Hauts arteko egunak

Etxeko hautsak, behin eta berriz bildu eta behin eta berriz sortzen den horrek, mikromundu bat ezkutatzen du. Zerez dagoen osatuta? Zuntzak ditu, lizuna, ileak, bakterioak, birusak, akaroak, horien gorotzak, larruazaleko ezkatak, intsektuen zatiak...

Hauts matazak, erratza eta jasogailua, etxe batean. BERRIA
Hauts matazak, erratza eta jasogailua, etxe batean. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko urriaren 17a
05:00
Entzun

Izarrena da egun batean bizigai bihurtu zena, eta etxekoa da egunero apaletan pilatzen dena, trapuetan itsasten dena, eta erratzek beste zenbait gonbidaturekin batera biltzen dutena. Ez da kezka filosofiko bat etxeko hautsarena —«ez ginaden gu hauts hartatikan ernai»—. Baina zer da? Zer dauka? Eta, batez ere, zergatik birsortzen da horren azkar eta erraz? Ongi etorriak bilo mordoilo eta hauts matazen mikromundu katramilatsura.

«Esadazu zure etxeko hauts matazak nolakoak diren, eta esango dizut non, norekin eta nola bizi zaren». Hori da funtsean Coloradoko Unibertsitateak (AEBak) etxeko hautsaren inguruan egindako ikerketa baten emaitza. 1.200 etxeetan jasotako laginak aztertu zituzten. Emaitza: etxe horietako biztanleak milaka onddo eta bakteriorekin batera bizi zirela, eta bakterio komunitate hori ezberdina zela etxean bizi diren gizonezkoen eta emakumezkoen arabera, maskoten arabera, etxeak berak duen antzinatasunaren arabera, eta kokapenaren arabera, besteak beste. Yourwildlife.org izeneko webgunearen bidez jaso zituzten datuak. Parte hartu zutenei isipu esteril bat bidali zieten, eta etxeko ate baten erlaitzeko hautsa jasotzeko eskatu, gutxien ukitzen den zatia delako, eta gutxien garbitzen dena ere bai.

Dayson etxetresna elektrikoen enpresak ere egin du etxeko hautsari buruzko ikerketa bat, berriki. Dennis Mathews mikrobiologoak zuzendu du, eta hamar herrialdetako 10.754 lagunek hartu dute parte. Emaitza, etxeko hautsak osagai ugari dituela: besteak beste, zuntzak, lizuna, ileak, polena, bakterioak, birusak, akaroak, horien gorotzak, intsektuen gorputz atalak, larruazaleko ezkatak, errautsak, kedarra, mineralak, eraikuntzarako materialak eta lur zatiak. 

Leire Ruiz Rubio EHUko Kimika Fisikoko irakasleak egin du hauts artean entresaka: «Etxeko hautsa deitzen diogun arren, esan behar da hauts horrek bi iturburu nagusi dituela: etxe barrukoa da bata, eta etxe kanpokoa da bestea». Izan ere, Ruizek dio etxearen «kokapenak» zerikusi «handia» duela: «Horren arabera, kanpotik barrura sartuko den hautsaren osagaiak ezberdinak izango dira. Adibidez, labe garai batzuen ondoan bizi denak metalak eta kimikoak izango ditu metatuta etxeko hauts horretan. Autobide edo errepide nagusi batetik gertu bizi denak garraiobideek eragindako keak eta hautsak izango ditu etxe barruko hauts horretan».

«Etxearen kokapenaren arabera, kanpotik barrura sartuko den hautsaren osagaiak ezberdinak izango dira. Adibidez, labe garai batzuen ondoan bizi denak metalak eta kimikoak izango ditu metatuta etxeko hauts horretan»

LEIRE RUIZ RUBIOEHUko Kimika Fisikoko irakaslea

Ordea, etxean bertan ere sortzen da hautsa. «Geuk sortzen dugu hori: geure ilearekin, geure larruazalarekin… Ez garelako sugeen modukoak, baina azalberritu egiten garelako gu ere, urte sasoiaren arabera. Akaroak elikatzen ditugu horrekin, eta haiek hiltzean, edo haien gorotzekin, etxeko hautsa sortzen da». Horiek guztiak eta gehiago dira irudika daitezkeenak: «Baita guk jandakoaren arrastoak ere: jaso gabe gelditzen diren hondarrak, papurrak… Eta kozinatzen dugunean ere, etxe osora doana ez da usaina bakarrik izaten. Halako mikropartikula batzuk ere barreiatzen dira».

Eta Ruizek aipatu dituen osagai kimiko horiek ere ez dira beti kanpotik barrura sartutakoak. «Geuk sortutako etxe barruko hauts horretan ere egon litezke. Etxean ditugun altzarietatik eta hormetatik askatzen dira, horien bernizak eta margoak apurka-apurka degradatuz doazelako. Eta gai kimikoak dira». Beste adibide bat: «Euli bat agertu orduko ateratzen du nire amak intsektizida. Horrek ere arrastoa uzten du, ordea, etxeko hauts horretan».

Eta metaketa horretan guztian zeresan handia du hezetasunak eta elektrizitate estatikoak. Ruizek dio etxeko hezetasun maila «egokia» izan behar dela. Hautsaren eta gai horien metaketa gutxitu egiten dela horrela. «Guk hartzen ditugun neurriak, azken batean, hauts horiek pilatu eta ikusgarri egiteko hartzen ditugunak dira. Erratzarekin, trapuarekin, xurgagailuarekin… pilatu egiten dugu hautsa, eta ikusi egiten dugu. Horrela, kendu egin dezakegu, hondakin bihurtu, eta ez da berriro ziklora bueltatuko». Alegia, mopaz bildutako hori guztia ez astindu leihotik. «Mopaz bildutako hori leihotik botatzen baduzu, zikloa berriro hasten ari zara. Jasotakoa zakarrontzira botatzea hobe», azaldu du Ruizek, umorez.

«Sortzen dugun hautsak egiten gaitu». Ruizek argi dauka orain arte egin diren ikerketa horiek arrazoi dutela, gure etxeko hautsa badela garenaren adierazgarri ere. Bakarrik edo konpainian bizitzeak, maskotak izateak, erretzeak... Inguru horrek guztiak asko «baldintzatzen» duela etxeko hautsaren konposizioa. Eta eman du beste adibide bat: «Askotan, kandelak pizten ditugu etxean usain ona edukitzeko. Ez gara horretaz ohartzen, baina oso kutsagarriak dira. Etxe barruan zerbait erretzen ari zara, eta usain hori ere bada zenbait konposatu kimikoren emaitza. Eta ez dira oso osasuntsuak. Azkenean, funtzionatzen duena gure amamak beti egiten zuena da: jaiki bezain pronto, leihoak ireki eta aireztatu etxe osoa, berriztu oxigeno guztia».

Eta behin konponbideak ematen hasita, hautsak eta bestelakoak gutxitzeko, oinetakoak etxetik kanpora uztearena ohitura ona iruditu zaio Ruizi. Oinetakoen zoletan «gauza asko» sartzen direlako etxe barrura. «Osagai kimikoei buruz ari garenean, ez gara ari bakarrik sintetizatu diren kimiko horiei buruz. Lurzoruan ere egon liteke osagai kaltegarriren bat, metatu direlako lurzoruan bai kimiko sintetikoak, baina baita naturalak ere». Etxea txukun eta garbi eduki behar dela esatea pellokeria da halakoetan, baina horren inguruan ere badu ohartarazpen bat: «Etxea garbitu behar da, bai, baina horretarako desinfektatzaileak lepo erabiltzen badituzu, arazo handiago bat ari zara sortzen. Etxea garbitu, txukundu, baina iltzez eta giltzez ixten baduzu, ez da ezer sartuko, baina ez da ezer irtengo. Hori ez da konponbidea. Airea berriztatu behar da. Arrazoi zuen amamak».

Etxeko hautsaren eta giza osasunaren arteko harremana zalantzaz beteta dago oraindik. ACS AEBetako Kimika Elkarteak egindakoa da orain arteko ikerketarik osoenetakoa. Ateratako ondorio nagusia da hautsa kutsatzaile jakin batzuekiko esposizio iturri garrantzitsua dela, baina hautsean dauden konposatu asko ezezagunak direla oraindik, eta asko dagoela ikertzeko eta espektro osoa ezagutarazteko. Zalantzan jartzen ez dutena da etxeko hautsak alergiak eragiten dituela. «Akaroen antigenoek sortzen dituzte alergiak. Eta antigenoak izaten dira, normalean, proteinak. Akaroen kasuan, zenbait proteina dituzte, eta zu proteina horiei alergiko bihurtzen zara. Hogei antigeno baino gehiago daude identifikatuta, baina ohikoenak izaten dira akaroen gorotzak eta akaroen gorputz zatiak», azaldu du Aritza Segurolak, Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitaleko alergologoak.

«Larruazal zatiak daude hauts horretan, eta akaroak horri esker elikatzen dira. Etxean maskotak badaude, janari gehiago izango dute»

ARITZA SEGUROLAGurutzeta ospitaleko alergologoa

Akaroena: beste mundu bat. 30.000 baino gehiago daude identifikatuta, eta beste hainbat oraindik identifikatu gabe. Zeintzuk diren ohikoenak? «Dermatophagoides farinae eta Dermatophagoides pteronyssinus akaroak dira etxeko hautsean ohikoenak. Badaude biltegietako akaroak ere —Lepidoglyphus, Tyrophagus, Acarus siro…— baina horiek ohikoagoak dira sukaldeetan eta janaritegietan», zehaztu du Segurolak. Eta zer den akaro bat? «Akaroak artropodoak dira izatez, armiarma txiki baten antzekoak. Ez digute zizta egiten, baina guk askatzen ditugun azal zatiak jaten dituzte. Izan ere, geure larruazal zatiak daude etxeko hauts horretan eta horri esker elikatzen dira. Urte osoan izaten ditugu geure artean, baina udazkenean eta neguan izaten dugu haiekiko esposizio handiagoa, etxe barruan denbora gehiago egoten garelako, eta haiek birsortzeko baldintzak ere egokiagoak direlako: hezetasuna maite dute, eta iluntasuna».

Sintomen berri ere eman du Segurolak: «Akaro horiek errinitisa eragiten dute. Alegia, doministikuak, kongestioa, mukieria, sudurreko azkura eta konjuntibitisa. Kasu batzuetan, litekeena da asma sorraraztea ere». Etxean animaliak izateak badu eraginik? «Ez du akaro espezieetan eragiten, baizik eta kopuruan. Maskotak baldin badaude, janari gehiago izango dutelako, txakurrei eta katuei ere azal zatiak jausten zaizkielako, eta haien ileen artean gustura eta goxo egoten direlako». Gomendioak: «Asko garbitu, hezetasuna kentzeko gailuak erabili, alfonbrak kendu, maindireak askotan eta ur beroarekin garbitu… Baina hori guztia eginda ere, akaroak dituzu eta izango dituzu etxean». Eta izarren hautsik batere ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.