Haur parkea, ikasteko eta gozatzeko

Familia mordoa bildu da Bilboko Txikigunean programatuta dauden 31 ekintzen inguruan. Igandera arte egongo da zabalik. Aurten, gainera, irisgarritasuna hobetzeko neurriak indartuko dituzte.

Haurrak eta gurasoak Casilda Iturrizar parkeko Txikigunean, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
Haurrak eta gurasoak Casilda Iturrizar parkeko Txikigunean, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
irene baranano
2024ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun

Ahateak Bilboko urmaeletik atera dituzte Casilda Iturrizar parkea umeentzako jolasgune erraldoi bihurtzeko. «Non daude ahateak, ama?», jakin nahi izan du haur batek, inguratzen duten hamarnaka jolasak tarte batez ahaztuta. Puzgarrien gunean dago, eta ur jolasak ditu atzean: besteak beste, pedaldun txalupak eta urmael txiki batera botako dituzten apar gomazko itsasontzien tailer bat.

Txikigunea ireki dutenean, 11:00etan, 22 gradu markatzen zituzten termometroek, baina arin berotu du 26 graduraino. Hodeiak agertu dira tarteka, azukre kotoizko geruza bat bezain finak, eta eguzkiak Txikigune osoa berotu du eguerditik aurrera. Ilaretan pilatu dira haurrak, pazientziaz beteta eta toalletan bilduta, baina pozik. Herenegun, euria izan zen nagusi Txikigunearen irekieran, baina eguraldiak hobera egin du, eta haurrak, gurasoak, aitona-amonak eta familia osoak erakarri. Belarretan, haurrak jolas interaktiboekin aritu dira, ikasten eta ongi pasatzen, eta txakur batzuk ere ibili dira beren ohiko pasealekuan, orain jolas parke bihurtuta baldin badago ere, haurren atzetik jolasean.

Familia batzuek gerizpetan esertzeko aprobetxatu dute, hamaiketakoa —edo hamabietakoa— hartzeko, eta beste familia batzuek ahal beste jolas eta ekintza probatu dituzte. Uretako jolasak egon dira, abilezia lantzekoak, puzgarriak, talde lana sustatzeko helburua dutenak; ipuin kontalari bat ere bai, eta gargantua eta kolorezko potetxoz eta brotxaz betetako automakillaje tailerra, besteak beste. Ohikoa da  aurpegia margotzeko artistak kontratatzea haurren jaiguneetan, eta hori bera egin dute Txikigunean. «Jende pila bat egoten denez ekintza horretan, automakillaje tailerra egin dugu artistei lana arintzeko, baina gero konturatu gara gune polita dela umeak eta gurasoak elkarrekin egoteko eta batera ondo pasatzeko», azaldu du Leire Sanchezek, automakillaje guneko arduradunak.

Txikiguneko automakillaje tailerra, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Txikiguneko automakillaje tailerra, atzo. GORKA RUBIO / FOKU

Artea alde batera utzita, gorputza mugitu bitartean ikasteko ekintzak ere diseinatu dituzte Txikigunerako. B agenteak izeneko programaren hirugarren urtea da aurten; azken-aurrekoa, alegia. Lau urteko kanpaina horretako ekintza bakoitza garapen jasangarrirako helburu batzuei lotuta dago. Helburu horiekin lotuta, B agente bihurtzeko ginkana bat ere prestatu dute, Txikigune osoan hamazortzi pista sakabanatuta, bakoitza garapen jasangarrirako helburu bati lotuta. Emotikonoen bidez deskodetu beharreko pista guztiak argitzen dituzten umeek diploma bat jasoko dute.

Irisgarritasuna funtsezko

Ume bakar batek ere ez dezan galdu Txikigunean gozatzeko aukera, irisgarritasun neurriak areagotu dituzte aurten. Desgaitasunen bat duten umeek, esaterako, ez dute ilararik egin beharko, eta gorrentzat keinu hizkuntzako interpretea izango da. «Iaz, haur gor batzuk izan genituen; aurten, oraingoz, ez», azaldu du June Mugika begiraleak. «Baina interpretea ipuin kontalariarekin egoten da, bere lana ikusarazteko eta eremua gorrentzat egokituta dagoela ezagutarazteko», zehaztu du.

Begiraleek, gainera, formakuntza bat egin dute keinu hizkuntzako hitz garrantzitsuenak ikasteko eta desgaitasunei buruz hausnartzeko; adibidez, autismoa hobeto ezagutzeko. Musika, esate baterako, apal daukate, eta edozein ordutan bolumena jaisteko eskatu dezake edonork, begiraleek azaldu dutenez. Horrez gain, asteartean eta asteazkenean musikarik gabeko ordu tarteak ezarri dira, sentsibilitate handia duten umeek lasai goza dezaten.

«Hausnartzen ari gara, parkea guztiontzat ahalik eta irisgarrien egiteko», adierazi du Mugikak. Aipatutako neurriez gain, Zentzumen guztien hiria izeneko antzezlan interaktibo bat zabaldu dute —sarrerako kartelaren arabera, «zentzumenen bidez kontzientzia pizten duen ibilbide antzeztua»—. Belar moztu berriaren gainean dago gune hori, eta zenbait txoko ditu, zentzumenei buruz gogoetatzeko; gainera, zortzi saio eskaintzen dira egunean, talde txikientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.