Hazkunde geldiezina

Sakelako telefonoak eta ordenagailuak Internetera konektatzeaz gain, erlojuak eta autoak ere Internetera konektatu ahal izango dira Googlek Android sisteman egin dituen berrikuntzei esker.

Android Wear sistemaren bidez, sakelako telefonoaren jakinarazpenak erlojuan ikus daitezke.
Ainhitze Ruiz.
2014ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Googlek sortutako Android sistema eragileak mundu berri bat ireki du. Sakelako telefonoentzako sortu zen hasieran, baina, tabletak, ordenagailuak eta telebistak ere sistema hori erabiltzen hasi dira azken boladan.

Urtero bezala, Googlek antolatzen duen kongresuan bere oinarrizko ideiak aurkeztu ditu aste honetan. Android L, Android One eta Android Wear aurkeztu ditu,besteak beste. Googleren aurkezpenek aldaketa handiak ekartzen dituzte merkatuan, eta horrek milaka milioi euroko eragina izaten du.

Android plataformaren hazkundea geldiezina da azkenaldian; 1.000 milioi erabiltzaile izatera iritsi da. Garapen handiena Android sistemaz hornitutako tabletek ekarri dute, eta eremu horretan merkatuaren %62 hartu du. «Azkenaldian berrikuntza mordoa ekarri ditu Googlek; niri, gidaririk gabeko autoa egin zait deigarriena. 2015. urterako martxan jarri nahi ditu Googlek auto horiek», azaldu du Jabi Asurmendik, teknologian adituak.

ANDROID L

Googlek sortutako Android sistema eragilearen azken bertsioa da. Asurmendiren ustez, bertsio iraultzailea izan liteke. «Azken finean, sistema horrek gailu guztietan eragingo du». Googlek errotik aldatu du sistemaren interfazea Android L-rekin. Horrez gain, segurtasun neurriak ere handitu egin ditu. Sistemako elementu eta ikono guztiak itxuraz aldatu eta birmoldatu egin dituzte. Sistema berriarekin, jakinarazpenak ikusi ahal izango dira telefonoa blokeatuta izanda ere. «Batez ere, interfazeari eman diote sakontasuna, eta leihoak edo aplikazioak ere hainbat sakonera mailatan koka daitezke». Bertsio berria oraindik ez dago salgai, eta udazken aldera izango da eskuragarri; « Garatzaileek dagoeneko eskuratu dezakete bertsioa».

ANDROID ONE

Googlek sakelako telefono merkeak fabrikatu ahal izateko duen proiektu bat da Android One. «Lehendik ere bazuen Googlek Nexus One deituriko sistema. Gailu horiek fabrikatzaile batzuekin adosten zituen. Orain, ordea, pauso bat harago joan da Google; hardwarea garatu du telefono merkeak egiteko». Gaur egun smartphone-rik ez duten mila milioi erabiltzaileetara iritsi nahi du sistema eragile berriarekin. Estrategia berri horrekin dibertsifikazioa lortu nahi du Googlek. 100 dolar (73,32 euro) baino gutxiagoko kostua izango du, garapen bidean dauden merkatuetan sartu ahal izateko. «Telefono merkeak aurretik ere bazeuden Android sistemarekin; sakelako txinatarrak, esaterako. Ikusiko dugu ea orain Android One-ek zer ekartzen duen».

ANDROID WEAR

Eramangarriak diren gailuetarako sistema da. Oraingoz, erlojuetan bakarrik dago. Helburu nagusia da jakinarazpenak kudeatzea. Horrela, Whatsappen jakinarazpenak, mezu elektronikoak... erlojuan ikus daitezke. Bestalde, aplikazio bakoitzak fitxa bat izango du pantailan klikatuta sarbidea ematen duena.

CHROMECAST

USB giltza itxurako gailua da; HDMI portua du telebista aparatuei sartzeko. «Sakelako telefonoan edo tabletean ikusten duguna telebistan ikus dezakegu gailu honekin». 35 euroren truke eskura daiteke dagoeneko, eta telefono zein tabletako argazki, musika, bideo, aplikazio edo Interneteko telebista kateak zuzenean telebistara bidal daitezke.

CHROMEBOOK

Netbook moduan ezagutzen diren eramangarrien parekoa da. Ordenagailu horrek saretik lortzen ditu eskaintzen dituen aplikazioak, eta sarera jotzen du fitxategiak gorde eta datuak prozesatzeko. Sare edo lainoan oinarritutako sistema eragile bat erabiltzen du, hau da, Googlek garatu duen Chrome OS sistema eragilea. «Ordenagailu horien berezitasuna hodeian lan egiten dutela da. Prozesamendu guztia hodeian dago», dio Asurmendik.

NEW SELF-DRIVING CAR

Googlek gidaririk gabeko autoak sortuko ditu bideko segurtasuna areagotzeko helburuarekin. Ez dute ez bolanterik ez pedalik izango. Aurrera egiteko botoi bat izango dute, eta beste bat gelditzeko. Orain arte beste enpresa batzuek egindako autoak moldatu ditu Googlek, baina aurrerantzean horiek ekoizteko prozesu osoa hartu nahi du bere gain. Autoak bi lagunentzako lekua izango du, elektrikoa izango da eta orduko 40 kilometroko abiadura hartu ahalko du. Ibilgailuak laser sentsoreak eta radarra izango ditu, bai eta kamera bat ere, modu autonomoan gidatzeko. Bestalde, mapa bereziak egingo dituzte, ibilgailu horren programak erabiltzeko berariazkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.