Haziera eta heziketa aldizkaria da Hazi hezi, gurasoentzat eta hezitzaileentzat egina. Hik Hasi egitasmo pedagogikoko kideeksortu zuten, duela hamar urte, eta itxuraldatuta argitaratu dute 40. zenbakia. Ekitaldi berezi bat egin zuten atzo, Donostian. Hilaren 29an, berriz, jaialdi bat egingo dute, Adunan (Gipuzkoa).
Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko kideak gogoratu du Joxe Mari Auzmendi irakasle zenaren proiektu «kutuna» izan zela Hazi hezi. «Hamar urteotan hazieran eta heziketan laguntzeko kalitatezko tresna on bat eskaini nahi izan diegu familiei, eta baita hezitzaileei ere. Informazio kontrastatua, kalitatezko profesionalekin landua, eta euskaraz», gaineratu du.
Aldizkariaren formatua aldatu dute, hausnarketa prozesu baten ostean. Ainara Gorostitzu Hazi hezi-ko erredaktoreak nabarmendu du «artisau lana» egiten dutela aldizkarian: «Jabetu gara gure irakurleek, gurasoek eta hezitzaileek, oso denbora gutxi dutela irakurtzeko. Hortaz, argi genuen formatuak oso eramangarria izan behar zuela. Begietarako atsegina den formatu bat». Arinagoa da orain aldizkaria, «poltsatik atera eta edozein lekutan irakurtzeko modukoa». Baina testuetan lehengoari eutsi diote. «Tresna erabilgarri eta fidagarri bat eskaini nahi dugu, kalitateari eutsiz».
Aldizkariaren atalei dagokienez, askotarikoak daude. Esate baterako, adin etapa desberdinen inguruko informazioa aurkitu daiteke orrialdeetan. Mintzoa izeneko atalean, bestalde, «gai batean arituak» elkartzen dituzte —azkeneko zenbakian, amatasuna eta bertsolaritza landu dituzte—. Elkarrizketa sakon bat egiten dute aditu batekin. Sormenari ere ematen diote garrantzia: zenbaki bakoitzean sortzaile bat elkarrizketatzen dute. Halaber, irakurleen artean «oso estimatua» da kontsulten atala. «Atal horren presentzia handitzen saiatu gara», azaldu du Gorostitzuk. Izan ere, Hik Hasiren sareko profesionalek irakurleen kontsulta jakinei erantzuten diete.
Jaia hilaren 29an, Adunan
Hazi hezi aldizkariaren arduradunei garrantzitsua iruditzen zaie zer eman, baina, batez ere, nola. Gorostitzuk nabarmendu du sakon aztertzen dutela mezuak nola eman. «Gure iparra da gurasoak ez epaitzea, amak ez zamatzea, eta, alde horretatik, ikuspegi feministari eutsi nahi diogu». Haurtzaroa erdigunean jartzea da proiektuaren beste oinarri bat. «Gizarteak ez du haurtzaroa subjektutzat hartzen, eta guk errespetatu nahi ditugu haurrak subjektu gisa».
Aldizkariak urtean lau zenbaki argitaratzen ditu. Harpidetzak 20 euro balio du. Kuota hori ez dute igo hamar urteotan. Harpidedunei ez ezik, zenbait herritan haur jaioberrien gurasoei ere bidaltzen diete aldizkariaren zenbaki bat. Udalen bidez, sare bat dute egina.
Gorostitzuk gogoratu du aldizkariarekin hasi zirenean irakasle eta pediatra askok esaten zietela gurasoak «galduta» zebiltzala. Tresna bat eskaini diete haiei. «Profesional sare oso handia dugu, eta, horri esker, aukera dugu aldizkarian informazio kontrastatua emateko».
Aldizkariaren bueltako komunitate osoa elkartzeko asmoz, festa ireki bat egingo dute hilaren 29an, Adunan (Gipuzkoa). Irakurleekin, hezitzaileekin, familiekin eta haurrekin elkartu nahidute egun horretan. Parte hartzaileak Alaia Martin bertsolaria, Nerea Mendizabal hezitzailea, Alazne Ugartetxea irakaslea, eta Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira.
'Hazi hezi' aldizkariak 10 urte bete ditu, eta berritu egin dute
Aldizkari berrituak formatu arinagoa du. Urtean lau zenbaki argitaratzen dituzte, eta 20 euroko harpidetza kuotari eutsi diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu