Jaiak. Baionako bestak

Haurrak hiriaren jabe

Haurren Eguna antolatu dute Baionako bestetarako. Orotariko animazioak antolatu dituzte hiriko hainbat gunetan, haurrak protagonistak izanik.

Haurren danborrada Baionako karriketan barna. PATXI BELTZAIZ
Haurren danborrada Baionako karriketan barna. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Danbor hotsak adi daitezke Marengo karrikan barna. Zuriz eta urdinez jantziriko haur andana baten burrunba sartu da Kalostrape ostatu heineraino. Besteak konpainiako desfilea hasi da, Baionako karriketan murgildu aitzin. Haurrak dira nagusi goizean goizetik, izan hirian barna zebiltzan txarangetan, izan jokoetako parte hartzaileen artean: haiena da eguna. 

«Gurasoak kanpora!» aditzen da berantago San Andres plazan, animatzailearen mikrofonotik, 11:00 irian. Animatzaileak gibelka kontatu ondotik, plazan barna abiatu dira zezen ttipiak. Haurrak lasterka abiaturik, entzierro ttipia karriketan barna sartu da Jacques Portes plazaraino. Beharrik zezenak plastikozkoak direla, haurrek kolpe franko hartu baitituzte. Baiona Ttipia eta Baiona Handia lotzen ditu haurren entzierroak. Jacques Portes plazara heldu dira denak, batzuk hatsankatuak eta bertze franko izerditan. 

Plaza horretan berean, aldarrikapenez josi dute besta. Baionako ikastoletako txosna instalatu dute, haizeak firurikan daraman Baionako bestak euskaraz! banderolarekin apaindurik dutela txosna gibeleko harresia. Aurten, Karrikaldia leku horretatik abiatzen da egun guziz, berritasun nagusi batekin: Karrikaldi Ttipia antolatu dute Baionako besten aldi honetan. Bertan, Dantzazpi Ttipia egin dute, eta haurren kantu txapelketako finalistak aritu dira. Kantuaz eta dantzaz gozatzeko giroa izanik ere, eguzkiak ederki jo du Baiona Handiko plaza, eta jende gehiena hiriko harresi zaharren gerizpean ezarri da, trago bat eskuan dutela horietarik anitz. 

La Poterne, haurren animazio gunea 

Jacques Portes plaza zeharkaturik, hiri sartzeko harresien kontra antolatzen dira urte guziz haurren animazio franko. Freskuran eta itzalpean, gunearen sarreran zaldiz itzuli bat egin zezaketen haurrek. Hantxe zeuden Izaro eta Oier Valedo anai-arreba zumaiarrak. Hastapenean urduri zirela adierazi dute, baina, irria ahoan, gaineratu dute laster zaldiaren gainera igan eta hainbat itzuli egin dituztela. Gurasoak ere han ziren, eguzkitako begi-lagunak jantzirik, itzalpean haurrekin batera bazkaltzen. Aitor Valedok, Izaroren eta Oierren aitak, erran du pozik direla, eta, Miarritzera [Lapurdi] heldu zirenez oporretara, Baionako bestetara jin direla haurrekin. Halere, harritua gelditu da Baionako segurtasun baliabideekin: «Gu autobusean etorri gara, Miarritzetik, eta, egia esan, harritu egin gaitu hainbeste polizia izateak eta hainbeste kontrol jartzeak». Izan ere, CRS Frantziako Errepublikako Segurtasun Konpainia La Poterne gunean zegoen, hainbat furgoneta harresi kontran emanik, nolabait itzalean izateko estakuruarekin, haurrek sortu mehatxua ez baita handia gune horretan.

«Gu autobusean etorri gara, Miarritzetik, eta, egia esan, harritu egin gaitu hainbeste polizia izateak eta hainbeste kontrol jartzeak»

AITOR VALEDO Gurasoa

Urrunago, Marc Etxeberri Scolus elkarteko kideak bere mahaia ezarria du. Peiok Baionako bestak deskubritzen ditu liburua idatzirik, salmenta postua zabaldu du La Poternen. Hain zuzen, haurren artean irakurketa «sustatzeko» nahiarekin, elkarte horrek Baionako ospitaleko pediatria zerbitzuari ematen dio liburuak salduz ukaniko irabaziaren parte bat, haurrak laguntzeko eri diren bitartean. Bi hizkuntzatan idatzi du liburua: euskaraz eta frantsesez. Etxeberrik nabarmendu du, oro har, «biziki ongi» saldu direla liburuak. Nahiz eta frantsesez liburu gehiago saldu ziren, aurten euskarazko liburuen salmentak «goiti» egin zuela gehitu du, erreserbak kasik bukatu arte haren erranetan. Istorioari dagokionez, urteak pasaturik ere «aldagaitza» den kontakizun bat eraiki du idazleak. Hartan, Peio izeneko haur bat abian da Baionako bestetako egun guzietara, gurasoekin. Egunerokoari eta familiari loturiko gorabehera ohikoenak aipatzen ditu haur eta gazte literaturako obra horrek, era «sinple eta ulerterrazean», Etxeberriren ustez. 

Bizkitartean, hainbat haur ikus daitezke Bil Ta Garbi kolektiboak antolaturiko bizikleta pistan. Hondarkinen bereizketa aintzat harturik, bizikletan ibiltzeko zirkuitu bat marraztu dute antolatzaileek. Geldialdi bakoitzean, bizikletako eskulekuan zuten saskitik hondarkin egokia atera behar zuten, eta zegokion zikinontzian bota, aitzina egin ahal izateko eta batez ere, ibilbidea bukatu ahal izateko. 

Euskal Museoko pista jokoa

Baionan barna ibili diren familiek bazuten zer egin haurren ohiko gunetik kanpo ere. Baionako Euskal Museoak, urte guziz bezalaxe, pista jokoa prestatu du museoan bertan. Regine Etxeberri museoko arduradunak azpimarratu duenez, hamar minutuan behin bi talde igaten dira museoko lehen solairura, jokoaren hasteko. Haren hitzetan, museoa hartzen duen eraikin zaharreko giro freskoak bultzaturik segur aski, «laurehun» pertsonak izena eman zuten pista jokoan parte hartzeko. Jokoa arrakastatsua bakarrik ez, «biziki pedagogikoa» ere bada, Etxeberrik azpimarratu duenez. Jendea obraz obra ibilki den heinean, pistak ikusiko ditu hurrengo obra edo objektua ezagutzeko. Nolabait, museoan zehar ibilbide bat antolatu dute aurtengo aldian, euskal kultura eta ohiturak «orotariko» jendeari ezagutarazteko; ibilbidea frantsesez eta euskaraz egiteko aukera eskaintzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.