Hauts zuria nonahi

Kokaina da munduan gehien kontsumitzen diren drogetako bat. Normalean esnifatu egiten da, eta batez ere gaueko aisialdian kontsumitzen da. Euforia sortzen du, baina zer gertatzen da ondoren?

Kokaina hautsa, artxiboko irudian. BERRIA
Kokaina hautsa, artxiboko irudian. BERRIA
unai etxenausia
2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Aldatzen dira garaiak, substantziak, salerosketak, eta baita kontsumitzeko erak ere. Baina drogak beti daude hor, eta badirudi luzaroan hor jarraituko dutela. Kokaina, hori da Mendebalde aberatsean azken urteotan gailendu den droga. «Kokaina arrastoak aurkitu dituzte Erresuma Batuko Parlamentuko hamaika komunetan» eta antzeko lerroburuak azaldu dira azken urteotan. Baina hauts zuria ez da soilik politikarien eta goi klaseko herritarren artean modan dagoen droga bat: ohiko gau giroan ere presentzia nabarmena du, gutxienez gramoa 60 euro ordain dezaketenen artean.

Andeetako herrietan duela 5.000 urte inguru hasi ziren koka hostoak mamurtzen, nekea arindu, gosea apaldu eta lanerako indarra izateko. XIX. mendearen erdialdera, lehen aldiz koka purua atera zuten Erythroxylum landarearen hostotik. XX. mendearen hasieran, hainbat gaitzen aurka sortu ziren tonikoen osagai nagusia bihurtu zen kokaina; Coca-Cola eta Vin Mariani, besteak beste.

Koka landareak dituen hamazazpi alkaloideetako bat da kokaina —kimikoki, benzoilmetilekgonina izena du—. Izan ere, kokainaren bi forma kimiko nagusitzen dira merkatuan: kokainaren kristalak eta gatzak. Klorhidratoa, kokainaren hautsaren formarik ohikoena, uretan disolbatzen da, baina zainetatik edo sudurretik ere sar daiteke. Kristala gatza lortzeko azidoarekin neutralizatua izan ez denean lortzen da. Parranda giroan, kokaina klorhidratoa da ohikoena, hauts zuriaren itxura duena, eta gehienetan kristalizatua dagoena.

Koka hostoaren argazkia. LUIS GANDARILLAS / EFE
Koka hostoaren argazkia. LUIS GANDARILLAS / EFE

Drogen arriskuak murriztearen aldeko Euskal Herriko elkartea da Ai Laket, droga erabiltzaileek eta erabiltzaile izandakoek osatua. Raul Urkiza kideak azaldu duenez, arrazoi asko daude kokaina gau giroan hain modan egoteko: «Azken finean, XIX. mendetik egon izan dira eskari eta eskaintza egonkor batzuk, beste hainbat drogarekin gertatu izan den bezala [morfina eta anfetamina ere garai haietan sintetizatu ziren lehen aldiz, eta gaur egun ere erabiltzen dira, bai medikuntzan eta baita aisialdian ere]. Ekoizpena ez da eten ordutik, eskaria egon izan baita».

Kokainaren eskariak ez du etenik. Drogen kontsumoak gora egin du etengabe, UNODC Delituen eta Drogen Aurkako Nazio Batuen Bulegoak 2023an egindako Drogei Buruzko Munduko Txostenak nabarmendu duenez. 2021ean, marihuana izan zen gehien kontsumitutako droga, 219 milioi kontsumitzaile izan baitziren —munduko biztanleria helduaren %4,3—. Eta 22 milioira iritsi zen kokainaren kontsumoa. Txosten horren arabera, Mendebaldeko eta Erdialdeko Europa munduko kokaina merkatu handienetako bat da oraindik. Pandemia garaian kokainaren kontsumoa gelditu egin bazen ere, datuen arabera orain gora egiten ari da berriro.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, Adikzioei buruzko 2023ko Euskadiko Inkestaren datuen arabera, marihuana ez diren legez kanpoko beste drogen kontsumoak behera egin zuen joan den urtean. Kokaina eta anfetaminak izan ziren gehien kontsumituak, eta, ondoren, estasia (MDMA) eta antzekoak. Droga horiek 15-34 urte artekoek kontsumitzen dituzte batez ere. Kokaina, eta neurri txikiagoan anfetaminak, berriz, 35-54 urte artekoen artean kontsumitzen dituzte gehiago.

Ai Laketek jasotako datuen arabera, ordea, badaude Euskal Herrian kokaina baino gehiago kontsumitu izan diren drogak. «Espainian, kalamuaren atzetik gehien kontsumitzen den substantzia ilegala da kokaina. Euskal Herrian, berriz, gure analisietan ikusten dugunagatik, kokaina baino anfetamina eta MDMA gehiago kontsumitzen du jendeak», esplikatu du Urkizak.

Euforia ala handikeria?

Horrek ez du esan nahi kokaina kontsumitzen ez denik. Gainera, kokainak eragin desberdina izan dezake kontsumitzailearen arabera. Nola eta noiz kontsumitzen den, horrek ere eragiten du: zenbateko dosia hartzen den, non eta nola hartzen den, norbera momentu onean ala txarrean dagoenean hartzen den, zer espero den, pertsona nolakoa den... Gauza asko hartu behar dira kontuan.

«Esnifatuta hartzen denean, berehalakoa izaten da efektua, eta 30-45 minutu inguru irauten du», hasi da Urkiza. Efektupean, arreta, euforia eta estimulazioa areagotzen dira, eta nekea eta gosea murriztu. Inhibizioak gutxitu egiten dira, bihotz erritmoa bizkortzen da, eta arterien presioa handitu egiten da.

«Baina nahi ez diren hainbat efektu ere eragin ditzake», ohartarazi du adituak. Urkizak bezala, Ai Laketeko kide guztiek drogen inguruko informazio osoa ematen dute: «Batez ere dosi handietan, antsietate handia, ideia paranoideak, haluzinazioak eta desorientazio egoera nahasgarriak eragin ditzake kokainak. Kardiopatiak [arritmiak] eta arnasteko arazoak [disnea edo arnasa hartzeko zailtasuna]. Horrez gain, alterazio neurologikoak [zefaleak edo istripu zerebrobaskularrak; hala nola garuneko infartua]. Eta elikadura portaeraren nahasmenduak ere larriagotu ditzake [bulimia eta anorexia nerbiosoa]».

«Kalean topa daitekeen kokainaren purutasuna oso aldakorra izan daiteke; beraz, oso garrantzitsua da gurearen moduko zerbitzu batera jotzea kokainaren konposizioari buruz ahalik eta gehiena jakiteko».

RAUL URKIZAAi Laket elkarteko kidea

Handikeriarekin eta harrotasunarekin ere lotu izan da kokaina. Desinhibizioak eraginda, kontsumitzaileak «gaitasun handiko pertsonatzat» har dezake bere burua. «Baina arrazoi hori ez da nahikoa kokaina handikeria horrekin lotzeko», gaineratu du Urkizak. Batez ere zinemak edota hedabideek zabaldu duten mezu bat dela azaldu du: «Estereotipo bat edo batzuk elkartzen dira droga bakoitzarekin. Adibidez, hor dugu marihuana eta horri lotutako ezaugarriak: despistatuak direla, alferrak edo ezertaz enteratzen ez diren pertsonak direla; hori dago gure imajinario kolektibo horretan». Urkizaren hitzetan, gehienei rock izarren irudia etorriko zaie burura kokaina kontsumitzaileengan pentsatzean. «Edo Tony Montana mafiosoarena. Kokaina, azkenean, pertsona horien handikeriarekin lotuko dugu».

Adikzioa eta kontsumoa

Substantzia batzuk besteak baino adiktiboagoak izan daitezke, eta kokaina da horietako bat. Mendekotasuna sortzeko ahalmen psikologiko handia duenez, kontsumitzaileentzat askotan zaila izaten da mendekotasuna dutela onartzea. Hala ere, faktore gehiago daude droga batekiko adikzioa sortzeko garaian, hala nabarmendu du Urkizak. «Pertsona bakoitza nolakoa den, zer tresna dituen, testuingurua zein den... Horrek guztiak garrantzi handia dauka adikzio bat sortzeko orduan».

Adikzioak adikzio, norberak izaten du erabakitzeko ahalmena askotan: egin ala ez egin. Kokaina edo beste edozein droga modu arduratsuan kontsumitzearen alde egiten dute Ai Laketen. Ez dute esaten drogak «onak» direnik, baina norberaren erabakiaren alde egiten dute, betiere informazioa jaso ondoren: «Substantziari buruzko informazioa emango dizugu, dosiari buruzkoa, printzipio aktiboaren kantitatea... Kalean topa daitekeen kokainaren purutasuna oso aldakorra izan daiteke; beraz, oso garrantzitsua da gurearen gisako zerbitzu batera jotzea kokainaren konposizioari buruz ahalik eta gehiena jakiteko. Horrela, segurtasunez kontsumitzeko pauta batzuk jasoko ditu erabiltzaileak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.