Inora ez zihoan bidea nora doan deskubritzen ari dira Txantreako haurrak egunotan. Brif Braf Bruf jaialdia egiten ari dira Iruñeko auzo horretan, eta, ohiko legez, Gianni Rodariren ipuin batean oinarritu dute aurtengoa. Kontalariak elkarteak antolatu du ekitaldia; bertako kidea da Ainara Santaquiteria (Iruñea, 1979).
Zergatik Brif Braf Bruf?
Gure inspirazioa Gianni Rodari idazle italiarra izan da beti. Pedagogoa ere izan zen, eta talde guztiari asko gustatzen zitzaigun fantasiaren inguruan zuen ikuspegia. Idazlearen Telefonozko ipuinak liburutik atera genuen jaialdiaren izena. Ipuin bat Brif Bruf Braf deitzen da. Guk ordena aldatu genion.
Opor garaia izanda, haurrak gogotsu etortzen al dira literatura jaialdi batera?
Pozik etortzen dira, gehienbat jaialdia egiteko moduagatik. Asko sustatzen dugu haurren parte hartzea, bi bidetatik, batez ere. Alde batetik, elkartean, erabakiguneetan eta festibalaren kudeaketan haurrak ere badaude. Beste alde batetik, jaialdiaren aurreko hilabeteetan, auzoko hiru eskolekin sormen prozesuak egiten ditugu. Txantrean, haurrak dira jaialdia gehien ezagutzen dutenak, aurretik lanketa bat egin dutelako; zain eta gogotsu egoten dira urtero, haiek egindako lana ikusarazten delako.
Zein da jaialdiaren helburua?
Hiru helburu nagusi ditu: lehenik, fantasia sustatu nahi dugu; fantasia errealitatea eraldatzeko modu bat bezala ulertzen dugu guk. Gero, esan bezala, haurren parte hartzea bultzatzea oso garrantzitsua da guretzat. Eta hirugarren helburua izango litzateke auzoko bizitza sustatzea. Eguberrietan auzoko kaleei bizitza eman nahi diegu.
Lau unibertso fantastiko daude. Zein maite dute gehien haurrek?
Esango nuke Feria Fantastikoa maite dutela gehien. Bertan jolas tradizionaletan aritzen dira. Txoko horrek duen ezaugarri nagusia da haurrek kudeatzen dutela. Helduak inguruan egoten gara, laguntza behar badute laguntzeko. Baina haiek azaltzen dituzte jolasak, haiek dinamizatzen dituzte. Haiena da gunea.
Nola lantzen dute haurrek ilustrazioaren alorra?
Marko eta Mirko jolasaren bidez, adibidez. Nafarroako hainbat ilustratzailerekin harremanetan jartzen gara, eta haiek jaialdirako ilustrazioak egiten dizkigute. Bikoiztuta egiten dituzte ilustrazioak, eta bakoitza auzoko denda batean kokatzen dugu. Haurrek, mapa baten bitartez, bikoteak bilatu behar dituzte. Horrela, nafar ilustratzaileak ezagutzen dituzte, eta, aldi berean, auzoko dendak ere bai.
Deskubritu al dute dagoeneko nora doan inora ez zihoan bidea?
Gianni Rodaniren beste ipuin batean oinarrituta dago hori. Ipuinak esaten du bidea lehenengo aldiz hartzen duenarentzat bakarrik direla altxor batzuk. Guretzat, norberak bere bizitzan hartzen dituen hautuak eta erabakiak dira bide hori.
LOTSABAKO
Haurrentzako liburu bat?
Gianni Rodariren Telefonozko ipuinak.Haurrekin jolasteko joko bat?
Dixit.Txantreako txoko bat?
Euskara plaza.