Arantxa Hirigoien. Aktorea

«Haurdun gaude, ez gaixorik, eta klixeak hautsi nahi ditugu»

Atzerako kontua hasi da. Benetako haurdunaldiaren azken egunetan dira 'Tripakiak' antzezlaneko bi aktoreak, eta gaurkoa izan daiteke obra ikusteko azken aukera, naturak galarazten ez badu.

Arantxa Hirigoien, sendagilearena egiten, Maialen Fauthouxekin, antzezlanaren saio batean. BOB EDME.
Edu Lartzanguren.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Arantxa Hirigoienek (Larresoro, Lapurdi, 1974) ez zuen esperientziarik antzerkigintzan, Maialen Fauthoux aktorea ezagutu zuen arte. Lubaki Bandako kide izan zen, eta ETBko Hitzetik hortzera saioko aurkezlea. Fauthoux Iduzki lore eta Azken euskalduna antzezlanetan aritu da, besteak beste. Biak haurdun zeudela elkartu ziren, horren inguruko antzezlan bat egiteko helburuarekin, eta Poltsikoko Antzerki Sorkuntzak saria eman zion ideiari. Gaur antzeztuko dute, Larresoron bertan, 20:30ean, herriko salan.

Zuk abenduan izango duzu haurra, eta Fauthouxek, urtarrilean. Beraz, lan hau ikustea orain edo inoiz ez kontua bihurtu da.

Lau emanaldi baino ez zaizkigu geratzen. Antolatzaileei beti esaten diegu bezperan deitzeko, badaezpada ere, antzezlana emateko eran gauden edo ez jakiteko. Arrisku hori badago, baina benetan espero dugu egitasmo hau amaieraraino eramatea eta emanaldi horiek guztiak egitea.

Gero eta zailago zaizue antzeztea? Nola sentitzen zarete?

Gogoz ari gara. Joan zen astean bi emanaldi izan genituen, Donostian, eta orain, geure eskualdean arituko gara, lagun, ezagun eta familiaren aurrean. Donostian beldur ginen, jendeak gaia nola hartuko zuen, eta, batez ere, hizkera. Baina oso ondo pasa zen. Umorea oso ondo iritsi zen, eta jendearen artean bazegoen halako jakin-min giroa gu benetan haurdun ote ginen ikusteko.

Egitasmoarekin hasi zinetenean, haurdunaldiaren hasieran zineten. Geroztik bizi izan duzuena antzezlanean sartu al duzue?

Ez sobera. Izan ere, biok bizi izan ditugu beste haurdunaldi batzuk lehen ere; hau da, ez dela lehena. Beraz, bagenekien nola joango zen istorioa. Testua eguneratu dugu, gaurkotasunari begira, baina haurdunaldi prozesuaren inguruko aldaketarik ez dugu egin antzezlanean.

Topikoz beteriko gai bat da haurdunaldia. Zuek, ordea, emakumeen ikuspegia ekarri nahi izan duzue.

Haurdunaldiaren inguruko gorabeherak aipatzea zen hastapeneko helburua; hau da, gauza onak eta txarrak. Farmazian erositako testetik ia erditzerainoko uneetara kontatzen dugu, umorez. Haurdunaldia gauza polita eta abenturaz betea izan daitekeela adierazi nahi genuen. Ez diegu trufa egiten geure buruei, baina betiko klixeei ihes egin nahi diegu: haurdun gaude, ez gaude gaixorik. Kiloak gora eta behera, asko loditu ote garen edo ez, haurraren izena hautatu ote dugun... Botatzen dizkiguten ohiko esaldietatik harago eraman nahi izan dugu gaia. Umorez, betiere.

Elastikoaren azpiko kuxin batek baino indar handiagoa izan du zuzenean benetako sabel handiaren agertzeak?

Bai. Geuk ongi pasatu nahi genuen, ezer baino lehen. Baina Poltsikoko Antzerki Sorkuntza saria eman zigutenean konturatu ginen egitasmoa aurrera eraman beharko genuela. Oso esperientzia polita izan da.

Ez dadila gerta, baina zer egingo duzue antzezpenaren erdian uzkurtzeak sentitzen hasten bazarete?

Antzerkian sartu eta horrekin jarraitu beharko dugu. Izan ere, poltsikoko antzezlana da, 35 minutuko lan laburra. Izan ditugu eskaintzak beste hiru emanaldi egiteko, baina gehiegikeriarik ez egitea erabaki dugu. Ondoren ere taulara genezakeen antzezlana, tripa faltsuekin, baina halakorik ez egitea erabaki dugu. Nahiago dugu benetako oroitzapen politarekin geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.