Fotokazetaria

Santi Palacios: «Zer pentsa ematen diguten argazkiak inoiz baino premiazkoagoak dira»

Argazkilaritzaren funtzio informatiboan sinesten du Palaciosek. Epe luzean gertaerak dokumentatzeko ere balio duela uste du: «Epe ertainean zertarako balio duen? Ba, hor zalantzak dauzkat»..

Santi Palacios, asteartean, Donostiako Okendo kultur etxeko erakusketan. JON URBE / FOKU
Santi Palacios, asteartean, Donostiako Okendo kultur etxeko erakusketan. JON URBE / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Santi Palaciosen (Madril, Espainia, 1985) argazkiak munduko makina bat egunkaritako azaletan agertu dira: The New York Times, The Washington Post, The Guardian, Liberation, Le Monde, Corriere de la Sera... Sari ugari ere jaso ditu; besteak beste, World Press Photo, Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala eta Luis Valtueña Nazioarteko Saria. Donostiako Okendo kultur etxean azken sari hori irabazi duten argazkilarien erakusketa paratu dute. Ekainaren 15era arte egongo da zabalik. 

Buchako sarraskia. Halaxe deitzen da erakusketan dagoen zure atala. Hamar argazki dira. 

Ukrainako Bucha hirian ateratako argazkiak dira. Kievetik gertu dago eta gerra frontea han egon zen, hilabetez. Errusiako tropak iparraldera erretiratu ostean iritsi ginen, herritarrak sotoetatik ateratzen ari zirenean. Hirian sartu bezain laster ohartu ginen izugarrikeria baten lekuko izaten ari ginela. Olga, gorriz jantzitako emakume hau [behatzarekin seinalatu du argazkia], gerturatu egin zitzaidan, eta patio batera eraman ninduen. Zortzi gorpu zeuden, eta denek zuten tiro bat buruan. Hirian bostehun lagun hil zituzten, eta 3.500 geratzen ziren bizirik.

SANTI PALACIOSEN ARGAZKIA. UKRAINAKO BUCHA HIRIA
Ukrainako Bucha hirian 2022ko apirilaren 1ean ateratako argazkia. Olga da argazkiko emakumea. SANTI PALACIOS
Ortega y Gasset saria irabazi zenuen argazki horietako batekin. 

Bai. Yablunska kaleko argazkia da. Hilotzez beteta zegoen. Argazkian hamabi bat gorpu daude, batzuk lehen planoan eta beste batzuk urrunago. Nire atzean beste hogei bat egongo ziren. Inork ez zekien zenbat denbora zeramaten han; orduak, egunak... Agerian zegoena zen han gerra krimenak egin zituztela. Lekukotzak itzelak ziren. Bortxatuak izan ziren emakumeak ere baziren tartean. Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikerketa abiatu zuen. Argazkietako batzuk erabili dituzte hainbat ikerketatan. 

Esan izan duzu isiltasunak sortu zizula arretarik handiena... 

Erabat. Isiltasuna dago argazki horretan. 2022ko apirilaren 1a zen. Zaratarik eza zirraragarria zen. Dena zen basatia. Ezin genuen horrelako zerbait imajinatu ere egin. Egun batean, eta beste batean, eta beste batean itzuli ginen, xehetasunen bila. Inork ez genuen pentsatzen Errusiak Ukraina inbadituko zuenik. Inozoak izan ginen. 

Zertarako balio du argazkilaritzak?

Gauza askotarako balio duela esango nuke. Epe laburrera, funtzio informatiboa dauka; errealitatea ikusarazteko eta erreakzio bat eragiteko balio du. Gerturatu izan zaizkit gobernuz kanpoko erakundeetako kideak esatera nire argazki bat ikusi ostean joan direla ez dakit nora. Epe luzera, gauzak dokumentatzeko balio du. Epe ertainera zertarako balio duen? Ba, hor zalantza gehiago dauzkat. Argi dagoena da zer pentsa ematen diguten argazkiak premiazkoak direla.

Gazatik etorri berria zara. Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak zabaldu zuen itsas korridorearen argazkiak atera dituzu. Zer ikusten da itsasotik?

Hondakinetan dago dena; eraikinak hutsik, erortzear, erorita ez badaude. Izugarriena izan zen ikustea hiria bonbardatzen ari ziren bitartean, aldi berean, hegazkinetatik laguntza humanitarioa botatzen ari zirela. Makabroa iruditu zitzaidan.

MELILLAKO HESIA - INMIGRAZIOA
Melillako hesia, 2014an. Palaciosek Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala irabazi zuen argazki honekin. SANTI PALACIOS
World Press Photo sariak banatuko dituzte gaur. Zuk 2017an jaso zenuen sari hori. Libiako kostaldean ateratako argazki bat zen. Bi haur ageri dira, negarrez...

Open Armsekin egindako erreskate bat izan zen. Uste nuen beldurrarengatik ari zirela negarrez, baina gerora jakin nuen zergatik egiten zuten negar: izeba bat zihoan umeekin eta hark esan zidan haurren ama bidean hil zela; hondartzan geratu zen haren gorpua.

Bereziki migrazioaren gaian jarri duzu arreta. Zergatik? 

Muga batean dena dago: atzean uzten dutena, gatazka bera, bidearen ankertasuna... Historia osoa kontatu daiteke eta testuinguruan jarri.

lotsabako

Zuri-beltza edo kolorea?
Zaila da erantzuten, baina kolorea esango dut.

Argazkilari bat?
Josef Koudelka. Berak esaten du ahazten ez den argazkia dela onena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.