Parez pare ireki die etxeko atea bi ezezaguni: kazetaria da bata, eta argazkilaria da bestea. Etxea eraikin bat baino zerbait gehiago baita Angelita Alfarorentzat (Cervera del Rio Alhama, Errioxa, Espainia), eta irekitzea, ekintza bat baino zerbait gehiago: supazterra eta abegia Txantrea auzoan. Anfitrioi on baten naturaltasuna zer den: ezezagunak ezagun bihurtzeko abilezia. «Horrela ongi nago? Edo jaka beltz bat jantziko dut?». «Etxean ibiltzeko zapatilak ez dira argazkian aterako, ezta?». «Zuek iritsi baino lehen egon da hemen ile apaintzailea. Hurrengo bi egunetarako bazkaria egin diot». «Egin aurrera, egongelara». Azken hiru egunak eman ditu hango gutiziak prestatzen: fardelejoak, pastak, bonboiak eta madalenak. Idatzita dauzkan 25 liburuak mahaiaren gainean dauzka jarrita. Abarketak bata bestearen ondoan ezarrita. Sariak, aitortzak eta argazkiak bizi osoko oroimenaren paretetan.
Nolakoa zen zure txikitako Cervera del Rio Alhama?
Gerra ostean jaio nintzen. Pobrezia zen nagusi han. Baina gure amak ezerezetik egiten zuen janaria. Sukaldaria zen eskolako jangelan, eta abarketaria ere bai. Han, haur guztiak ginen pobreak. Ni eskolara goizean bakarrik joaten nintzen, arratsaldean amari lana prestatu beharra niolako, abarketak egiteko.
Senide asko zineten?
Ama, aita eta lau anai-arreba. Hiru neska eta mutil bat. Ni guztien artean zaharrena.
Zer lanbide zuen aitak?
Artzaina zenez, eta ni nintzenez han eskarmentu handiena zuena, aitarena eta amarena egitea tokatu zitzaidan askotan.
Nola izena zuen amak?
Francisca Bidorreta. Ezagutu dudan emakumerik zoragarriena. Ezer eduki ez, eta jaten ematen zigun.
Ikasle ona zinen?
Oso ona. Asko gustatzen zitzaidan jakitea.
Denok zenuten halako interesa?
Ez. Gogoan dut etxean entziklopedia bakarra genuela. Lau anai-arrebek elkarrekin egiten genuen lo. Nik ohearen azpian edukitzen nuen entziklopedia. Besteak zurrungaka entzuten nituenean, ohe azpitik atera eta irakurtzen aritzen nintzen. «Ama! Angelita ikasten ari da!», hasten zen ahizpetako bat ni salatzen. Badaukat bihotzean orduko zera bat grabatuta.

Zer gertatu zen, bada?
Egun horietako batean, sekulako ostikada eman nion ahizpari. Argala eta eskasa zen. Ohetik bota nuen, eta ebakia egin zuen kokotsean. Zer-nolako astinaldia eman zidan amak. Ordura arte ez ninduen inoiz ukitu. «Zer egin diozu gure neskatxari? Akabatu egin nahi zenuen?». Ahizpa mimatuena zen. Hura bai bizitza gogorra, eta ez oraingoa.
Eskutitzak ere idazten omen zenituen...
Marokon soldadu zeudenei. Bizilagunen semeei. Izeba Txitak, izeba Panorrak... Afrikan zituzten semeak. «Idatzi nire semeari, Angelita, mesedez». Haiek ez baitzekiten ez idazten eta ez irakurtzen. Eta nik idazten nien seme haiei, banekielako euren amek zer esan nahi zieten. Izan ere, oso gustuko izan dut beti idaztea.
Zein da sukaldaritzarekin lotutako zure lehen oroitzapena?
Ongi gogoan daukat. Astegunetan eskolara joaten nintzen, baina larunbatetan txirikordak egitera.
Txirikordak?
Bai, gizona, abarketak egiteko txirikordak. Eta igandetan, txirikordak saltzen zituen fabrikako jabearen etxera joaten nintzen, haren seme-alabak zaintzera.
«Bizilagunek ez zekiten idazten eta irakurtzen. Afrikan soldadu zeuden semeei nik idazten nizkien eskutitzak»
Zenbat urte zenituen?
