Gezur bat hamaika aldiz errepikatzeak ez du egia bihurtzen. Neurri berean, irudi batean edo argazki batean agertzen dena beste norbait dela esateak eta hamaika tokitan argitaratzeak ez du irudi horretako hori beste norbait bilakatzen. Adibideak badira Euskal Herriko historian. Oker egotzitako irudiak ez dira bakanak, eta munduko beste herrialde batzuetan ere gertatzen dira. Ez errepikatzen saiatu arren, Gorka Bereziartua kazetariak dio beti dagoela itoginen bat. «Eta sar daitezke halakoak beti».
Jon Mirande, Agosti Xaho, Xenpelar eta Anton Abbadia dira okerreko irudiak egotzi izan zaizkien lau adibide.
Donostiako Zinemaldian irailaren 29an estreinatu zuten Josu Martinezen Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala. Bertan, Martinezek eskuetan hartzen du argazki bat, eta aipatzen du Txomin Peillenek argitu zuela ez zela Mirande. Lehendik ohartarazi zuen horretaz Peillenek, Argia-k 2012an Igela aldizkariari buruzko erreportaje batean argazki okerra argitaratu zuenean. Hura ez zela Mirande, haren lankide Michel Tauriac baizik, hala esan zion Peillenek Miel A. Elustondo kazetariari. Informazioa eskuetan, Argia-ko erredakzioak, zuzenketa ohar sinple bat ez, Interneten artikulu bat idaztea erabaki zuen: Bereziartuak idatzi zuen Hau ez da Mirande. Kazetariak gogoratu duenez, Bidegileak bildumatik hartu zuten argazki hura. «Bidegileak erreferentzia bat zen, eta hala da, eta beharrezko filtroetatik pasatuta egingo zela pentsatu genuen. Baina akats hori zeukan, behintzat». Horri gehitu behar zaio erredakzio batek duen eguneroko martxa bizkorra. «Dena ziurtatzeko denborarik ez da izaten, eta autoritateari sinesgarritasuna ematen zaio», dio Bereziartuak.
Ordutik 11 urte pasatu dira. Bidegileak bildumako PDFan argazki bera ageri da: Tauriac. Eta Bereziartuarentzat, eskertzekoa da Martinezek dokumentalean argazkiaren kontua aipatu izana. «Kultur transmisioko kontu bat da hau. Transmisioa zorroztasunarekin egin behar da». Munduko beste toki batzuetan gertatzen dira antzekoak. «Eta kultura digitalak erraztu egiten du halakoak gertatzea».
Aipagarriak dira, halaber, Hau ez da Mirande artikulu hark izan zituen iruzkinak: batean aipatzen da Baionako Elekatu Elikatu elkartean Miranderi buruzko emanaldi bat antolatu zutela, Tauriacen argazkia erabiliz. Beste batean diote Egin-en liburu bilduma batean, Haur besoetakoa-n argazki hura argitaratu zela.
Xaho eta Abbadia
Bereziartuak beste kazetari askok bizi izaten duten egoera aipatu du: «Askotan gertatzen da garai bateko kontuak ilustratzeko orduan argazki aukeraketa ez dela oso handia». Zailtasun hori topatzen dute sarri komikigile eta ilustratzaileek ere. Asisko Urmenetak dokumentazio grafikoa behar izaten du komikiak garai historiko batzuetan kokatzeko. «Argitaratuta dagoenera jotzen dut». Eta ikerlariengana. «Ikertzaileak eskuzabalak izaten dira».
Urmenetak AztiHitza komiki liburua aurkeztu zuen 2018an. Agosti Xahoren bizitzaren inguruan idatzi aurretik, XIX. mendeko idazle eta politikari zuberotarrari buruz «gehien dakiten» hiru ikerlariengana jo zuen: Fermin Arkotxa, Elisabete Zubillaga eta Patri Urkizu. «Azken horrek eman zidan pista potreta ezagun hartakoa ez zela Xaho, Anton Abbadia baizik, eta horren arabera egin nuen komikia».
Urkizuk Hegats aldizkariaren 48. zenbakian eman zuen froga—2011n argitaratua—, Agosti Chaho, euskal erromantikoa Parisen (1831-1842) artikuluan. Han jakinarazi zuenez, liburu eta argiralpen ugaritan argitaratu den akuarelako gizona ez da Xaho, Anton Abbadia zientzialari eta kultura eragilea baizik. Izan ere, Xahok Abbadiari gutun bat bidali zion eskatuz bidaltzeko akuarela bat, non Abbadia agertuko zen «jantzi nazionalarekin».
Urkizuk deskubritu duenez,Abbadiari berari ere egotzi izan diote oker beste norbaiten argazki irudirik: Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco entziklopediako lehen liburuan (Auñamendi argitaletxea), Anton Abbadiari eskainitako lerro batzuk ageri dira. Eta Urkizuk argi du argazki horretan agertzen dena ez dela Abbadia. Arazoa da argazki hori bera beste libururen batean argitaratu dela geroztik. Kasu horretan ere errepikatu da akatsa, beraz.
Urkizuri iruditzen zaio akatsak maizegi pasatu ohi direla liburu batetik bestera. «Gehienetan egilearen ardura eta axola eskasagatik izaten da». Iturrietara jotzea funtsezkotzat du ikerlari eta idazleak: «Denbora bazuten, antza, idazle zaharrek, eta ofizioa ongi ezagutzen zuten moldiztegigileek. Tamalez, gaur egun, presak eta ekonomia kontuak direla eta, arreta gutxi jartzen zaio zuzentasunaren gaiari».
Urmenetak ere zorroztasunaren alde egiten du: «Iruditeria nazionalaren eraikuntzan aritzeko, ezinbestekoak ditugu zehaztasunak, eta fideltasunez kontatu behar da historia». Badu horretarako proposamen bat marrazkilariak: «Irudi banku bat beharko genuke, instituzio serio batek sortua. Irudi banku horretan ongi zehaztuak egon beharko lukete irudian ageri direnak nor diren, eta egiletza ere bai. Izan ere, eremu horretan basamortu handi batean ibiltzen gara; nor den nor, eta nork egin duen».
Emakumezkoekin ere gertatu izan da okerreko egozterik. Beste kasu askotan, berriz, ez dira aurkitu emakume garrantzitsuen irudi edo argazkiak, itzalpean egon baitira. Urmeneta, adibidez, duela ehun urteko maistren inguruko lan baten marrazketan murgilduta dago. «Ez dut aurkitu Bake Zigandaren argazki bat bera ere, ezta Katalina Lastuirenen irudirik ere. Garai hartako irakasle handiak eta ezagunak izan ziren arren». Halako zailtasunak topatzen dituzte komikilariek, garai historiko batzuetako pertsonaiak lantzeko orduan. «Marrazkilariaren gain gelditzen da kontua, eta ardura bat da, agertuko den moduan izango duelako gero jendeak gogoan. Ni saiatzen naiz fidela izaten historiari eta dokumentazio grafikoari, baina zailtasunak ditut».
Ignacia Zabalo marrazkilaria, berriz, Jon Zabalo Txiki-ren arreba zen, eta Nor-Nai ezizenarekin sinatzen zuen; askok uste zuten Txikiren anaia zela, baina arreba zen. 1925ean agertu zen aurrenekoz Argia-ren egutegian haren sinadura. Agere aldizkarirako marrazki ugari egin zituen.
Xenpelar Matxiyo zen
Pertsona batzuen argazki gutxibatzuk daude. Eta beste batzuenik, alerik ez. Aipatzeko modukoa da, esaterako, Juan Frantzisko Petriarena Rekondo Xenpelar bertsolaria —1835ean jaioa, eta 1869an zendua—. Haren argazkirik ez da ezagutzen. Aldiz, han eta hemen zabaldu izan da Antonio Valverde Aialdek 1969an egin zuen Xenpelarren koadroa; noski, koadro horretakoa ez da Xenpelar bertsolaria, Oiartzungo (Gipuzkoa) Antonio Lekuona Arbelaitz Matxiyo langilea baizik. Igande batean, mezatan, margolaria Matxiyori begira gelditu zen, eta han aurkitu zuen Xenpelar irudikatzeko inspirazioa; 2018ko abenduaren 11n hil zen Matxiyo. Gaur egun, Valverderen koadroa erabiltzen da maiz Xenpelar irudikatzeko —euskarazko Wikipedian, adibidez—.
Hau ez da hau
Hainbatetan gertatu izan da pertsona bat irudi edo argazki batean gaizki identifikatzea. Agosti Xaho, Jon Mirande eta Anton Abbadia dira horren adibide. Beste batzuetan, sexua aldatu zaio: Ignacia Zabalori, kasurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu