Gasteizko Zabalganako ikastetxeko proiektu solidario eta hezitzailearen testuinguruan sortu zuten Askatasun doinua (Zorrotz). Mariñe Jauregi Azkargorta arte irakasleak eta Mitxel Elortza Exea musika maisuak (Gasteiz, 1988) idatzia, haurrei Palestinako gatazka «haur klabean» azaltzea da helburua, haurrei Palestinako gatazkaren gai konplexua beste modu batean kontatzea. Kontakizunak Gaza eta Zisjordania hartzen ditu protagonista. Haurrek gatazka enpatiaz eta bakean ulertzeko tresna bihurtzen da musika, «irakurtzen duen haurraren parte hartzea sustatuz».
Gerraren krudelkeria haurrei azaltzeko modu bat izan daiteke literatura?
Zalantza barik. Musika eta artearena, orokorrean, askatasun adierazpen unibertsal bat da, edozer adierazteko balio du. Oraingoan ere palestinar herriak bizi duen sufrimendu eta genozidioa salatzeko beste tresna bat da, non haurrek parte aktiboa izan behar duten. Gizarte gisa ohituta gaude haurrak alde batera uzten eta benetan gertatzen diren gauzak ez kontatzen, baina uste dut kontatu egin behar zaizkiela. Beraz, elkartasun olatu honetan haiek ere parte izateko egin behar dira musika, istorioak eta marrazkiak uztartzen dituzten ipuinak.
Hizkera eta kontatzeko modua zaindu behar da, beharbada?
Haiek ulertzeko modukoa izatea da garrantzitsuena, gerrak oso konplexuak baitira. Ni saiatu naiz Palestina familia bat izango balitz bezala pertsonifikatzen. Gaza eta Zisjordania dira istorioko protagonistak, nahiz eta pertsonaia gehiago ageri diren; baina Palestinako lurralde okupatuetako pertsonaia gehiago agertuz joango dira.
Musika instrumentu bat jotzen du protagonista bakoitzak. Sinbolo bat dira?
Musika funtsezkoa da istorioan, pertsonaiek beren sufrimendua eta bake nahia adierazteko erabiltzen duten bidea irudikatzen baitu. Gazak laute arabiar bat jotzen du, eta Zisjordaniak, berriz, mijwiza, eskualdeko ohiko klarinete bikoitza.
Ipuina parte hartzailea ere bada.
Instrumentuak hartu eta inoiz inon entzun den musikarik ederren baina gordinena interpretatzen dute bi protagonistek amaieran. Ondoren, haurrek instrumentuak hartu eta askatasun doinua jo dezakete gertatzen ari dena salatzeko. Haurrak parte aktibo bihurtu nahi ditugu ipuinaren bitartez.
Nolakoa izan da Jauregirekin lan egitea?
Lan zoragarria egin du, eta oso erraza izan da bion arteko komunikazioa. Bere ikuspegi artistikoak sentiberatasun berezia eman dio ipuinari. Hasieratik jakin zuen nik buruan neukana irudikatzen, eta ipuinean ikus daiteke zeinen garrantzitsua den istorioaren eta testuaren arteko kohesioa. Collage estiloko teknika erabili du, margoekin uztartuz; sekulako lana dago marrazkien atzean.
Ipuinaren aurkezpenetan, zer-nolako galderak eta erreakzioak izan dituzte haurrek?
Gure eskolan haurrek ezagutzen zuten gatazka, eta gaia ez zen berria, joan den urtean guraso elkartekoek Gure haurrak ere badira elkartasun mugimendu bat abiatu baikenuen. Dena den, gustatu zaie, eta aurretik gatazka ezagutzeak lagundu die sentsibilitate handiagoa izaten. Haurrek galderak egiten dituzte, eta inguruan gertatzen denarekiko jakin-min handia erakusten dute. Hala ere, gauza batzuk ez dituzte erabat ulertzen, eta horrek zalantzak eta nahasmendua sortzen dizkie. Eskolan, errespetua, adiskidetasuna, enpatia eta antzeko balioen garrantziaz hitz egiten diegu, baina printzipio horiekin bat ez datozen egoerak ikusten dituzte gero munduan. Haientzat, zaila da ulertzea zergatik helduek ez dituzten beti beren gatazkak modu baketsuan eta errespetuz konpontzen.
Ipuinaren lehen geltokia baino ez da Zabalgana...
Gasteizko eta Arabako beste toki batzuetan aurkeztuko dugu, baita beste hainbat lekutan ere, eta abenduan Durangoko Azokan ere izango gara. Ondoren, esaterako, Bermeon [Bizkaia] aurkezteko aukera izango dugu, eta berezia izango da. Bertako alkatea, Nadia [Nemeh Shomaly], palestinar euskalduna baita. Hortik aurrera, data gehiago lotzen ari gara.
lotsabako
Ipuin bat?
Eta untxiak entzun; enpatia jorratzen du.Instrumentu bat?
Ni piano jotzailea naiz; beraz, pianoa.