Madalen Goiria. EHUko irakaslea

«Haurrak etxean hezteak etorkizuna du»

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago dira haurrak etxean heztea hautatzen duten familiak. Hedatzen ari den heziketa mota bat dela dio Goiria EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle eta homeschooling adituak (Zornotza, Bizkaia, 1958). Egungo eskola sistemarekin kezkatuak dauden familiak dira.

Gaur egun, posible da haurrak etxean heztea?

6 urtetik gorako haurrak dituzten berrehun bat familia izango dira Euskal Herrian, gutxi gorabehera. Zaila da kopuru zehatza jakitea. Izan ere, 6 urte bitartean ez da derrigorrezkoa eskolaratzea Hego Euskal Herrian; bai, aldiz, 6 urtetik 16 urtera bitartean.

Zer gertatuko litzateke 6 urte bete ostean haurra eskolara bidaliko ez balitz?

Bi egoera daude: haurra sekula eskolara bidali ez duen familiarena eta eskolan dabilen haurra eskolatik atera dutenena. Bi kasuetan, homeschooler-ak dira, hau da, etxean hezten duten familiak dira, baina egoerak oso bestelakoak dira. Haurra eskolatik ateratzen bada, eskolak absentismo protokoloa jartzen du martxan. Datuak bidaltzen dira Hezkuntza Saileko ikuskaritzara. Egoera aztertu ondoren, inspekzioak erabakitzen du kasua bertan behera uztea edo adingabekoen fiskaltzara bidaltzea. Azken egoeran, fiskalak erabakiko du kasua artxibatu ala epailearen aurrera eraman.

Haurra inoiz eskolaratu ez bada, gerta liteke administrazioa ez konturatzea. Ohartzen bada, gizarte zerbitzua egingo da kargu. Orduan, Balora dekretua aplikatzen da. Adingabekoen arrisku egoerak zerrendatzen dira dekretuan; haien artean, heziketari buruzkoak. Hezkuntzari dagokionez, oin ohar bat du Balorak; hala, gurasoek heziketa proiektu indibidualizatu bat badute haurrentzat eta bestelako arrisku egoerarik ez badago, espedientea bertan behera uzten da.

Beraz, aukera dago derrigorrezko eskolaratzeari izkin egiteko?

1991n, LOGSE legea jarri zen indarrean, eta heziketa unibertsal eta doakoaren aldeko apustua egin zen. Orduan finkatu zen heziketa derrigorrezkoa dela 6 urtetik 16 urtera. Modu horretan bermatzen zen haur guztiek heziketa jasotzeko duten eskubidea.

Lege hori ez zen egin homeschooler-ei begira. Lege hori egin zen pentsatuz haur guztiek dutela heziketa egoki baterako eskubidea. Eta inork ez du ukatzen adingabekoek hezkuntzarako duten eskubidea, baina zein da toki egokia haurrari heziketa emateko: eskola, etxea...? Legeak betebehar batzuk zehazten ditu, baina ñabardurak falta dira.

Zergatik hartzen dute familiek etxean hezteko erabakia?

Bi familia profil daude: alde batetik, haurrak inoiz eskolara eraman ez dituzten familiak daude. Askotan, errespetuzko heziketaren aldeko hautua egiten duten familiak dira. Guraso eta haurren artean lotura oso estua sortzen da, eta batzuek ez dute lotura horrekin apurtu nahi izaten. Haurra eskolaratzea lotura eta prozesu horrekin apurtzea iruditzen zaie. Beste familia batzuk, aldiz, oso gustura daude eskolarekin, eta ez dute planteatu ere egiten haurrak etxean hezteko aukera. Bat-batean, baina, haurra arazoak edukitzen hasten da eskolan. Askotan, laguntza eskatzen dute eskolan, baina, aldaketarik ikusten ez dutenean, erabakitzen dute haurrak hobeto daudela etxean. Etxean heztea erabakitzen duten familiak kezkatutako gurasoak dira, seme-alabei eurek izan duten haurtzaroa eman nahi ez dieten gurasoak.

Etorkizunik ikusten diozu irakasteko modu horri?

Bai. Azken batean, eskola sistema da aldatu behar dena. Etxean hezteak planteatzen duen bidea hartzen ari da eskola sistema, hau da: indibidualizazio handiagoa izatea, lehiakortasuna bultzatu beharrean kolaborazioa bultzatzea, memorizatu beharrean sormena garatzea, ikasleen hitza kontuan hartzea... Azken batean, protagonista ez da izan behar sistema bera edo irakaslea, ikaslea baizik.

Etxean hezteko joera hori sintoma bat baino ez da. Orain, familia gutxi batzuk hasi dira planteatzen zer ari garen egiten, baina, hemendik denbora batera, gero eta gehiagok pentsatuko dute egungo eskola sistema ez dela egokiena. Azkenean, halabeharrez etorriko da eskola sistemaren aldaketa. Horregatik diot hezteko modu honek etorkizuna duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.