Naturaltasuna. Hori da umeekin heriotzaz berba egiteko gakoa, Naroa Martinez Suarez irakasle eta psikopedagogoaren irudiko (Gasteiz, 1987). UEUk antolatuta, gai horri buruzko online ikastaro bat emango du martxoaren 3an —gaur da izena emateko azken eguna—.
Noiz jabetzen da bat heriotzaz?
Prozesua txiki-txikitatik hasten da. Heriotza guztiz ulertzeko, bost printzipio daude, Ester Alvarez Uriaren arabera: unibertsaltasuna —denok hilko gara—, itzulezintasuna —behin hilda, ez gara itzuliko—, funtzionaltasunik eza —gorpuak jada ez du funtzionatzen—, kausalitatea —zerbaitengatik hiltzen gara—, eta gorputzik gabeko jarraitutasuna —oroitzapenaren garrantzia—. Horiek nerabezaroan eskuratzen ditugu.
Esaten duzu heriotza ez dela landu behar, baizik eta hartaz hitz egin behar dela. Zergatik ñabardura hori?
Uste baitut natural aritu nahi baldin badugu ez dugula lantzen. Hitz egin behar da, eta hitz egite horrekin lanketa pertsonal bat egiten dugu, baina ez gai akademiko batekin egiten dugun bezala, baizik eta egunerokoko zerbaiten gisara. Zeharkako gai bat izan behar du, dena ukitzen baitu.
Nabarmendu izan duzu haurdunaldian hasi behar dela heriotzaz hitz egiten. Zergatik?
Hasiera-hasieratik izaten direlako sentimenduak, eta, azkenean, helduona delako heriotzaren, sexualitatearen eta halako gaien inguruko tabua. Haurdunaldian, jaioberritan... umeari oso ondo datorkio gai horren ingurukoak entzuten hastea. Baina bereziki onuragarria ikusten dut helduontzat, beldurra kentzeko: ez digunez erantzuten, geure buruarekin arituko bagina bezala da, eta trebatu egiten gara. Helduak tresnak lortzen ditu, ahaldundu egiten da, eta tabua gainditzen du.
«Haurdunaldian umeari heriotzaz hitz egitea onuragarria da helduontzat, beldurra kentzeko: ez digunez erantzuten, geure buruarekin arituko bagina bezala da, eta trebatu egiten gara»
Ikasleetako bati gurasoren bat edo aitona-amonaren bat hiltzen zaionean, irakasleek zelan bideratzen duzue?
Zoritxarrez, irakasleok, orokorrean, ez gaituzte hezi heriotzari eta doluari heltzeko. Ahal den onena egiten da beti. Heriotzaz aurretik hitz egin badugu, haurrek badakite hori gerta daitekeela, eta, orduan, badituzte hain desberdin ez sentitzeko tresnak. Gelan, bakarka, umeari jakinarazten diogu laguntzeko prest gaudela, eta familiarekin harremanetan egoten gara. Profesional moduan, inoiz ez dugu berria guk eman behar, ez baita gure ardura: familiari dagokio; bestalde, sinesmenak sartzen badira tartean, irakasleok ez dugu geure ikuspegiaren edo geure sinesmenen berri eman behar, gatazka sor baitaiteke familiaren eta irakaslearen artean, edo haurren artean.
Oro har, umeek zelan erreakzionatzen dute?
Adinaren arabera, aurreko esperientzien arabera... Txiki-txikitan, hutsunea zuzenean sumatzen dutenean ulertzen dute. Eta orduan denetarik ager daiteke, helduongan bezala: tristura, haserrea, errudunak bilatzeko joera... 5-7 urteen inguruan, adibidez, errudun sentitzen dira egun batean hildakoarekin haserretu zirelako. Eta haur osasuntsu batek emozioekin konektatzen du, ez sentimenduekin: sortzen zaizkion emozioak laburragoak dira, garapen osasuntsuari bide ematekotan ezin baita minarekin eta tristurarekin hainbeste denboraz konektatuta egon. Esango nuke sentimenduak helduenen antzekoak direla, baina indartsuagoak eta laburragoak, beharbada.
Kudeaketa horren barruan, memoria lantzea interesgarria izan daiteke? Oroitzapenetan murgiltzea, adibidez.
Noski. Niretzat oinarrizkoa da. Uste dut Coco pelikulak [2017] horretan lagundu zuela: kontzientzia hartzen hildakoak guregan daudela ahazten ditugun arte, eta hildakoekin partekatu dugun horregatik garela gu geu. Nire txikiak ez zuen bere birraitona ezagutu, eta beti aukeratzen du kiwia nola jan nahi duen: zatitan edo birri-k bezala. Oroitzapen horiek eraikitzea ere oso osasuntsua izan daiteke, aita edo ama nolakoa zen jakin dezaten. Beste gurasoari galdetzea, haren lagunei... Denok dugu geure rola, eta jendearekin elkartu eta hil zen pertsona horren oroitzapena eraikitzea onuragarria da, elkarrekin bizi ez dugunaren hutsunea baita dolua.
«Uste dut tristuraren pedagogia egin behar dugula, batez ere gaur egun, arrakastaren gizartean baikaude, eta porrot moduan hartzen dira tristura eta negar egitea»
Hildakoa adinean gertukoagoa denean (klasekide bat, anaia edo arreba bat...), beste modu batera erreakzionatzen dute? Identifikatu egiten dira, eta jabetzen dira eurak ere hil daitezkeela?
Normalean, ez dute hainbeste lotzen beren heriotzarekin, baina bai gertuko jendea hiltzeko beldurrarekin. Baina, noski, pixkanaka konturatzen dira haurrak ere hil egiten direla. Nik uste desberdintasunik handiena zera dela: haurrek erreferentziazko helduek bezala garatuko dutela dolua. Helduok ez dugunez denbora aldetik natural ikusten haur edo nerabe bat hiltzea, gehiago sufritzen dugu gehienetan, eta horrek eragina dauka haurren doluaren garapenean eta heriotza horiek bizitzeko moduan.
Dolu prozesuan, helduak sostengu ere izan behar du haurrarentzat. Helduak ezkutatu egin beharko lituzke tristura eta negatibotzat jotzen diren emozio horiek, edo tristurarekin ere pedagogia egin daiteke?
Uste dut tristuraren pedagogia egin behar dugula, batez ere gaur egun, arrakastaren gizartean baikaude, eta porrot moduan hartzen dira tristura eta negar egitea. Dolua garatu nahi badugu, hori ere behar dugu. Haurrekin, sentimenduen berri eman behar da, baina ahal den neurrian ahalegindu behar da ez hausten, emozioek gainezka egin ez dezaten. Garrantzitsua izaten da bizkartzain moduko helduren bat egotea, haurraren beharrak identifikatu eta horiei erantzun diezaien.
Bereziki traumatikoak diren heriotzetan (suizidioak, hilketak...), desberdin tratatzen da gaia?
Gauza bera gertatzen da halakoetan ere: helduok amorru eta haserre hori bizitzeko moduak eragina izango du. Pertsona hori ja ez dago, hil egin da, baina zer polita den harekin bizi izan duguna: hori transmititu behar diegu umeei. Suizidio bidezko heriotzetan, ez dugu hildakoa deabrutu behar, ezta bikaintasunez jantzi ere. Askotan, hildakoa gogoratzeko orduan, muturretara eramaten gaituzte halako heriotzek. Heriotza biolentzia bidezkoa izan baldin bada, haurren aurrean ez dugu hiltzailearen kontra egin behar, baizik eta hilketaren kontra. Oso txikiak direnean, alde batera utzi behar ditugu datu morbosoak. Muga oso fina da: ez ezkutatu, baina ez eman kudeatzeko gai ez diren datuak.
lotsabako
Heriotzaren inguruko liburu bat?
El mensaje de las lágrimas, Alba Payas-ena. Dolu prozesua kontatzen du edozeinek ulertzeko moduan eta hainbat testigantzaren bidez.Leku lasai bat?
Orain, umerik ez dagoen edozein toki [barrez]. Baina izan daiteke Dulantzi ingurua [Araba] edo Pasai Donibane [Gipuzkoa].Beldur bat?
Gezurra badirudi ere, ni hiltzea, baina ez hilko naizelako, baizik eta seme-alabak oso txikiak direlako.