American Horror Story telesailaren denboraldi bakoitzean, beldurraren kontzeptua narrazioaren erdigunean jarri, eta testuinguru jakin bateko istorio bat azaltzen dute: zahar etxe bat, hotel bat, akelarre bat, etxe abandonatu bat, AEBetako azken hauteskundeak eta abar. Bakoitza izenburu nagusi baten aterkipean: Asylum, Coven, Freak Show, Hotel... Hamabi denboraldi ditu guztira, eta jatorrizko eduki horretatik bi zatiketa jaio dira: American Crime Story (2016), eta American Horror Stories (2021), gaurko testuaren abiapuntua izango dena; azken horren laugarren puska pantailetara iritsi da. Hulu ekoiztetxearen Huluween ekitaldiaren barruan estreinatuko dute, eta denboraldi osoa egun berean emango dute: atalak bata bestearen atzetik ikustea maite dutenentzat zinez albiste pozgarria.
Kontzeptu orokorrak argituta eta hariari helduta, telesail nagusian ez bezala, atalak solte ikus daitezke; hau da, kapitulu bakoitzean jorratzen den istorioa hasi eta amaitu egiten da. Bost atal izango ditu guztira, eta, Michael Imperioli (The Sopranos), Henry Winkler (Barry), Debby Ryan (Insatiable), Dyllon Burnside (Pose) eta Jessica Barden (Hannah) aktoreek parte hartuko dute, besteak beste. Backrooms (Atzeko gelak), The Thing Under the Bed (Ohe azpian dagoen gauza), Clone (Klona), Leprechaun (Iratxoa) eta X izango dira, hurrenez hurren, atal horien izenburuak.
Laugarren zatiaren indarguneetako bat beldurrezko istorioekin esperimentatzeko duen askatasuna da: tonuak, eszenatokiak eta pertsonaiak aldatu egiten dira, eta American Horror Story-kbatzuetan izaten duen neke narratiboa saihestu dute horrela.
Arte zuzendaritzari eta argazkilaritza lanari dagokienez, frankiziaren alderdi bisual bereizgarriari eusten dio. Agertokiak, efektu bereziak eta atmosferak oso ondo zainduta daude, eta kontakizun bakoitzerako sortzen den giroa aztoragarria da, bikaina. Aktore guztiek egiten duten lana ere txukuna da; ezin aitzakiarik jarri alor horietan guztietan.
Akatsak, ordea, bertuteak baino nabarmenagoak dira. Hasteko, aspertzeraino errepikatzen diren efektu kolpeak eta joera narratibo errepikakorrak daude, eta istorioa asko higatzen da. Ikus-entzunezkoaren nortasunaren parte bihurtu diren erremintak dira, baina oraingoan gehiegizkoak dira. Atal askeak ikustearen esperientzia eskertzen da, baina egitura horrek kalte egiten dio, sendotasun falta antzematen baita gidoiaren idazkera nagusian.
«Itxaropenaren haziak agortu zaizkizu», dio Liher taldearen abestiak; bada, oso agerikoa da frankizia honetan erein zituzten hazi gehienak agortu egin direla, eta oinarria ez dela batere emankorra. Gehiegi luzatzen ari direlako sentsazioa aurreko denboraldietatik antzeman daiteke, baina estreinatu berri den honetan oso bistakoa da.
Beldurrezko generoa maite dutenek gozatuko dute; entretenigarria da, eta oso erraz eta gustura ikusten da, baina, edukian eta forman apur bat arakatuz gero, guztia nahiko azalekoa dela ohartuko da ikus-entzulea.
FITXA
- Sortzaileak. Ryan Murphy eta Brad Falchuk.
- Aktoreak. Michael Imperioli, Henry Winkler, Debby Ryan, Dyllon Burnside eta Jessica Barden.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2021-2024.
- Non ikusi. Disney+.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Beldurra, misterioa.