Kriztof Arotzarena. Irrati esataria

«Haurtzaroko oroitzapen politak sor ditzake irratiak»

Haurrentzako saio parte-hartzaile bat ari da gidatzen Arotzarena, Euskal Irratietan. Astegunetan, 10:00etan, neska-mutikoen ipuinak, kantak eta bertsoak entzun daitezke.

EUSKAL IRRATIAK.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
2002. urtetik ari da Euskal Irratietan lanean Kriztof Arotzarena (Baiona, 1976). «Egun bereziak» bizitzen ari dela aitortu du.

Nola bururatu zaizue Euskal Irratietan haurrentzako eguneroko irratsaio bat egitea?

Egoerak manaturik... Koronabirusari aurre egiteko, helburua da egin ahala langileek etxetik lan egin dezaten. Euskal Irratietako arduradunek langile guziei galdegin ziguten zer-nolako aukerak genituen lan egiteko irratian etxetik, haurrak bagenituenez zaintzeko eta abar... Ondotik, antenako zuzeneko egitarauak murriztu dira, gutiengo batek irratian lan egiteko. Kontuan hartu dugu ikastolak eta eskolak hetsiak zirela; beraz, haurrengan eta gurasoengan pentsatu dugu. Egoera bereziari tratamendu berezi bat eman behar zitzaiola. Euskal Irratietako arduradunek proposatu didate haurren saio parte hartzaile baten osatzea. Justu hori aitzin, entzule batek deitu gintuen —mediateketan ipuinak kontatzeko ohitura du—,eta prest zela ipuinak haurrei kontatzea gure uhinen bitartez. Ondotik hasi gara komunikatzen, sare sozialen bidez gehienbat eta, bistan da, gure uhinen bidez; deialdi bat zabaldu dugu, jendeak motibatzeko, etxetik grabatzeko, eta gero guri helarazteko.

Zeintzuk dira emankizunaren eduki nagusiak?

Astelehenean hedatu genuen lehen atala. 30 minutuko saioa da. Etxetik haurrek grabatu ipuinak, kantuak eta bertsoak kausi daitezke. Heldu batzuen ekarpenak ere badira. Haurrei doakien saio bat da; inspirazioa libre.

Haurrak etxean daude egun osoan. Zer ekarpen egin nahi diezue haur eta familia horiei?

Egoera honetan, astegunik edo astebururik ez da gehiago. Anitzek etxetik lan egiten dute, eta haurrekin dira. Sorkuntza bat, proposamen bat, aktibitate bat proposatzen diegu. Baina ekarpena haiek egiten dute. Gainerat, haur anitzek ikastolan edo eskolan baizik ez dute euskararik entzuten, familia erdalduna denean. Ez dago argi noiz arte ikastetxeak hetsirik izanen diren. Beraz, saioari esker, euskararekiko harremana atxikitzen dute.

Koronabirusaren krisia amaitzen denean, haurren emankizunak beste ordutegi batean jarrai dezake Euskal Irratietan?

Bai. Gehiago irailetik goiti, beharbada. Egoera zailetan anitz ikasten omen da. Geroak erranen digu. Hor, etxetik atera gabe egon behar dute haurrek ere bai. Ondorioz, denbora gehiago badute sorkuntzen asmatzeko, edo grabaketak egiteko. Krisia amaitzen denean, ikastola, kanpoko kultur eta kirol aktibitateak berriz hasiko dira. Baina aurrekari bat utziko du koronabirusak. Irakaspen onekin ere bai. Edonola ere, krisiaz aparte, haurren saioak beharrezkoak dira irratietan.

Iruditzen zaizu irratigintza haurrentzat tresna polita izan daitekeela?

Bai, noski. Etxetik, haur batzuek mikrofono bat eskuan grabatu dute, eta, menturaz, ilusioa sortu zaie. Agian, ondoko urratsa izan daiteke irratiak bisitatzea. Garai hauetan, bakoitzak bere kaiolan egon behar du, eta ohartzen gara Interneten garrantziaz. Bainairratiak ere rol handi bat dauka, eta zinez bere hedabide edo komunikazio funtsa betetzen ari da.

Antxeta irratian haurrek egindako saio bat eman izan dute, Euskal Irratietan tailerrak egin izan dituzue haurrekin. Zergatik iruditzen zaizue garrantzitsua haurrak irratira gerturatzea?

Geroari begiratzeko... Haurrak biharko entzuleak direla diogu. Ttipitik edo haurtzarotik ohidura hartzen bada, ondoko urratsak naturalkiago egiten dira. Haurtzaroko oroitzapen onak sor ditzake irratiak, puntu baikorra baizik ez da izaten ahalko geroari begira. Gainera, ez irratian bakarrik, haur baten saioak familia osoa hunkitzen du. Irudiaz mintzatzeko, luzaz, entzun dugu adin batetako jendeek zituztela Euskal Irratiak entzuten. Azken urteetan egin denaren bidez —haurren emankizunak, irrati tailerrak...— irudi gazteago bat ere badute Euskal Irratiek. Baina gehiago egiten ahal liteke.

Haurren irudimena irratirako gehiago baliatu beharko litzateke?

Bai. Ahoan bilorik gabe mintzo dira. Ez dute kalkulatzen. Naturaltasun batekin ari zaizkigu. Arintasun bat ekartzen dute. Egia da, ni lehena, seriosegiak garela irratietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.