13. Nireak balira bezala zaintzen nituen. Eta etxe hartan ikusi nuen aurreneko aldiz sukaldari bat. Zerbitzaria zeukaten, haurtzaina zeukaten, eta sukaldari bat! Baina sukaldari txapela eta guzti! Gumersindo zuen izena, baina Misindo deitzen genion, laburtzeko. Aingeruak bezala kozinatzen zuen. Eta hari kopiatu nion nire lehen errezeta: eperrak eskabetxean. Txunditu egiten ninduen etxe batean sukaldari bat ikusteak. Gurean, sutegi bat eta bi ohe baino ez geneuzkan.
Eta hori guztia 13 urterekin?
Baina aizu! Nire lehenengo abarketak 7 urterekin egin nituen! Tuterara [Nafarroa] jaitsi nintzen behin, amona han bizi zelako. Hango denda bateko erakusleihoan panpina txinatar bat ikusten nuen egunero. Inoiz ikusitako politena. «Ahizpek hau ikusten dutenean, urtu egingo dira pozez». Etxean egiten ziren orduan abarketak, eta izeba Josefari eskatu nion baimena. «Oso txikia zara, neskatxa!», esan zidan. Baina utzi egin zidan, egin nuen nire lana, eta panpinak balio zuena eman zidan lanaren truke —oraingo sei euro—.

Pozarren zu.
Panpina erosi, etxera iritsi, eta esan nien ahizpei: «Begira zer dakardan!». Ahizpetan bigarrenak hartu zuen eskuetan, mimatuena zen horrek, eta ez dakit emozioagatik edo zergatik, lurrera erori zitzaion. Txiki-txiki eginda gelditu zen. Eta amak niri: «Dohakabe halakoa! Bizi osoan izango zara dohakabe hutsa. Nolatan egin duzu halako sakrifizioa?».
17 urterekin iritsi zinen Iruñera.
Amona hil zenean, amak esan zidan: «Zoaz zu Iruñera. Gu ezjakin hutsak gara, eta nik ezin zaituztet laurok mantendu». Familia neukan hemen, eta lanera etortzea erabaki nuen. Etxe bat bilatu nuen, eta lau urtez egon nintzen han.
«Inork ez ninduen sukaldari gisa hartu nahi: zerbitzari gisa nahi ninduten, ziminokeria haiek guztiak egiteko»
Etxe batean? Zertan?
Zerbitzari lanetan. Rodezno kondearen plazan. Jabeak ez zidan batere maitasunik erakutsi. Oso neska polita nintzen. Orain ez, baina orduan bai [barrez]. Inork ez ninduen sukaldari gisa hartu nahi, eta nik hori nahi nuen: sukaldaria izan. Zerbitzari nahi ninduten, mahaia jarri, zerbitzatu, eta ziminokeria haiek guztiak egiteko. Oso esanekoa nintzenez eta beste aukerarik ez nuenez... Amak eskutitzetan esaten zidan: «Egin beti jabeak esandakoa. Etxe batetik bestera ibiltzen diren neskek oso fama txarra dute». Orain justu kontrakoa esango ligukete: «Jabeak ez zaitzala zapaldu». Zer bizimodu ezberdina! Jabe hura, emakume hura nire ezkontzara joan zen, eta ez zidan ezer oparitu.
21 urte zenituen ezkondu zinenean.
Eta Txantrean egin nuen tokia. Gizona arotza zen [sukaldean dago, 96 urte dauzka, eta Angelitak zaintzen du]. Iruñeko Tres Reyes hotelean aritu zen, Señorio de Sarria upategietan...
Zer familia izan duzue?
Ekoizpen berantiarrekoa izan naiz [barrez]. Bi seme izan nituen, bi harribitxi, zortzi urtean behin bat.
Eta liburuekin noiz hasi zinen?
Nire amaren ahizpa, izeba Martina, emakume argia zen. Esan zidan: «Horren ongi idazten duzunez, zergatik ez duzu liburu bat idazten?». Amak esan zion: «Ez iezaiozu halakorik esan gure Angelitari, buruan sartzen bazaio egin egingo du eta». Errezeta bakarra neukan orduan idatzita: eperrak eskabetxean. Baina begiak sukaldera joaten zitzaizkidan. Egidazue kasu. Balkoiak baino zaharragoa naiz. Sukaldea da dagoen medizinarik onena. Ahizpekin muturtua banago edo bazkidearekin haserretzen banaiz, tramankulu guztiak atera, kozinatzen hasi, eta dena sendatzen zait. Hauxe da daukadan poz bakarra: kozinatzea.

