Kristalezko potoak ondare aletxoz beteta, eta mimoz gordeta. Iragan bat orainez loratua probeta eta hoditxoetan erneta, eta aurrerapen teknologikoz beteta. Germoplasma banku bat bada denboran egindako bidaia bat (ere). Baserri hartan landu eta ganbaran jasotako haren oihartzun bat. Soro bazter hartan probarako erein eta ondo ateratako haren sekretu bat. Bilketa, gordetze eta hobetze lan bat dago Arkautin (Araba) eginda, eman zuenari berriz bueltatzeko: lurrari, eta hura lantzen duenari.
FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak aspaldian egindakoa da ohartarazpena: laboreen dibertsitate genetikoaren galerak arriskuan jar dezake gizateriaren elikadura. Science aldizkariak 2016an egindako ikerketa baten arabera, segurtasun mugen azpitik dago galera hori, eta labore barietateen %75 galdu da. FAOk sustatu zuen bertako germoplasma bankuen sorrera eta herrialdez herrialde tokian tokiko labore landareak jasotzeko ahalegina. Helburua: biodibertsitatea gordetzea.
Horretan dihardute Neiker Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak Arkautin daukan germoplasma bankuan. Bertako laboreen ehunka hazi dituzte gordeta bertan. Erreferentziazkoak eta bakarrak dira patataren alorrean, eta han dituzte gordean garai bateko eta jatorrizko babarrun, tomate, piper, gari, garagar eta olo haziak ere. Arduradunek argi diote ez dela bilketa lan bat bakarrik; ezta gordetze lan bat bakarrik ere: «hobetze» lan bat dela, finean.
Bisita gidatua
Jose Ignacio Ruiz de Galarreta Neikerreko ikerlariaren eta germoplasma bankuko arduradunaren eskutik egindakoa da bisita. Arkautiko bankuak zer berezitasun duen, berezitasunaren sortzailearen hitzetan: «Espainiako Estatuan badaude germoplasma banku gehiago. Espezieka biltzen dira. Baratzekoak, esaterako, Zaragozan daude, eta duplikatu bat daukate Valentzian. Artoarena Galizian dago... Eta gu erreferentzia gara patatan. Hau delako estatuan dagoen patata germoplasma banku bakarra. Oso barietate zaharrak dauzkagu, bere garaian hemen sartu zirenak. Batzuk Mundu Gerraren ostean sartu ziren, Frantziatik eta Alemaniatik iritsi zirenak, bereziki. Hemen bertako izenak eman zitzaizkien, eta hona egokitu. Horretan gara erreferentzia: patataren hobekuntza genetikoan eta germoplasma bankuan».
Datuak emate aldera: 500 patata barietate baino gehiago, eta Solanum patataren 80 espezie basatiz osatutako patata germoplasma bankua. Mikropropagazioaren bidez mantentzen dute, in vitro kultibo teknikak erabiliz, eta kriopreserbazioa baliatuz. Eta barietateei eusteaz gain, etengabeko karakterizazioak egiten dituzte, barietate berri eta interesgarriak bankuan sartzeko.
Badaude XVIII. mendeko barietate zaharrak (Roja Riñon), badaude Neikerren bertan lortutako barietateak, (Victor, Turia, Duquesa, Buesa, Olalla, Nagore eta Zorba), badaude desagertzeko zorian dauden barietateak (Ganade eta Fina de Carvallo), eta Tenerifeko eta La Palmako barietateen bilduma ere Arkautin daukate. «Patatarena izan zen, nolabait, honen hasiera. Gerora landu ditugu hobekuntza genetikoak beste barietate batzuetan: artoa, piperra, babarruna, tomatea... Kasu askotan labeldunak dira, eta hemen oinarrizko hazia sortzen dugu. Gerora, kasurako, Tolosako babarrunaren elkartekoei banatzeko. Kontua ez baita banku hauek mantentzea mantentze hutsagatik: tokiko germoplasma mantentzea dugu helburu. Mantentzea eta hobetzea, sektoreak bere mesedetan erabil dezan», azaldu du Ruiz de Galarretak.
Babarrunaren kasuan (Phaseolus vulgaris), bertako 128 barietate dituzte. Horien artean hiru multzo dira nabarmentzekoak: Arabako pinta, Tolosakoa eta Gernikakoa —hiru horien inguruan hainbat herritan sortutako aldaerak dira gordeta dauzkatenak—.
Artoari dagokionez (Zea mays), bertako 107 barietate dauzkategordeta germoplasma bankuan. Sekulako lana dago egina baserrietan landatzen ziren tokiko barietateak berreskuratzeko, duplizitateak desagerrarazteko, eta homogeneizatzeko. Neikerreko arduradunena da hausnarketa hau: «Berrikuntza prozesuen helburua hobekuntza da. Sektorearen kezkei erantzutea beti lehentasun gisa hartuta. Sektoreari bueltan joaten zaio hemen egindako lana. Baserri bakoitzak bere barietatea izan zezakeen, baina duplizitateak saihestu, bakoitzak duen onena atera eta homogeneizatzea ere izan da gure lana».
Artoaren kasuan, bere garaian Gipuzkoako Foru Aldundiak baserriz baserri egindako lana nabarmendu du Ruiz de Galarretak, eta ume bihurri baten irribarrearekin atera ditu duela 50 urte bildutako artoen laginak ezkututik.
