Haurrek faltan zuten ipuina

Steilas sindikatuak eta Dom Campistron ilustratzaileak 'Aske izan koloretan' liburua argitaratu dute, haur hezkuntzan lantzeko. Genero estereotipoak deseraiki nahi dituzte. Ikastetxeetara igorri dute.

DOM CAMPISTRON.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Euri, Maixa, Sole, Gexan eta Mixel lagun talde bat da. Haiek badakite zer den egia, eta haiek erakusten diete helduei nola bizi izan behar den. Horiek dute dena ulertu, askeak baitira. Helduak frustrazioz beteak dira, triste eta beldur». Dom Campistron ilustratzailearen azalpenak dira. Steilas sindikatuarekin batera, Aske izan koloretan liburua argitaratu du, haur hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa. Sexu eta genero estereotipoak deseraikitzea dute xede, eta hori haurrekin landu nahi dute.

«Hau da gelan gaudenean beti kontatu nahi izan dugun ipuina, eta beti faltan izan duguna. Heldutan konturatu gara haurrak ginenean ipuin asko kontatu zizkigutela, baina hau falta zen». Txiki Estibariz Steilaseko kideak azaldu du liburuaren premia: «Haur hezkuntzan, balioen transmisioa ipuinen bidez egiten da askotan, eta hau da falta genuen tresna. Horregatik sortu dugu». Izan ere, norma edozein lekutan ageri da, eta hortik aldentzen dena bazter geratu ohi da ipuinetan ere. «Heteroaraua nonahi lantzen da, eta jaiotzen garenetik barneratzen dugu. Eredu on bat eta bakarra dagoela ikasten dugu, eta besteok, eredu horretatik at gaudenok, aniztasuna gara, besteak gara». Hain zuzen ere ipuinak horrekin hautsi nahi du: eredu on bakar bat ez dagoela erakutsi, alegia. Denak direla baleko.

Gogoz hartu du liburua egiteko eskaria Campistronek. Bere lanetan sarri lantzen ditu LGTBI irudikapena eta feminismoa; beraz, «alimaleko plazera» izan zaio liburua egitea. Ez horregatik bakarrik: «Sinesten baitut gauza anitz konpontzen ahal direla eskolatik hartuz eta umeekin landuz». Hala, lagun talde bat osatu du, askotarikoa: «Erakusteko askotarikoak garela eta badirela larru kolore ezberdinak, badira pertsonalitate anitz ere, eta entseatu gara jostatzen generoarekin». Lagun taldeko inork ez baititu genero rolak betetzen. «Nehork ez du zinez alde femenino bat eta alde maskulino bat; denek badute dena. Biziki inportantea zait erakustea neska gazteei izan zaitezkeela marimutiko, hitz hori baliatu gabe, normala baita; edo mutiko gazteei erakustea izaten ahal zarela sentibera, ezartzen ahal dituzula gonak eta izan zaitezkeela nahi duzun bezala».

Zangaluzeen araua

Herri ttipi batean bizi da haur talde hori. «Dena ongi doa herrian, salbu Zangaluzeak hor direlarik», diote ipuineko hasierako hitzek. Zangaluzeak ez dira gaiztoak, gezurtariak baizik. Araua irudikatzen dute, sistema bitarra eta heterozuzentasuna. Zangaluzeak helduak dira, aurreiritziz josiak. Haurrek bestelako errealitatea erakutsiko diete.

Lau atal lantzen ditu ipuinak hortik aurrera. Lehenbizi Mixel agertzen da, eskolara gona jantzita joaten den mutikoa. «Aldarrikatu nahi diegu umeei ahal dela eta gu hor gaudela sustengatzeko». Bigarren atalak erakutsi nahi du nesken gorputza ez dela zikina. Alde batetik, erakutsi haien gorputzak haienak direla. Bestetik, pixari eta kakari lotutako tabuak hautsi: «Pixa egin dezakezu kanpoan. Helduek dute sartzen pixa eta kaka tabu gisa, eta alimaleko ondorioak ditu horrek haurren heziketan».

Hiru: negarra. Are, mutikoen negarra. «Erakusten zaie mutikoei ez dela negar egin behar, ez dela emozio hori erakutsi behar. Denek ditugu emozioak, eta guziak onak dira erakusteko», azaldu du Campistronek. Azkena: «Gay bikote zerbait nahi nuen erakutsi». Baina ez dio osagai sexualik paratu. «Nik anitz entzuten dut esaldi hori: 'Baina nor da zure amorosa?'. Hori biziki bortitza zait, pentsatzen baitut umeek ez dutela bortxaz harremanik amoros hitz horrekin; halaber, bitxi atxikitzen dut amoros hitza, sexualitateari lotua baita, eta guk hori ezartzen diegu galdegin gabe: 'Norekin nahi duzu egon?' 'Nor polita atzematen duzu zure klasean?' 'Nor gustukoa duzu jostatzeko?'».

Hondarreko horri lehenbiziko pertsonan heldu dio ilustratzaileak. «Ni biziki neska bezala hazi nintzen. Beti jakin nuen ene arropak behar nituela garbi atxiki eta gisakoa izan. Urepelen plantakoa esaten dugu. Beti irriarekin, alai, eta bortxaz hetero». Laugarren atalean bi neska ageri dira: Xole eta Gexan. «Bi neska horiek ez dira amorosak, baina maite dute elkarrekin egotea». Atzera begira paratu da Campistron. «Horrelako errepresentazio bat nik amets egin dut ukaitea nire haurtzaroan».

Eskolako apalategian

LGTBI taldea du Steilas sindikatuak, eta urtero unitate didaktiko bat sortu ohi dute. Liburua tresna bat gehiago izanen da: «Hezkidetza material bat da, sindikatuak bere gain hartzen duena», azaldu du Edurne Errea Steilaseko kideak. «Garrantzitsua iruditzen zaigu aldarrikatzen eta amesten dugun eskola publiko, euskaldun, inklusibo, plural eta feministan gure hazia jartzea».

Hego Euskal Herriko ikastetxe publiko guzietara bidali dute liburua, baita haur eskoletara ere. Ipar Euskal Herrian ere zabalduko dute. Dena den, edozeinek lor dezake liburua. Iruñeko Karrikiri eta Gasteizko Zuloa liburu dendetan salgai izanen da, baita Steilasek Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon dituen egoitzetan ere. Bi bertsio sortu dituzte: bat euskaraz, eta bestea euskaraz eta gaztelaniaz. Campistronen euskalkian idatzia da euskarazko ipuina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.