Egiaz eta begiaz

Hasten zenean kantuan, isiltzen zen mundua

Atharratzeko ostatuak kantariz eta behazalez beteak zirenean igaran mendearen erdi aldera, han zen Junes Xuburu gaztea. Kantuak aditu eta atxikitzen zituen gogoan. Oihanean lanean zelarik, arrajiten zitzaizkion, eta kantatzen. Aldi zahar bateko lekuko zen, memoriaren zaindari zuzena. Igaran hazilaren 4an zendu zen.

Junes Xuburu Idiart, kantari tradizional ederra, «bat balin bazen». ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Atharratze
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Jean Mixel Bedaxagarrek Xiberoko kantüak diskoan idatzirik utzi zuenez, Zuberoan bazirenkantatzeko zenbait molde. «Lehenik, Barkoxe eta Eskiulakoa, izan dadila bakarka Topeten kantoretan, edo taldean, gure kantore zahar miragarrietan. Gero, Basabürükoa: Santa Grazi, Larrañe eta Ibar eskuinekoa... Azkenik, Arbailletakoa. Ahüzki alte hortan aspalditik gizonak eta natürak bat egiten düe». Zioenez, Basabürüan edireiten zen Zuberoako kantuaren bihotza: «Herri horietako kantari jakintsünek edo sabantenek bazazkiten, has eta bürü, bersetez berset, garai haietako euskaldun kantore haboroxiak. Bazütien bakotxak beren ostatüa Atharratzen, eta, merkatü gaüez, delako tabernak mükürrü beteak ziren kantari eta behazalez! Kantari horiek züen hobekienik menperatzen Xiberoko kantatzeko manera xarmagarria: tonü laurdenak, kanta modalak, tonü aldaketak». Eta, zuzen, kantari haiei beha ikasi zuen kantuan Junes Xuburuk (Santa Grazi, 1936Atharratze, 2020), kantatzeko molde jakin baten azken kantarietarik, Basabürüko kantatzeko moldearen gordagi.

Duela hamaika urte joan gintzaizkion Atharratzera, berak agindu egun batez: «Daigun neskenegunean, bi eta erdietan». Etxean hartu gintuen, gozo, arno goxo eta pastiza artean, kantari azkarrak. «To!, kantari azkarra ni? Bizian ez bainaiz sekula izan azkarra, hil ondotik ez naiz azkartuko! Kantari izana naiz, bai, baina izana izen txarra da. Orduan ari izan nintzaizun! Lehen! Hondarrean, Atharratzen egin baitzuten Atharratze jauregian pastorala [1997], han ari izan nintzaizun. Guztiarekin ez, ez naiz Atharratzen sortu, Santa Grazin baizik, 1936ko martxoaren 20an, Idiart etxean. Mendian gora, hondar etxea duzu».1936, Espainiako gerlaren hastea Santa Graziko mendiez beste aldean. Baina Junesek: «Gerla guti hemen».

Santa Grazin hazi

Espainiako gerla bururatu baiko, Bigarren Mundu Gerla, eta Zuberoan goiti eta beheiti alemanak. Aldi hori ezagutu zuen Junesek. «Eskolara hasi ginenean heldu ziren alemanak. 1942a zen, nik uste. Eguerditan eskolatik kanporat atera eta heldu ziren alemanak, bi kamioi berde handirekin. Gu, haurrak, besoetan hartzen gintuzten, altxatzen-eta! Ontsa pasatu zen hura! Gero, seriotu zen afera. Espainolak joaten baitziren hemendik, Izabako bila, eta ene etxe ondotik pasatzen baitziren. Eta alemanek zaintzen, jendeen sartu-irtena begiratzen zuten. Santa Grazin bazen jende pasaia handia, eta baziren ere bi auzo, jendeen pasatzen ari zirenak; gazte-gazteak. Alemanek hatxeman zituztelarik, eraman zituzten kontzentrazione kanporat, eta han hil ziren. Ene auzoak nituen! Bazen couvre-feua-a [etxeratze agindua], eta ez zen argirik ez fitsik pizten ahal, eta ate eta leiho, dena zerraturik. Noizbait ere, 1944an, joan ziren alemanak».

Gerla aldiagatik ere, bateko etxean, besteko eskolan igaran zuen Junesek haur denbora. «Bost ginen etxean: hiru anaia, bi arreba. Bigarrena naiz ni. Etxean lana bazen ausarki, eta, bestalde, eskola eta katixima ere bai! Hori zen gure denbora. Dena euskaraz mintzo ginen, baina ez eskolan. Oroit naiz eskolan bazela errejent bat, Santa Grazirat Altsaziatik eskapi, errefuxiatu jina. Harekin egin genuen gerla denborako eskola guzia. Eskolatik kanpo beti gintuzun euskaraz ari gu, baina eskolan ez zen sobera libro euskaraz mintzatzea. Errejent hura, hala ere, ez zen gurekilan gaizto ere».

Kantuan ikasi

Junes Xuburuk bilorik gabe erraten zuen bere gisara ikasi zuela kantuan, bakarka, beti maite izan baitzuen kantua. «Gazte-gaztea nintzelarik, igande arratsean, ostatuan baitziren adineko gizonak, kantu zaharrak kantatzen zituzten. Eta ni her beha! Nik dantza ez nuen batere maite, baina kantuaren beha nintzen beti, xoko batean sarturik. Kantari denak maite nituen. Eta ez dakit nola, joaiten nintzen etxerat eta biharamun goizean kantu denak ene buruan banituen. Eta izkiribatzen nituen hitzak, eta denak jiten zitzaizkidan. Ikasten nituen kantuak gogoz! Beti jende adinekoak ikusten nituen kantuan, eta, her beha, nihaur hasi nintzen. Gero, hasi zen hemen gizon bat, Buchet, Ligikoa, Mauleko Kontseilu Nagusiko kidea, konkurrak eta kantu xapelgoak egiten. Hamabost-hamasei urteko nintzen, eta lehentze Ligin hasi nintzen kantuz. 1958an, Hazparnen ere izan nintzen, soldadu arropan, armadan bainintzen. Etxean agitu nintzen, baina behar nuen armadara sartu, baina Buchetek armadara abisatu eta kantatu nuen Hazparnen. Boste egun berantegi joan nintzen armadara. Haatik, inork ez zidan fitsik erran, abisatuak baitzituzten». Bizia igaranik ere, Junes Xuburuk gogoan atxikia zuen Hazparneko xapelgoan kantatu zituenak. hala eguerditan, nola arratsean, 1958ko hartan eman zituen kantuak... «Ene maitiak biloak holli / Eta koloreak gorri / Esküko larrüa alde xuri, zilar fina üdüri / Bera düzü xarmegarri / Beste ororen gaineti...». Hura goizez, eta, arratsean, berriz: «Ni deitzen niz Petiri / Izen ederra da hori / Ez düt, eskerrik, sosarik / Tralarala larala / Ez naiz aberastu nahi». Berrogeita hamar urte baino gehiago joanik ere, oroitzen zen Junes Xuburu. Bazuen kantuen gustua, bai hitzena ere. «Ahaire zaharrek bazizuten zentzua. Baziren artzainak, baziren kantariak, baziren gazteak amodioak tronpatuak, eta denek ere bazizuten zentzua. Kantari haietarik bat baino haboro ezagutu dizut nik. Eta etxean ere! Gure osaba, Xuburu Bordaleku, kantari azkarra zen! Eta, gainera, gure etxean bazen liburu zahar bat: Etxahun Barkoxe zen han ageri. Soldadu joan nintzelarik, beti galdegin dut liburua. Gero, galdu zen, seguru».

Bistan dena, Junesek ez zuen Etxahun Barkoxe ezagutu, ez Queheille Altzürüküko edo Mixel Epherre ere. «Ni baino zaharrago izan dira horiek. Nik ezagutu ditut Etxekopar, Attuli, Etxahun Iruri, Loiato Hazparneko... Biziki kantari ederra izan da Loiato, kantari ederrena! Eta ezagutu ditut ere Lohidoi, Estekabürü, Estekahandi... Horiek oro Barkoxtarrak eta Eskiularrak ziren. Eta Oihenart, Epherre Altzürüküko… Beste bat bazen, arrunt kantari ederra, Attuliren laguna. Baina Attulik biga bazituen lagunak. Ahantzia dut orai haren izena». Mundu honetatik joanak denak, duela hamaika urte Junes ez bezala, Junes bezala denak hilak orai «Bakarra nauzu bizia. Leheneko errana baituzu: 'Onak joaiten dira, tzarrak baratzen'... Hobe da tzarra izatea!», Junesek, irri karkailan.

Kantuan ari

Ororen gainetik, igande arratsetan kantatzen zuten, ostatuan. Lan serioa zen hura, Junesek zioenez. «Hasten balin bazinen kantuan, behar zenuen kanta bazterretik bazterrilat eman, hastetik burualat, kuplet denak. Bazen ahaire bat, hamabost edo hamasei kuplet bazituena, eta behar ziren denak eman!». Baitezpadakoa da kantuak hitza izatea, Junesen iduriko. «Zentzua eman behar baitzaio kantuari. Bestela, la-la-la, la-la-la... edan-istorio da hori, nolaz ez den Queheille Altzürükükoaren Belatsa!» Belatsa, letrarik gabeko kantu ezinago ederra, gabirai baten hegaldia imitatzen duena. Ostatuetan bazen kantu xaramela hanitx orduan. Junesek bere begiez ikusia zuen: bata hasten zen kantan goratik, eta adinekoak jarraikitzen zitzaizkion. «Gero, izan da hutsa, arte bat, gazteak hirietarat joanda. Baina orai, azken hamabost urte horietan, berriz hasi dira»...

Ostatuez landa ere kantatua zen Junes Xuburu. Orduko hartan, kanta jakin bat izan zen kausa: Abrekeria zer tristezia... «Etxahun Irurik egina da. Lehentze egin zuenean kantu hori, erran zidan: 'Kantu berria egin diat! Behar duk jin!'. Izana naiz haren etxean behin baino haborotan, prefosta! Hark izkiribatzen zuen, eta, gero, kantatzen genuen». Hurrena, kanta horixe hartu eta Atharratzetik Donostiaraino joan zen Junes, Etxekopar kantariarekin. «Diska baten egiterat joanarazi gintuzten, Francoren denboran, 1965 aldean, artean ezkondu berria bainintzen! Hala, joan ginen Donostiarat, Aurrera ostaturat. Bazkaldu genuen Aurrera hartan eta, gero, lurpean ezarri gintuzten, sala batean, eta ari izan ginen arratsalde guzia kantuz. Gauza bat ohar dut: kantuak erregistratu zituzten». Haatik, bizian inoiz ez zuen jakin zein izan zen grabazio haren zoria. Ez zuen jakin nork joanarazi zituen, ez diskaren berririk izan zuen sekula. «Ez nintzen gauza horiez okupatu. Laket balin banintzen, ariko nintzen kantuz lagunekin.». Horixe dena.

Kantuan utzi

Kasik gaztetako ibilera zuen kantua Junesek. 1963an ezkondu zen Atharratzeko errejentsarekin. Bi haur ekarri zituzten. «Lanean hasi behar zen, zerbait egin, eta ni animalia tratuan hasi nintzen, saltzen eta erosten. Eta kabala beti lana da, ez zara lo egoten ahal, beti behar duzu kurri honat eta harat. Vitorian eta Altsasun-eta izana nauzu, beti lanean, ez kantuan, hala ere!». Ostatuetatik bazter, Junesendako ez zen kanturik izan denbora luzez. «Orai erretretan nauzu eta pixka bat aritzen nauzu igandez lagunekin: Mixel Bedaxagar, Pier Paul [Berzaiz], Mixel Arrotze... Urtean egiten ditugu bizpahiru bazkari eta arratsean kantuz aritzen gara». Bistan da, gazteago zituen Bedaxagar, Berzaiz edota Arrotze. «Ene denboran ez naiz haiekin higitua izan, xahartuagoa nauzu». Adina gorabehera, eta gisa horretara mintzatu zitzaigunean 74 urtetan izanagatik ere, sasoi oneko ageri zen Junes.

Eta mundua mundu denetik, jendea kantari izan da. Zuberoan, hasteko, bortuko botzean. «Baina nik ez dakit batere bortuko botza den! Lehenik, artzainen botza duzu. Bortuan ikasi ditut kantak, hori egia duzu. Kantu bat gustatzen bazitzaidan, arratsean buruan erregistratzen nuen, eta oihan-oihanean nintzenean, tak!, banekien. Etxahun Barkoxeren kantua zen, edo Etxahun Irurirena. Kantu zaharrak, beti. Eta, oraino, hemengo jendeek haiek kantatzen dituzte! Orai badira kantari gazteak, eta gazteetan bada onik ere. Berek egiten dituzte kantuak, musika eta guziak, baina biga-hiru aldi kantatu, eta fini da gazteen kantua, ez du luzaz irauten. Aldiz, Etxahunek egin kantuak kantatzen dituzte jendeek».

—Junes, zelialat zoazelarik, kantu bat, hondarreko? guk, azken adioa baino lehen.

—Kuplet bat baizik? eta kantari lotu da, Zuberoako kantu zaharraren tonu laurdena. Txori erresiñula üdan da kantari / zeren ordian beitü kanpuan janari / negian ezta ageri balinban ezta eri / üdan jin baledi, kontsola neinte ni. / Txori erresiñula ororen gehien /bestek beno hobeki hark beitü kantatzen / harek dü inganatzen mundia bai tronpatzen / bera eztüt ikusten / bai botza entzüten.

—Loriagarria kantua, loriagarriagoa zure botzean.

—Honaino heldu zarete, bada, zuek...

—Junes Xuburu kantaria baitzara. Zure istorioa ikasi nahi genuen...

—Guti da ene istorioa. Kantuz ari izan naiz, baina lanean behar balin bada astelehenetan hiru orenetan ferietarat partitzen, ez da posible igandeetan kurri.

—Kantari azkarra zu, hala ere...

—To! Azkarra ni?! Osaba zena zen kantari azkarra, Xuburu Bordaleku. Hura hasten zenean kantuan, isiltzen zen mundua!

—»Isiltzen zen mundua».

—Eta bai!

—Eta zu kantuan hasten zinenean...

—A, ez, ni bühamea izan naiz... Osaba zena kantari ederra zen, bai. Orai ez da horrelako kantari zaharrik.

—Zu baizik!

—Ni baizik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.