Nola aurkeztu zenituen lehen errezetak?
Mekanografia ikastaro baten berri izan nuen. Ez zen garairik onena. Histerektomia bat egin berri zidaten. Baina neure buruari esan nion: «Hemen egon behar dut, pena ematen?». Irakaslearekin hitz egin nuen, eta esan nion: «Aizu, nik zuri abarketa batzuk egiten badizkizut, utziko didazu makinan nik nahi dudana idazten?». Egia esango dizut: ikastaroaren jabe egin nintzen, eta guztien ama bihurtu. Patata tortillak eramaten nizkien, barraskiloak kazolan... Errezeta mordoa idatzi nuen, eta titulua atera. Maitasun handia jaso nuen han. Niri, izan ere, maitasuna falta izan zait. Nik ez nuen jasotzerik izan haurtxoek jasotzen duten maitasun hori. Gure ama gajoak ez zuen horretarako denborarik.
Eta, orduan idatzitako errezeta guztiak hartuta, Donostiara joan zinen?
Banekien Ttarttalo argitaletxean liburuak eta diskoak argitaratzen zituztela, gure elizako apaizari hala entzunda. Galdetu egin nuen.
Harrituta gelditu ziren Ttarttalon?
Ezjakintasuna zer den. Uste nuen liburua nik egin beharko nuela. Eta esan zidaten: «Zaude lasai, liburua guk egingo dizugu, zuk jada egin duzu zure lana». 435 errezeta eraman nizkien mekanografiatuta. Bestsellerbat izan zen. Hauxe da [mahai gainetik hartu du]: La cocina de Angelita.
Sekulakoa izan zen arrakasta.
Liburu horrekin jende askori eman nion jaten, eta jende askori erakutsi nion kozinatzen. Txokolatinen pare saldu zen. Bederatzi edizio izan zituen. Sinesgarritasuna eman zidan lehenengo hark, eta horri esker egin ditut beste guztiak.
«‘Mamia’ liburuan agertzea sekulako errekonozimendua da, sukaldaritzaren mundua gizonezkoena baino ez baita izan»
Eta segitzen duzu abarketak egiten?
Beti egin izan ditut, eta jende askorentzat. Eileen Collinsi egin nion behin pare bat, Discovery espaziontziko komandanteari. Esan nuen: «Nire abarketak Ilargira joan behar dute nahi eta nahi ez!». Egin dizkiet abarketak Espainiako errege-erreginei, Isabel Preyslerren alabei, Thyssen baroisari...
Thyssen museoan bertan eman zenizkion?
Liburu bat aurkeztera joan nintzen Madrilera, Nafarroako Gobernuarekin. Eta esan zidan: «Zoragarriak iruditzen zaizkit egiten dituzun gauzak, baita zure poemak ere». Han bertan errezitatu nien bat.
Poemak?
Nafarroako orburuari egin dizkiot, zainzuriari... [Bi poesiak errezitatu ditu buruz]. Ia produktu guztien Nafarroako enbaxadore izendatu naute.
Eta Mamia liburuan ere egin dizute tokia.
Hori sekulako errekonozimendua izan da. Amaiera bikain bat. Sekula ez baita halakorik egin, gizonezkoena baino izan ez den mundu horretan.
Eta puntan aritu diren gizonezko horietako batzuk zure liburuen hitzaurreak egin dituzte.
Luis Irizar maitagarria zen, eta benetako laguna. Luis Subijanak behin esan zidan: «Zu ez zaitugu behar bezala baloratu».
Eta oraingo sukaldaritza gustuko duzu?
Orain jendeak presa dauka denerako, nik kenduta. Oraingo aparrak eta halakoak ez zaizkit gustatzen. Niri giltzurrunetan itsasten den janaria gustatzen zait.
Erakutsi dizkiozu zure errezetak etxeko norbaiti?
Ez, baina ez dut uste galduko direnik. Liburu hauek mundu guztiak dauzka. Eta zientoka ikastaro eta hitzaldi eman ditut. Izan ere, nire etxetik inork ez du esku hutsik alde egiten. [Kazetaria eta argazkilaria fardelejo, pasta, bonboi eta madalena kaxa bana hartuta bueltatu dira etxera. Baina emandako goxotasuna ez da kaxa batean kabitzen].
