Jaiak. Iruñeko sanferminak

«Hauek bai kanta onak»

Sanferminetako goizak parrandan emateko toki kutuna da askorentzat Casino Berria elkarteko Espartinen Dantzaldia. Ez da falta congarik, ez pasodoblerik, ezta balsik ere. Festetako «mikrokosmos» gisara deskribatzen dute batzuek.

Espartinen Dantzaldia Iruñeko Casino Berria elkartean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Hainbat lagun Casino Berria elkarteko Espartinen Dantzaldian, gaur goizean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko uztailaren 11
18:00
Entzun

Berriki dutxatu direnak, eta atzotik dutxatu gabeak; hori izan liteke manera bat Espartinen Dantzaldian direnak sailkatzeko. Bestela esanda: badira goizean goiz alarmarekin altxatu eta dantzara azaldu direnak, eta artean etxeratu gabeak. Eta, dantza aipatzen hasita, badira aldakak batera eta bestera ederki askoan mugitzen dituztenak, eta kantuen erritmoari nekez segitzen diotenak. Itxuraz, aharrausi gehienak logaleari lotuak dira, asperraldiak eraginak baino gehiago, eta ez da falta, batez ere, parrandarako kantu espainol klasikorik. Paradoxikoki, espartinak dira absentzia nabarmenena. Baina haiek noiz agertuko itxaron gabe hasi dute dantzaldia Casino Berria elkartean, zer gerta ere. 

Erlojuan 08:34, eta handik metro frankora ere, Gazteluko plazako kioskotik bertatik, aditu da festaren hasiera iragartzeko txilioa: «Ongi etorri Espartinen Dantzaldira!», erdaraz. Uztailaren 7tik 14ra bitarte, urtero, Casino Berria elkarteko lehenbiziko solairuan dantzaldia egiten dute 08:30ean hasi eta 10:00 inguru arte. Ekitaldiak dozenaka lagun biltzen ditu aldiro, eta bertan aritzen dira, dantza eta dantza, orkestrarekin. Lehenbizi, baina, gosaldu ere egiten dute gehienek. 

Dantzaldia antolatzeko ohitura aspaldikoa da. Antzina, entzierroaren ondotik, Casino Berriko bazkideak elkartera joan ohi ziren txokolatea eta txurroak jatera. Baina asmo nagusia gosaltzea izanik ere, gosaria aurreikusi baino gehiago biziagotzen zen azkenerako, eta parranda ederrak egiten zituzten segidan. Hori da, egiazki, usadioaren jatorria. Edonola ere, festak zenbait elementu galdu ditu urteek aurrera egin ahala: garai batean espartinak jantzita egiten zen lasterka entzierroetan, eta hain justu ere horregatik hartu zuen dantzaldiak izen hori; oinetako horiekin azaltzen zirelako bazkideetako asko. 

Festa aski esklusiboa zen lehen —soilik bazkideek zuten sartzea—, eta halakoxea da orain ere. Txaleko horidun bi gizon hasieratik bukaerara arte izaten dira atarian, nor sartzen den kontrolatzeko. Halere, hainbat herritarrek aitortu dute «zorte kontua» ere badela; alegia, elkartearekin inolako harremanik izan gabe ere badagoela sartzea. 

Bestelako eskaintza

Javi Muñoz de Leon aspaldiko partez bueltatu da Espartinen Dantzaldira. Iruindarra da, eta gaztea zelarik bazuen ohitura noizbehinka dantzaldira agertzeko, baina jada kasik ahaztua zuen nolakoa zen jaia. Kontatu duenez, gaztetan isilka sartu behar izaten zuen barrenera. Orain, baina, elkarteko bazkide da —aurten eman du pausoa—, eta lasai egin dezake aurrera, tentsiorik gabe batere. Nahi izatera, lagunen bat gonbidatzeko aukera ere badu. «Sanferminak hasi aurretik hamar sarrera ematen dizkigute bazkide bakoitzari, eta sarrera horietako bakoitzarekin bi pertsona sar daitezke aldiro». 

Dotore-dotore jantzita azaldu dira gehienak: tolesdun gonak, parpailadun atorrak, galtza zimurrik gabeak. Paparrekoak ere badaramatzate askok; gehienak, San Ferminen sinbolodunak dira, bada zezenik ere, eta zenbait lagunek sexu erasoen kontrako kanpainaren ikur den esku gorria dute bularraldean paratuta. 

Emakumeak izan dira dantzan trebeenak. IDOIA ZABALETA / FOKU
Emakumeak izan dira dantzan trebeenak. IDOIA ZABALETA / FOKU

Maria Garcia aurrenekoz da dantzaldian. Ez du aitortu nola erdietsi duen sartzea, baina, barrenean delarik, ezin disimulatuzkoa zaio harridura. «Mikrokosmos bat da hau», esan du barrezka, haluzinatua. Bertan eman duen ordubete eskasean, behin baino gehiagotan izan da conga batek harrapatzeko zorian, edo jendartetik atera ezinik, ingurukoak bikoteka pasodoblean edo balsean hasi diren zenbaitetan. «Abisatua zidaten honek zer itxura zuen, zer giro aurkitu nezakeen hemen, baina, halere, ez nuen espero ordu hauetan halako energiarik izanen zutenik. Ni kasik zuzenean etorri naiz parrandatik; horrek ere izanen du ikustekoa, segur aski». 

Ohartzerako, izerdi patsetan da jende gehiena. Eta, horregatik, kasik txandaka dabiltza balkoietara sartu eta atera, aire fresko bila, kanpoan ere freskotasunik apenas den arren. «Honek dio 22 gradu direla, baina sentsazio termikoa gutxienez 40 gradukoa da», esan dio gazte batek beste bati, sakelakoaren pantaila seinalatu bitartean. 

Balkoiak Gazteluko plazara ematen du, udalak paratutako agertoki handira, hain zuzen. Hori parean dutelarik, aurtengo programazioari buruz aritzeko aitzakia izan dute zenbaitek. «Ez dut ezagutzen aurten ekarritako talde bakar bat ere», andre batek ondoko gizonari, ahapeka. «Egia esan, hauek bai direla kanta onak», erantzun dio hark, elkartera begira, energia handirik erakutsi ez arren. «Denak dakizkit!», erantsi du gero. Kantu hauetaz ari da gizona, besteak beste: La Bamba, Mi gran noche eta Paquito el chocolatero. Orkestrakoak azken abesti hori jotzen hasi direnean, sakelakoa atera du herritar mordo batek, bideoak grabatzeko-eta. Gehienek horizontalean, pozarren filmatu dute jendea makurtuta, gerria atzera-aurrera. 

Minutuek aurrera egin ahala, kafeak albo batera utzi eta garagardoa edo ardoa edateari ekin diote askok, baina erretiratzea erabaki dute beste batzuek. Kalera jaisteko eskaileren ondoan, telebista piztua da aspaldi, eta, etengabe, irudi berberak ari dira ematen: uztailaren 11ko entzierrokoak, Navarra Television katean. Aurtengo sanferminek beste hiru entzierro falta dituzte oraindik, eta, beraz, baita beste hiru Espartinen Dantzaldi ere. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.