Hauts gehiegi alfonbrapean

'FIFA Uncovered' telesail dokumentalak munduko futbol erakunde eta agintari nagusien egiturazko ustelkeria esploratu du, protagonisten hitzekin

FIFA UNCOVERED / NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«FIFAren ustelkeriak sustrai sakonak ditu, errotuta dago eta kontrolaezina da. Erakundeak kalte larriak eragin dizkio futbolaren irudiari eta integritateari, mundu mailan». Europako Batasunaren duela bi asteko ebazpen bat da, Qatarreko Munduko Futbol Kopa hasi berritan egindakoa.

Milaka migratzaileren lan heriotzek eta giza eskubideen urraketek hautsak harrotu dituzte oraingoan, baina duela lau hamarkada gauzak ez ziren horren ezberdinak. 1978ko Argentinan, milaka futbolzalek berdeguneari begiratzen zioten bitartean, torturak eta heriotzaren hegaldiak ohiko metodoak ziren diktadura militarrean.

Paralelismo hori hartu du abiapuntu gisa lau ataleko FIFA Uncovered telesail dokumentalak, munduko futbol erakunde boteretsuenak urte luzez eraikitako inperioa aletzeko. 1970eko hamarkadan, futbola negozio erraldoi bilakatzen hasi zen lehen marketin operazioen bitartez, eta berehala heldu zen telebista eskubideen lehia. Partidak zein katetan eman, non jokatu, etekinak nora bideratu... Erabakiz erabaki, FIFAren jarduna geroz eta ilunagoa bilakatu zen.

Blatter, Warner, Bin Hammam...

Telesailak erabaki horien atzean egon ziren pertsonak eta botere orekak azaldu ditu, protagonista nagusiak elkarrizketatuz. Artxiboko irudien artean tartekatu dituzte, besteak beste, Joseph Blatter —argazkian—, Jack Warner eta Mohammed bin Hammamen adierazpen mamitsuak. Europa, Amerika eta Asiako futbol agintari nagusiak izan ziren eta euren lekukotzak balio berezia du. Izan ere, elkarlanean ez ezik, elkarren aurka ere aritu ziren, elkar suntsitzeraino.

Daniel Gordon da telesail honen sortzailea, azken bi hamarkadetan hainbat kirol istorio seinalatu pantailara eraman dituen zinemagile britainiarra. Hizlariak kameraren aurrean jarri eta estilo formal konbentzionala erabili du, errepikakorra. Dena den, lekukotzak modu trebean josi eta zukutu ditu, eta emaitza entretenigarria lortu du. Futbolzaleek gozatuko dute, baina kirola maite ez dutenek ere izango dituzte adi egoteko moduko hamaika arrazoi.

Telesailak FIFA erakunde kriminal baten tankeran deskribatzen du, The Godfather eta Succession maisulanekin alderaketa beldurgarriak ezartzeraino. Beste behin ere, errealitateak fikzioa gainditzen du. Horren adibideetako bat, Afrikako herrialde behartsuenei botoen truke hitzeman eta sekula gauzatu ez diren kirol instalazioak eta garapen programa milioidunak.

Dokumentalean kirolak ez du garrantzirik, ez dago berdegunearen arrastorik. Jainko izatera jolastu nahi duten gizonen azpijokoak dira protagonista, baita euren zigorgabetasuna ere. Blatter bost aldiz segidan hautatu zuten FIFAko presidente, eta bera zen kirol erakunde honetako agintari nagusi gertuko lankideen kondenak eta espetxeratzeak heldu ziren garaian. Baina Blatter ez dute sekula epaitu, FIFA izan zen zortzi urteko inhabilitazioa ezarri ziona, eta lotsagabe mintzo da kameraren aurrean.

Amaitu da telesaila, katez aldatu eta Qatarreko final laurdenak parean. Babesa ala boikota? Zilegi al da itsu plantak egitea? Beste aldera begiratu eta futbola txalotzen jarraitzea? Baina, nola eman bizkarra kirol erregeari? Hainbestek maite duten zaletasunari? Partida jokoan da, onenak irabaz dezala.

'FIFA UNCOVERED'
Sortzailea: Daniel Gordon.
Pertsonak: Joseph Blatter, Jack Warner, Mohammed bin Hammam, Michel Platini, Mary Lynn Blanks.
Herrialdea: AEB.
Urtea:
2022.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.