Germoplasma gelan sartzeak, izan ere, eragiten du halako zirrara bat. Ez ikusgarritasunagatik, baizik eta han jasota dagoenaren balioagatik. Izurrite, gosete edo hondamendi ekologiko baten kasuan, han daude gordeta jatorrizko euskal labore askoren haziak. Norvegiako Spitsbergen uhartean munduko hazi guztiekin eraikitako bunkerra nola, euskal hazi jatorrizkoekin Arkautin eraikitakoa hala. Irribarreak egiten dio ihes Ruiz de Galarretari konparaketa egiterakoan, baina helburua berbera da funtsean, eta Arkautikoak badu Norvegiakoak ez duen ezaugarri bat oso nabarmena: banku «irekia» dela. «Hemengo haziren bat nahi duena gurekin harremanetan jartzea besterik ez du. Egia da orain bertakoa eta ekologikoa sustatzen dela asko. Hemendik urte batzuetara, oso litekeena da produkzio ekologikoa izatea handiagoa bestea baino. Banku ireki bat da hau, eta guk egindakoa erabiltzeak ere kontserbatzea esan nahi du». Harremanetarako, web orriaren bidez: germoplasma.net.
Tomateen bilduman (Solanum lycopersicum), bertako 96 barietate dituzte germoplasma bankuan. Piparren bilduman (Capsicum annuum), 42 sarrera dituzte jasota, zazpi barietate ezberdinetakoak: Gernika, Pipermin horia, Erreteko lodia, Loiolako Pipermorroa, Corigeroa, Ahuntz Adarra eta Behi Muturra.
Garia, garagarra eta oloa kopuru txikiagoetan ageri dira apaletan, baina balio handia ematen diote. Ruiz de Galarretaren argudioa: «Oso antzinakoak dira. Oso zaila izan da lortzea. Ia gehienak Arabakoak dira, eta Bizkaiko batzuk ere badaude».
Berritu egin behar dira
Patatak ezin dira hazi gisa gorde. Horregatik gordetzen eta berritzen dituzte kriopreserbazio eta in vitro teknikak erabilita. Gainontzeko hazien kasuan, 250-400 gramo gordetzen dituzte gehienera jota, kristalezko potoetan itxita. Hiru gradutan dago hazien germoplasma bankua. «Tenperatura baino garrantzitsuagoa da hezetasuna: ez dadila hezetasuna potoetan sartu».
Eta, noski, potoetan daudenak ere ez dira betirako; berritu egiten dituzte. Batzuk maiztasun handiagoarekin, eskaera handiagoa dutelako. «Berritu behar ditugun bakoitzeko, hemen inguruan ditugun zelaietan landatzen ditugu. Onenak aukeratu, ongi garbitu, lehortu eta gorde berriro. Artoak, baldintza hauetan, hamar-hogei urte irauten du. Hurrengoak berritzerako, ni erretiroa hartuta egongo naiz [barrez]».
Merkatuaren beharretara
Kontsumo ohitura berrietara eta merkatuaren beharretara egokitzeko egiten dute lan. Genetikoki identifikatzen dute ekoizlearentzat eta kontsumitzailearentzat aproposena izan daitekeena. Gastrovalocal proiektua izan da horrelakoetan azkena. Tomate udarekara horia (Antzuola, Gipuzkoa), Delika artoa (Amurrio, Araba), Txakinarto artoa (Derio, Bizkaia), Maruri artoa (Jatabe, Bizkaia), Miren, Gorbea eta Leire patatak, eta Gorostiola eta Barrika piperrak (Neikerren germoplasma bankukoak). Ezagunak ziren garai batean. Landatzen eta kontsumitzen ziren, baina landatzeari eta kontsumitzeari utzita zeuden aspaldian. Ez zutelako behar adina uzta ematen batzuetan, gaitzei ez zietelako eusten besteetan, eta jendeak haien ordez merkaturatutako ordezkoak nahiago zituelako gehienetan.
Hori guztia aintzat hartuta jarri zuten iaz abian proiektua Neiker ikerketa zentroak, Basque Know How fundazioak, Basque Culinary Center Innovationek, Makrok, Azurmendi jatetxeak eta Guillermo Gonzalez Gaztañatxu baserriko nekazariak. Ruiz de Galarretak argi dauka: «Baditugu sukaldariak eskariak egiten dizkigutenak. Bertako arto motak eskatu dizkigu berriki sukaldari batek, hemengo arto irina eta Mexikokoa nahastu nahi dituelako, talo berezi batzuk egiteko. Jende horrek egin behar du tira, atzera utzitako barietate horiek indarra har dezaten berriro eta baliatu dadin guk hemen egiten dugun lana. Ekoizleak joango dira haien atzetik, eta kontsumitzaileak gero».
Hazien zaindariak
Neiker ikerketa zentroak bertako laboreen ehunka hazi dauzka gordeta Arkautiko germoplasma bankuan. Antzinakoak jaso, gorde eta hobetzen dituzte bertan. Erreferentziazkoak eta bakarrak dira patataren alorrean, baina han daude Euskal Herriko garai bateko babarrun, tomate, piper, gari, garagar eta olo haziak ere, nahi dituenaren esku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu