'Hau ez da niretzat' websaila gaurtik aurrera 'Ttap' eta 'Zut'-en

Umorezko fikzio bat da, bertikalean ikustekoa. Glovoko banatzaile bat da protagonista; banatzaileen prekaritatea salatzen du lanak

Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo, websailaren irudi batean. TTAP.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Esti emakume gazte bat da, banatzaile lanetan aritzen da, eta etxez etxe eskari xelebreak eramatea egokitzen zaio. Eskaria bezain xelebrea den egoera bat topatuko du istorio bakoitzean. Errealitatea ala fikzioa? Hori da Ez da niretzat websail berriaren abiapuntua. Ttap eta Zut aldizkari digitalek gaur estreinatuko dute websaila; aldizkariak zein websaila sakelako telefonoetan ikusteko dira. Izan ere, formatu bertikalekoa da Ez da niretzat.

Websailaren sortzaileak Unai Portilla, Gorka Alvarez de Arkaia eta Egoitz Diaz dira —duela bi urte Ixa websaila egin zuten, formatu bertikalean hori ere—. Barrexerka antzerki taldearekin elkarlanean garatu dute fikzioa. Esti protagonistaren rola Maialen Sorzabalberek jokatuko du, eta beste aktore hauek arituko dira fikzioan: Garazi Mitxelena, Mikel Irazusta, Nerea Aranburu, Amaia Rojo, Amaia Iraundegi, Peru Ansorena, Ekain Arrieta eta Graxi Arregi.

Goiena taldearen proposamena pozik hartu zutela nabarmendu du Unai Portillak. «Websaila umorez landu nahi genuenez, Barrexerka taldekoekin jarri ginen harremanetan». Egoitz Diazen arabera, «umore nahiko beltza» da Ez da niretzat lanekoa. «Egoera bat muturrera eraman, eta, horrekin, umorea erabili dugu». Hiru sortzaileek argi zuten banatzaileen gaia landu nahi zutela—kasu honetan, Glovo konpainiako banatzaile bat—. Honako hau gaineratu du Portillak: «Bertikaltasunetik abiatuta, osagai funtsezko bat aurkitu dugu: ateak. Eta atez atekoa abiapuntua izanik, kritikarako tartea egongo da, banatzaileen lan egoera prekarioak salatuko baitira». Era berean, sortzaileek uste dute Barrexerka taldekoek «umore propioa» dutela. Sei atalez osatua dago websaila.

'Ttap'-en hirugarrena

Formatu bertikalean euskarazko fikzio gutxi egin dira orain arte. Baina gazte askok kontsumitzen dituzte fikzioak sakelakoetan, eta aukera berri bat izango da Ez da niretzat. «Pertsonaiak irudikatzeko tresna polita da formatu bertikala: plano detaileak», adierazi du Portillak. «Aldiz, plano orokorrak egitea oso zaila da». Antzera mintzatu da Diaz: «Sakelako telefonoaren jolasa baliatu dugu. Sakelakoaren esperientziari indar handiagoa eman diogu». Plano batzuk zuzenean sakelakoarekin grabatu dituzte.

Ttap aldizkari digitalaren hirugarren websaila da Hau ez da niretzat. Aurretik, Ixa estreinatu zuten, 2019an; eta Gorabeherak, iaz. Bai Ttap bai Zut doan deskarga daitezke Android zein IOS gailuetan. Ixa-k euskal websail onenaren saria jaso zuen iaz Bilboko Seriesland jaialdian. Ekaineko lehen astean Alemaniako Die Seriale jaialdian lehiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.