ATZEKOZ AURRERA. Ritxi Hernandez. Euskal Gune Ekosozialistako kidea

«Hazkunde ekonomiko itsuak amildegira garamatza zuzenean»

Mundua aro baten amaieran dagoela uste du Hernandezek, baliabide naturalen agortzea dela medio. Haren ustez, trantsizio ekosozialista eta ekofeminista da egoera «jasangaitz» hau moldatzeko tresna.

MARISOL RAMIREZ/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Denbora amaitzen ari dela sinetsita, Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta ekofeminista abiatzeko lehen urratsak egin nahi ditu Euskal Gune Ekosozialistak. Nazioarteko III. topaketa ekosozialisten ondoren sortu zen gunea. Bertako kidea da Ritxi Hernandez (Gernika, Bizkaia, 1951). 2030erako jokaleku ekosozialista eta ekofeministak proiektuan. Espresio anitzetako kideak batuz prozesu parte hartzaile bat abiatu nahi dute. Lehen foroa Durangon (Bizkaia) egingo dute, etzi.

Ekosozialismoak ekologismoa eta sozialismoa uztartzen ditu. Nola definituko zenuke batuketa hori?

Ekosozialismoapentsamendu alternatiboan kokatzen den joera bat da, eta hasiera-hasieratik izan du helburu bikoitza: saiatu da uztartzen justizia soziala eta ingurumenaren iraunkortasuna. Guk Euskal Herritik, ordea, aldarrikatzen duguekosozialismo feminista deritzoguna. Guk argi baitaukagu egungo sisteman ez bezala gizartearen helburu nagusia izan beharko litzatekeela gauza guztien gainetik bizia erdigunean jartzea: bizia zaintzea eta babestea.

Zeri deritzozue zehazki bizitza erdigunean jartzeari?

Gure ikuspegian bizia dago politika guztien erdigunean, eta, horretarako, ikuspegi feminista oinarrizkoa da. Nik ez nuke ulertuko sozialismo bat oinarri feminista barik. Baina, horrez gain, gure ikuspuntuak izan nahi du lau begiradaren arteko sintesi bat, lau koloreren artekoa: berdea —ekologismoa—, morea —feminismoa—, gorria —sindikalismoa eta justizia soziala— eta beltza —burujabetza eta autogestioa—.

Lau esparru horietan ardazten da zuen proposamena, baina nolakoa da errealitatea egun?

Egungo gizartearen iparrorratza erabat bideratuta dago inbertsoreentzat etekinak lortzera. Guk iparrorratza birbideratu nahi dugu. Uste dugu datu eta ebidentzia zientifiko nahikoak daudela aro baten amaieraren aurrean gaudela esateko.

Zer aro?

Baliabide naturalen oparotasunaren aroa da amaitzear dagoena. Energia ugaria, merkea eta balioaniztuna amaitzen ari dira; batez ere, petrolio konbentzionala eta erregai fosilen agortze progresiboaren ondorioz. Eta baita materialei dagokienez ere, batez ere mineral estrategiko batzuen eskasiaren eraginez. Eta, gainera, hori gertatzen ari da geroz eta hauskorragoa den eta ekologikoki gero eta hondatuago dagoen planeta batean. Klima aldaketak, biodibertsitatearen krisiak eta beste adierazle esanguratsu batzuek argi erakusten digute hori.

Zer erantzun eskatzen du horrek?

Egoera horren aurrean, ezin ditugu begiak itxi eta ezer gertatuko ez balitz bezala egin. Ezin dugu orain arte bezala jarraitu, itsu-itsuan hazkunde ekonomikoaren bidetik, hazkunde ekonomikoa gauza guztien soluziobidea balitz bezala. Gizarte produktibista eta kontsumista hau gurpil batean sartuta dago: gero eta gehiago produzitu, gero eta gehiago kontsumitzeko, eta, era horretan,gero eta diru gehiago irabazteko.Hazkunde ekonomiko itsuak zuzenean amildegira garamatza. Gurpil horren azeleragailua zapaltzeari utzi, eta galga ondo zapaltzen hasi behar dugu. Horretarako, erabateko lehentasuna bihurtu behar da beste egoera horretarako trantsizioak martxan ipintzea. Izan ere, gure planteamendua ez da bakarrik aurka egitea; gure ustez zer egin beharko litzatekeen ere esaten dugu.

Trantsizio horiek martxan ipintzeko proiektua da 2030erako jokaleku ekosozialista eta ekofeministak?

Proiektu handi horren erronka nagusia trantsizio ekosozialista eta ekofeminista bideratzeko zenbait jokaleku irudikatzen laguntzea da. Trantsizio hori irudikatzeko, hamalau ekintza lerro zerrendatu ditugu, eta ekintza lerro horiek guztiak lehen aipatutako lau ikuspegi horiek zeharkatuta egotea eta horien ondorio izatea.

Abiapuntutzat Durangoko bilkura jarri duzue.

Lehenengo foro parte hartzailea izango da, eta pilotu moduan hartuko dugu. Bertan, lehen ekintza lerroa landuko dugu: klima aldaketa eta energia trantsizioa. Lehenbizi planteatuko dugu zer helburu jar daitezkeen gaiaren inguruan, eta, gero, helburu horietara iristeko neurriak zehaztu.

Nork eramango du aurrera prozesua?

Guk zirriborroa egin dugu, baina pizgarria besterik ez dugu izan nahi. Motorra herritarrak dira, baina erakundeen beharra dago aurrera eramateko. Gustatuko litzaiguke gizarte zibilean hedatzea, baina baita ezker alternatiboaren bidez instituzioetara heltzea ere; joko bikoitz horretan mugitzen gara. Planteatzen dugu gizarte aktibo batek eraldatu dezakeela joko instituzionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.