen ikasleen euskara ezagutza mailak behera egin duelako. Egungo hizkuntza ereduak albo batera utzi eta «benetako murgiltze eredu» baten alde egiteko eskatu zuen: «Hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen».
Horrez gain, eskola inklusiboaren aldeko herri ekinaldi legegilearen gainean ere hitz egin zuen Tellituk. Haren esanetan, «atzerriko jatorria duten ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat da». Hezkuntza eragile guztiek konpromisoa izan behar dutela azpimarratu zuen, eta gaineratu zuen ikastolek «eurei dagokien mailaren araberako konpromisoa betetzeko prest» daudela.
Askotariko egitaraua
Ekitaldi ofiziala bukatuta, jaiak bere bideari ekin zion Santurtzin barrena. Ia bost kilometrokoibilbide kaletarra osatu zuten antolatzaileek, Mirabueno eta Mamariga auzoen artean. Ikastolen aldeko festara bildutakoek guztientzako emanaldi eta ekintzez gozatzeko aukera izan zuten. Eguraldia ez zen izan beste urte batzuetakoa bezain ona, baina euririk ez zuen egin, eta horrek lagundu egin zuen jaia jendez betetzen.
Mugimendu gutxi nabari zen lehen orduetan, baina, egunak aurrera egin ahala, giroa berotuz joan zen. Musika, dantza eta kirol erakustaldiek adin guztietako jendea erakarri zuten ibilbidearen barruan antolatutako lau guneetara. Antolatzaileek nabarmendu zuten askotariko ikuskizun, jolas, tailer eta aisialdi jardun eskaintzea izan dutela helburu, eta lortu zutela «bertaratu ziren guztien gustuko» saioak eskaintzea.
Halako egitarau oparoa osatzeko, Bihotz Gaztea ikastolak hainbat santurtziarren laguntza izan zuen. Izan ere, Ibilaldiaren helburuetako bat izan da herriko kultur, kirol eta gizarte eragileekin ikastolak duen harremana sendotzea, eta igandean ikusi zen harreman hori sendoa dela. Elkarteetako kideak, boluntario aritzeaz gain, hainbat emanaldi eta erakustaldi eskaini zituzten.
Jaiaren iraunkortasuna bermatzea ere jarri zuten helburu Ibilaldiaren antolatzaileek, eta, horretarako, bi arlotan egin zuten indar: garraio publikoa eta hondakinen kudeaketa. Zabor bilketari dagokionez, edukiontzi bereziak jarri zituzten, eta jaia bukatu ostean «pozik» agertu ziren jendearen jarrerarekin: «Zabor bilketarako jarritako edukiontzi bereziak egoki erabili dituzte, eta garbiketa taldeei lana erraztu diete horrela».
Garraioa ere bazen antolatzaileen kezketako bat. Izan ere, jaia Santurtziren erdigunean egiteak zaildu egin zuen bisitariak ibilgailu eta autobus pribatuekin bertaratzea, eta, horregatik, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko deia egin zuten. «Iraunkortasun aldetik jai eredugarria izatea zen beste erronketako bat, eta hori ere lortu da». Azaldu dutenez, garraio publikoaren zerbitzua egun osoan ibili zen, eta ez zen inolako «ezbehar edo eragozpenik» gertatu.
Hurrengoa ere kostaldean
Hurrengo urteko Ibilaldiak ere kresal usainari eutsiko dio, izan ere, Lekeitiora mugituko da Bizkaiko ikastolen jaia. Azkue ikastolak dagoeneko hartu dio lekukoa Bihotz Gazteari, eta lanean dira datorren urteko Ibilaldia ere arrakastatsua izan dadin. Igaro berri denaren inguruan azken balorazioa egitea falta den arren, Bihotz Gaztea ikastolako kideak pozik agertu dira. Ibilaldian lortutako dirua, orain, ikastolaren azpiegitura handitzeko erabiliko dutela adierazi dute.
Ibilaldia
Hazten segitzeko beste pauso bat
Ibilaldiak milaka lagunen babesa izan du Santurtzin. Cristina Uriarte sailburuak iragarri du ikasturte amaieran aurkeztuko dutela hezkuntza akordioaren dokumentua, eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak «benetako murgiltze eredua» eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu