Haurren ordezkari finenak izatearen ardura eta ohorea

Obeko Fernandez eta Maider Perez dira aurtengo Zeledon Txiki eta Neska Txiki.Urduri egon arren, pozik agertu dira gasteiztarren aurrean

Irudian, Obeko Fernandez eta Maider Perez, aurtengo Zeledon Txiki eta Neska Txiki. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
«Zeledon Txiki izan diren askorekin hitz egin nuen, eta batzuek esan zidaten eguna oso gogorra izango zela». Hitz horiekin deskribatu zuen bere egitekoa Obeko Fernandezek, aurtengo Zeledon Txikik. Aurtengo Neska Txiki Maider Perezekin aritu zen Gasteizko jaiek haurrei eskaintzen dieten egunean. Fernandezek 12 urte dauzka, eta Biznietos de Celedon kuadrillako kide da; Perezek, berriz, 10 urte dauzka, eta Hegotarrak kuadrillako kidea da.

Biak ala biak oraindik gogoratzen dira Zeledon Txiki eta Neska Txiki izango zirela jakin zutenekoaz. Perezi aitak eman zion albistea: «Gasteizen buelta bat ematen ari nintzen familiarekin. Arratsaldean, San Migelgo balkoira hurreratu ginen, eta, han, aitak kuadrillaren mezu bat erakutsi zidan. Hor jartzen zuen Neska Txiki izango nintzela aurten». Fernandezek Errege egunean jakin zuen ezusteko albistea. Oparien artean, gutun-azal bat zegoen Fernandezentzat: «Gutun-azala niretzat zela ikusi, ireki, eta irakurri nuen ni izango nintzela aurtengo Zeledon Txiki. Eta horrek asko hunkitu ninduen».

Izan ere, biek zuten Zeledon Txiki eta Neska Txiki izateko nahia. «Urtero aurkeztu nahi nuen, baina azkenean ez nintzen aurkezteaz gogoratzen. Joan den urtean ez zitzaidan ahaztu; neure burua aurkeztu nuen, eta, azkenean, hemen nago», zioen Fernandezek. Perezek txikitatik zeukan Neska Txiki izateko gogoa: «Oso txikia nintzenetik atera naiz jaietan, eta beti joaten nintzen Zeledon Txiki eta Neska Txikiren jaitsiera ikustera. Agertokiaren gainean jartzen nintzen, eta neure buruari esaten nion 'Handiago naizenean, Neska Txiki izan nahi dut'. Eta aurten, kuadrillak nire izena eman zuen, eta, geroago, ni izango nintzela esan zidan aitak».

Egunik handiena

Egun garrantzitsua izan zen atzokoa bi haurrentzat, Gasteizko haur guztien ordezkari izan baitziren egun osoan. Nahiz eta eguneko momenturik gorena jaitsierarekin etorri zen —eta jaitsiera osteko hitzaldiarekin—, eguna Andre Maria Zuriari eginiko lore eskaintzarekin hasi zuten Zeledon Txikik eta Neska Txikik. Ekitaldi horretan, aurreskua dantzatu zuten, ama birjinaren estatuaren aurrean.

Aurreskua prestatzeko, bi haurrak entseatzen aritu dira azken hilabeteotan. Fernandezek bazeukan aurreko esperientziarik: «Niretzat errazagoa izan da, Musika Eskolara joan izan naizelako, eta urrats batzuk banekizkielako aurretik». Perezek, ordea, hutsetik heldu behar izan dio euskal dantzari: «Nik ez nekien aurreskua dantzatzen. Hasiera-hasieratik ikasi behar izan dut».

Biek ala biek bazuten planik eginda atzoko egunerako. Hala iragarri zuten aurretik. «Nik dena prest daukat. Oso pozik egongo naiz egun osoan», esan zuen Fernandezek.

Perezek, berriz, eguna «topera» gozatuko zuela esan zuen. Eta badirudi haien planak bete zirela. Izan ere, oso alai ibili ziren eguneko ekitaldietan, ederki gozatuta. Nahiz eta urduritasunaren mamua ez zuten gainetik kendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.