Azkenaldian pil-pilean dagoen gai bat landu du Ana Murugarren zinema zuzendari nafarrak Tres Mentiras (Hiru gezur) filmean. 70eko hamarkadan lapurtutako haurren gaia kontatzen du. Datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zuzendari nafarraren fikziozko lehen film luzea da. Hala ere, esperientzia handia du ikus-entzunezkoen munduan. Esta no es la vida secreta de Javier Krahe dokumentala egin zuen, eta telebistarako La Dama Guerrera eta El precio de la libertad. Muntatzaile lanetan ere aritu da, besteak beste, Enrique Urbizu, Alex de la Iglesia, Pablo Berger eta Joaquin Trinquadorekin.
Haur lapurtuen auzia kontatzeko 1970eko hamarkadako eta gaur egungo istorioak nahasi ditu Murugarrenek Tres mentiras filmean. Batetik, 1971n, ezkutuan, Bilboko etxebizitza batean bizi diren hiru ama ezkongabeen istorioa kontatzen du. Haien haurrak jaio eta gero merkatu beltzean salduko dituzte. Ama ezkongabeen umeen trafikoa izan zen etxe hartan, eta mojek zuzenean parte hartu zuten.
Bestetik, 40 urte geroago, bere benetako istorioa bilatzen saiatzen ari den Violetaren istorioa kontatzen du filmak. Amaren bidez jakin du Violetak ez dela ordura arte uste bezala gurasoen alaba; amak aitortu dio jaio zenean erosi ziotela benetako amari, nerabe bati. Hortik aurrera, bere benetako istorioa ezagutzen saiatuko da protagonista; horretarako, Ertzaintzako desagertuen saileko ertzain baten laguntza izango du. Angel ertzaina da Violetaren jarrera inpultsiboa lasaitzen ahaleginduko dena, ikerketa metodo arrazionalak hobestuz. Ertzaintza pixkanaka konprometituko da ikerketa horretan, gogoz kontra hasi bada ere.
Filmak kontatzen duen istorioa ez dago benetako gertakari batean oinarrituta. Haur lapurtuen auziaren inguruan azken urteetan zabaldu diren albiste guztietatik osatu du istorioaren haria Murugarrenek.
Nora Navas aktore katalana da aktore nagusia, Violetaren rolean. Donostiako Zilarrezko Maskorra eta aktore hoberenaren Goya saria irabazi zituen, Pa Negre filmari esker. Ondoan eduki ditu filmaketan Mikel Losada, Angel ertzainaren rolean, eta baita ere Lander Otaola bigarren ertzaina antzezten. Carmen San Estebanek beteko du Ines mojaren rola, eta 70eko hamarkadako hiru nerabeen rolak Olatz Ganboak, Azucena Trincadok eta Marta Castellotek beteko dituzte. Horiez gain, bigarren aktore katalan bat ere arituko da filmean: Xavi Boada.
Filma Bizkaian grabatu zuten osoki iaz. Bilboko kaleak 70eko garaira egokitu behar izan zituzten, Aduanen eraikina justizia jauregi bihurtu zuten, esaterako. Basaurin, Sopuertan eta Derioko hilerrian ere hainbat eszena grabatu zituzten .
'TRES MENTIRAS'.
Zuzendaria: Ana Murugarren.
Aktoreak: Nora Navas, Mikel Losada, Lander Otaola, Carmen San Esteban, Olatz Ganboa, Azucena Trincado, Marta Castellote, Xavi Boada.
Herrialdea: Euskal Herria.
Urtea: 2014.
Iraupena: 98 minutu.
Generoa: Drama.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Haur lapurtuen auzia, pantaila handira
'Tres mentiras' filmean 1970eko hamarkadan lapurtutako haurren istorioa kontatzen du Ana Murugarrenek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu