Haurrak Lurraman, baserrian bezala

Laborantza herrikoiaren aldeko azoka egiten ari dira Miarritzen, EHLGk antolatuta. Lehen eguneko animazioak baserria ezagutzeko parada izan dira haur anitzentzat.

Haurrak Lurrama azokan, pottoka batekin. PATXI BELTZAIZ
Haur batzuk Lurrama azokan, pottoka batekin. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Miarritze
2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Mutikoak ala neskak dira?», galdetu du neskato batek. Korraleko hesiaren tartetik ahuntzei begira-begira ari zaie, liluraz. Lurramako animatzaileetako batek erantzun dio errapeak dituela eta esnea ematen duela; beraz, «neska» dela. Atzo hasi zen laborantza herrikoiaren azoka Miarritzeko (Lapurdi) gelan, haurren egunarekin. Ipar Euskal Herriko eskola eta ikastola anitzetako haurrak goizean goizetik ibili ziren kabalen artetik, laborarien eta laguntzaileen esplikazioak entzun eta mota orotako galderak eginez. Lapurdi kostaldeko hirigunean izanik ere, baserrian bezala. Gaur eta bihar ere hitzaldi, tailer eta animazio andana antolatuak dituzte.

Ahuntzen deitzea zen atzo goizean proposatutako lehen animazioetako bat. Eskola ezberdinetako haurrak talde txikitan sarrarazi dituzte animaliak ezagutu eta goxatzera. Batzuk beldurturik hurbildu dira, eskua ahoan, buruarekin ezetz eginez; besteak ausartago, ahuntzaren ondoan kokoriko, ahuntza goxatzera animatuz; izan da musu eman dionik ere. 

Maritxu Lopepe ELBko artzaina ari zen animazioa segurtatzen: «Tiratzean ez du minik ematen: zapaldu eta esnea ateratzen da, eta gero esnearekin gasna egiten dugu», esplikatu zien haurrei mikroan. «Gexanek eta Kepak lortu dute, biba! Istantean laborariak izaten ahalko dira». Miarritzeko Itsas Argi ikastolako haurrak loriaturik atera ziren esperientziatik. Esnea ateratzea lortu izanaz poz-pozik zegoen Ines: «Beroa zen, maitatu dut», zioen irriño handi batekin. Baia lotsatiago aritu zen: «Goxatu dut, baina ez dut lortu [jeztea]; beldur nintzen esnea alde guzietara botatzeko». Lau eta bost urte arteko haurrekin etorria zen Garbiñe Intxausti irakasleak baieztatu zuen haurren errana: «Ikusten duzu nola diren: asko maite dute. Esperientzia bikaina da!»

«Jatea eguneroko ekintza politikoa da. Txikitatik baldin badakite zer esan nahi duen, hautuak egiten ahalko dituzte. Inportantea da eredu ezberdinak erakustea: planeta suntsitzen dutenak eta zaintzen dutenak»

MARITXU LOPEPEArtzaina

Victor Duruy ama eskolako haurrak ere urtero joaten dira laborantza azoka bisitatzera. «Ikasgelan baserriko animaliak lantzen ditugu: marrazten ditugu, izenak ikasten dituzte, eta hiztegia ere lantzen dugu. Hemen, egiazki ikusteko aukera dute; errealitatean sustraitzeko manera bat da», esplikatu du Annaelle Dufourg irakasleak. «Gehienak hiritarrak dira. Entzun behar ziren iristean, ‘ez da usain ona’ zioten. Biziki oroitzapen onekin itzuliko dira».

Lopepek esplikatu du hiriguneetako haurrak, helduak bezala, gero eta urrunago direla laborantzatik. «Nahiz eta hemendik 15 kilometrora baserriak badiren, ez dakite nola funtzionatzen duen, zer den. Batzuetan idealizatzen dute; besteetan ez dute ezagutzen. Inportantea da txikitatik has daitezen». Lurramako aurtengo gazamak errandakoa bere egin du: «Jatea eguneroko ekintza politikoa da. Txikitatik baldin badakite zer esan nahi duen, hautuak egiten ahalko dituzte. Inportantea da eredu ezberdinak erakustea: planeta suntsitzen dutenak eta zaintzen dutenak».

Korsikako laborariak Lurramako azokan. PATXI BELTZAIZ
Korsikako laborari batzuk, Lurramako azokan. PATXI BELTZAIZ

Ardiak, xerriak, behiak, pottokak... denetarik ikusteko parada izan zuten haurrek. Ahuntzen jeztearen ondotik, erlauntz batek nola funtzionatzen duen azaldu zuen Mikel Untsain erlezainak. «Erlezainaren lan nagusia erleak haztea eta bizirik atxikitzea da; artzainak bezala da. Erle erreginak hautatzen ditugu, eztia egiten dutenean hartzen dugu...». Esplikatu zuen herrialde bakoitzean badirela erle arraza ezberdinak, eta Euskal Herrian erle beltza dela nagusi. Horiekin ari da lanean Untsain.

Korsikako laborariak ohorean

Korsika da Lurramara aurten gomitatu duten herrialdea. Ekoizleen merkatuan leku berezia eman diete Marcati Paisani elkarteko laborariei. «Guretzat biziki inportantea da hemen egotea. Antzekotasun anitz ditugu Euskal Herriak eta Korsikak; nortasun indartsuko bi eskualde gara. Laborantza txikia eta kalitatezkoa sustatzen dugu», azaldu du Jean Antoine Rossi elkarteko presidenteak. «Gure helburua Korsikan ditugun produktuen kalitatea eta lan egiteko dugun moldea erakustea da. Etxalde txikiak ditugu, mota anitzetako ekoizpenekin». Korsikan laborantza azokak eta merkatuak egiten badituzte ere, halakorik ez dutela gaineratu du. «Gurera ekar genezakeen eredu bat da. Ekoizpen komertziala baino gehiago, bere lurrean inplikatzen den jendea da».

Marie Antoinette Maupertuis Korsikako Asanbleako presidentea ere Miarritzera etorri da azokan parte hartzera. «Ohore bat da guretzat, zuek bezala laborari historia bat dugulako; mundua begiratzeko beste manera bat dugu». Korsikan ere laborantza herrikoiaren bultzatzaile direla erran du: «Bere ingurumena, pertsonak eta lurra». «Funtsezko sektorea da gure ekonomiarentzat eta gizartearentzat; eremu estrategikoa».

Elikadura demokrazia 

Iñaki Berhokoirigoin Lurramako presidentea mintzatu zen azokaren hasiera ekitaldian. «Indar ilunak eta lanjerosak» indartzen ari direla gaitzetsi zuen, eta ilegalitateak eta klima aldaketa «guri joka» ari direla erran zuen. «Jokaleku horretan Lurramak irautea plazer eta esperantza iturri da. Hau da amesten dugun mundua: denak elkarrekin bizitzeko mundua». Laborantza azoka «bateriak arrakargatzeko asteburua» dela adierazi zuen. 

Duela hogei urte sortu zen EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbera, eta hastapenetik bultzatu zuen Lurrama, herritarren eta laborarien arteko loturak indartzeko. «Laborantza iraunkor eta herrikoia bizigarria da. Eta baikorra da kontsumitzaileentzat: sanoa eta kalitatezkoa. Natura ere irabazle da. Egunero eskertzen dugu ematen diguna».

Agintari publikoei ere dei egin zien presidenteak, sostengua behar dutela erranez. «Diru arazoak dituztela diote, eta presta gaitezen erran digute. Ez dakit zertarako prestatu behar dugun, segur bainaiz beti lagunduko gaituztela», erran zuen, ironia puntu batekin. 

Karine Jacquemart Foodwatch elkarteko idazkari nagusia, hasiera ekitaldian. PATXI BELTZAIZ
Karine Jacquemart Foodwatch elkarteko idazkari nagusia, hasiera ekitaldian. PATXI BELTZAIZ

Karine Jacquemart Foodwatch elkarteko zuzendari nagusia da Lurramako aurtengo gazama. Hark izan zuen atzoko azken hitza: «Laborantza bizia da», egin zuen aldarri. Eta «elikadura demokrazia» garatu behar dela ere erran zuen. «Badira interes orokorraren kontrako indarrak. Agroelikaduraren sistema gakotua da: gutxiengo batek eredu menperatzaile bat inposatzen du. Gutxi batzuek erabakitzen dute zer ekoitzi, zer jarri supermerkatuetako apaletan, eta zer preziotan». Hori ikusirik, elikadura burujabetza beharrezkotzat jo zuen. «Herritarrek erabakitzea zer ekoitzi eta zer jan». Buru gainean zintzilik zuen pankarta erakutsi zuen: «Jatea bozkatzea da, egunean hiru aldiz». Hitzaldia emango du gaur Lurraman, 17:00etan, Elikadura, egunero errepikatzen den historia politikoa lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.