ATZEKOZ AURRERA. Juancar Garcia. Bloody Mary disko dendako arduraduna

«Hau ez da nostalgiko eta zaharrunoentzako disko denda bat»

Bloody Mary dendak 30 urte bete zituen urrian, eta berriki egin dute ospakizuneko kontzertua, Andoainen. Garcia undergroundaren eta rockaren gotorlekutik mintzo da, binilo doinuz eta punk jarreraz.

JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Irun
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Koktel batena du izena, eta lurraren azpikoak azalera aterata lortu du izana. Underground sortu, bilatu eta topatutakoekin eraikita dagoen tenplu txiki eta kaotiko bat da Irungo Bloody Mary. Binilo artean ezkutatuta Juancar Garcia Alberca (Irun, Gipuzkoa, 1964). Berak aukeratu du doinua: Paul Orwellen azkena.

Zer da Bloody Mary? Disko denda bat? Zigilu bat? Bizimodu bat?

Gauza asko dira Bloody Mary. Sortu zenean, denda ezberdin bat sortu nahi izan genuen. Londres, New York, San Frantzisko... hango denda txikiei erreparatzen genien. Eta haietako bat sortzen saiatu ginen. Ez bigarren eskuko diskoak saltzeko, baizik eta gaurkotasuna duten diskoak saldu eta taldeak ezagutzera emateko. Gaurkotasuna da musikalki bilatu eta baloratzen dudana.

Eta nor da Juancar Garcia proiektu horretan? Zer paper du?

Paper garrantzitsua, esango nuke. Ni nahaste-borraste askotan sartu naiz, baina gustatzen zaidalako. Diskoak saltzen hasi ginen, kontzertuak antolatzen gero, diskoetxe ere bihurtu ginen... Zergatik? Beste batzuk ez zutelako egiten.

Esan izan duzu ez zarela sekula saltzaile bat sentitu.

Ni honetan hasi nintzenean, lotsa ematen zidan jendeari kobratzeak. Baina nire lana ez da diskoak saltzea, nire lana da talde ezberdinak ezagutzera ematea.

Diskoak, izan ere, ez dira norberarentzat bakarrik?

Gure belaunaldiak egun berean erosten zituen diskoak eta egun berean uzten zizkien lagunei. Beste era batera agian, baina hori da orain ere egiten dudana. Jendea hona sartzen denean, nik disko bat gomendatu, berak entzun, gustatu eta ni bezala hunkitzea lortzen badut, gauza zoragarri bat lortu dut: ezezaguna zen musika hori ezagun egitea.

Pasioz bizi duzu, grinaz, baina porrot egindako grinatsu asko dago.

Hala da. Grina ere kontrolatu behar duzu, nolabait. Promotore askori entzun izan diet: «Nik ez ditut benetan gustatzen zaizkidan taldeak ekartzen, zeren galbidera eramango nindukete, dirua galduko nuke». Eta, era batera, egia da eta erreala da. Baina uste dut egin behar dela ahalegin bat. Erakundeek badutela horretan ardura bat. Ezin da dena errentagarritasuna izan. Taldeen balioa ezin da horren arabera neurtu. Nik, nolabait, laguntzaile figura jokatu dut hor. Ez niri dagokidalako, horrela sentitzen dudalako baizik. Etxeko artistak dira: Petti, Joseba Irazoki, Maite Mursego... Bizirik dauden artistak dira, gauza berriak eskaintzen ari direnak.

Dendak 30 urte bete ditu. Diskoak saltzen dituzue, biniloak, eta jabeak dio ez dela nostalgikoa?

Inondik inora ere ez. Pandemia garaian, inoiz baino asti gehiago izan dut atzera begiratzeko, baina ez nostalgiagatik, baizik konturatzeko: «Txo! Zenbat gauza egin ditugun!». Nostalgia ez zait gustatzen. «Lehen gauzak hobeak ziren», dioen jende hori... Hori esatea, munduko lerdokeria handiena da.

Binilozale batek esana...

Biniloa ez da sekula desagertu. Multinazional handiek akabatu nahi izan zuten, eta CDak inposatu zituzten. Baina nik kaxakada binilo ekartzen nituen AEBetatik, eta denak ziren CDrik egiten ez zuten diskoetxeenak. Biniloak zakarretara bota behar zirela zioten orduan. Baina gezur handi bat izan zen hori, eta oraindik ere hala da.

Baina horiek zaharrunoen kontuak dira. Gazteak non daude?

Zaharruno hitza behin baino gehiagotan erabili izan dut, eta interesgarria da hitza. Izan ere, nik ez daukat zaharrunoentzako denda bat. Bloody Mary gaurkotasuna da. Horrek ez du esan nahi atzera begiratzen ez dugunik, hainbat berrargitalpen daudelako. 20 urteko gazte bat sartzen bada hemen, eskubide osoa dauka atzera egin eta kuriositatez topatzeko The Ramones, The Clash, Aretha Franklin... horiek Biblia direlako. Eta geroz eta interes gehiago eduki, orduan eta gehiago ikasiko duzu. Eta bai, badatoz gazteak diskoak erostera.

Underground hitza erabiliegia dagoela ere esan izan duzu.

Halaxe da. Niri modak ez zaizkit sekula gustatu izan. Gaztea nintzela, nire Bomber jaka eta Martens botak janzten nituen. Mundu guztia berdina janzten hasi zenean, zakarretara bota nituen.

Punk galanta egina zaude.

Harrigarria da. Badaude garai bateko punk asko, garai haiek aldarrikatzen jarraitzen dutenak. Hori baino jarrera antipunkagorik ez dago! Punk garaia amaitu zen, baina punk jarrera ez. Nirea bada punk jarrera, orainaldia bizi dudalako, eta orain sortzen diren gauzak aldarrikatzen ditudalako. Nola segituko dut bada 16 urte nituenean entzuten nuena entzuten? 56 ditut. Eta askoz ere punkagoa iruditzen zait Robyn Hitchcocken azken diskoa entzutea. Hori bai dela punka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.