Francesco Tonucci (Fano, Italia, 1941) psikopedagogo, pentsalari eta marrazkilaria da. Haurren neurrira egindako hiri eta herriak aldarrikatzen ditu. 1991n Fano herrian abiatu zuen La cita dei bambinni (Haurren Hiria) proiektua, ordutik asko zabaldu da bere eredua nazioartean.
Zer iritzi duzu Haurren Hirien Sarea proiektuari buruz?
Haurren Hiria proiektua hirian osatzea litzateke bide naturala, hiri proiektua delako. Baina oso aukera ona da Euskal Herrian Haurren Hiria proiektuaren barruan sarea osatzea. Laborategi gisa ulertzen dut nik: tailer artistiko eta zientifikoak biltzen dituen laborategia. Proiektua sustatu, laguntza eman, koordinatu eta baliabideak sortzeko izango litzateke. Klabea irekia izatea da, Frantziako lurraldeko probintziak edota Nafarroak parte hartzeko. Orain, udalerri bakoitzak hausnartu beharko du sarean sartu nahi duen ala ez. Baina interesgarria da proiektua Leioa bezalako herri txiki batetik abiatzea, metafora bat da: txikien arazoekin sentiberagoak dira hiri txikiak.
Nazioartean badago horrelakorik?
Duela hogeita lau urte sortu zen Haurren Hiria proiektua Fanon (Italia). Hasieran uste genuen bertan geratuko zela, baina asko zabaldu da nazioartean. Eta orain sare lokalak eta zabalagoak sortu dira munduan zehar. Latinoamerikan eta Italiako Lazio eskualdeetan, adibidez. Euskal Herriko herrietan hasi dira era horretako esperientziak, hortaz, era horretako sare bat sortzea interesgarria da.
Haurrekin lan egitea nolakoa da?
Askotan esaten dut haiekin lan egitea dibertigarria edo atsegina baldin bada oker gabiltzala, eta gogorra eta zaila baldin bada, berriz, ondo. Umeak ezerosoak baitira guretzat, ezberdin pentsatzen dutelako. Gero eta txikiagoak izan, orduan eta gatazka handiagoa sortzen zaigu. Nerabetasunetik gero eta hurbilago egon, are gehiago ulertzen dute helduen jokatzeko era, hori izateko bidean daudelako. Askotan, gainera, helduek entzun nahi duguna esaten dute haurrek, horrela erakusten diegulako. Ikasle batek jaso dezakeen notarik onena irakaslearen hitzak errepikatuz lortzen du. Kontu handiz ez bagabiltza haurrak gu bezala pentsatzen dutela uste izango dugu. Hori gainditu eta haurren ideiak dauden tokira iritsi behar dugu.
Hirietan jolasteko eskubidea aldarrikatzen duzu zuk...
Jolastea jendea ezagutzeko gaitasuna da, arriskua praktikan jartzea esan nahi du. Eta arriskuak beharrezkoak dira bizitza estrategiak garatzeko. Heldu baten eskutik baldin badoaz, ez dute inoiz arriskurik aurkituko. Nerabezarora iristean, beranduegi aurkituko dituzte arrisku horiek guztiak. Niretzat heziketa akats bat da haurtzarotik arriskuak kendu izana, beharrezkoak dira.
Haurrez ahaztu dira hirietan?
Espazio publikoak denon espazioa esan nahi du. Gaur egun umeei esaten zaie non egon eta zer egin. Gune bereziak antolatzen dizkiegu, eta hori ez al da bazterketa era bat? Haurrak ez dira beraiek antolatutako espazioetara bakarrik joaten: beraientzako espazioa izan arren, heldu batekin doaz beti beraiek zaintzeko. Espazio publikoaren esanahiaren inguruan hausnartzea gakoa da.
Zer litzateke, hortaz, egokiena?
Gutxirekin laburtu daiteke: elkarrekin bizi gara elkar lagundu gaitezkeelako. Haurrak kalean baldin badaude, kalea segurua da, eta espazio publikoa egokia baldin bada, egunaren aldi guztietan erabiliko da, egunez zein gauez. Denbora guztian norbait bizi da, eta hori da segurtasuna.
Bitxikeriaren bat?
Italiako haur batek alkateari idatzi zion esanez jolasguneko bankuak txarto eraikita zeudela. Jolasgunera begira zeudela esan zion, eta, ondorioz, aitonak zelatatu egiten zuela, eta hori ez zuen gustuko. Gainera, aitona kuxkuxeroa izanda kanpora begiratzea gustukoago lukeela hark ere, kalea behatzeko. Nahastu egin zirela esan zion alkateari, alderantziz jarrita hobea litzakeelako bai beretzat bai aitonarentzat.
Francesco Tonucci. Psikopedagogoa
«Haurren ideiak dauden tokira iritsi behar dugu»
Hiriak haurren parametrotik eraikitzearen aldekoa da Tonucci, eta horretarako beharrezkoa ikusten du horiek entzuten ikastea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu