Hastear da eromena

Sanferminen aurretik, azkeneko prestaketak amaitu nahian ibili dira azken orduotan iruindarrak. Gaurko eguerdira arte daukate, alegia, suziriak jaiaren hasiera iragarri arte, eta nabaria da urduritasuna Alde Zaharreko kaleetan.

Prestakuntzak. Langileak, atzo, azken orduko prestalanak amaitzen Alde Zaharrean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Atzerako kontua amaitzear da Nafarroako hiriburuan, Estafetako ordutegi famatuak agerian uzten duenez. Gaur, 12:00etan, Udaletxe plazan, DYAko Paula Ramirezek jaurtiko du suziria, eta horrela emango die hasiera sanferminei, eta, horrekin batera, zortzi eguneko etengabeko jaiari. Hortaz, espero litekeenez, Iruñeko hiria eta bereziki tabernari, dendari nahiz bestelako langileak buru-belarri zebiltzan atzo festa aurreko azken prestakuntzekin.

Kaleetan zehar egundoko mugimendua sumatzen zen festaren bezperan: kamioiak han eta hemen komun eramangarriak, garagardo upelak eta janaria deskargatzen, langileak agertokiak eta karpak muntatzen... Errekoleten plazan, Herri Sanferminak plataformak antolatutako txosnak jadanik muntaturik zeuden atzo. Hala ere, boluntario ugari bildu ziren azken unekoekin laguntzeko: edaria txosnetara eramaten, oholak margotzen eta abar. Alde Zaharrean egongo diren hiru euskal gune eta alternatiboetako bat da hura. Ondoan, Takonera parkean, Nafarroa Oinez-ek urtero jartzen duen sanferminetako euskal gune nagusietako bat dago.

Halaber, eguraldi eguzkitsuak jende uholdea erakarri du egunotan hiriburura, eta, egoerari probetxua atera nahian, kale musikariak eta GKEetako boluntarioak ere atera dira kalera. Musikarien artean, 20 bat urteko hiru gazte zeuden, Txapitela kalean biolina jotzen. Honako hau esan zuen haietako batek: «Jaiak hasi aurreko egunotan egon gara jotzen, jendea oso eskuzabala izaten delako, are gehiago eguraldi honekin».

Arropa dendak zuri-gorriz jantzi dira, jakin bai baitakite egunotan ez dutela beste koloreko jantzi askorik salduko. Bertakoak diren gehienek aurreko urteetatik etxean duten jantzia berrerabiltzen dute. Alde Zaharreko eta hiriaren erdialdeko dendetara gehienbat atzerritarrak joaten dira, Udaletxe plazan dagoen Gutierrez dendako Alvaro Gutierrezek azaldu duenez: «Bereziki australiarrak eta estatubatuarrak datoz hona; hemengoek, arropa behar badute, supermerkatuetara eta antzeko tokietara joatea nahiago dute».

Iruñeko turismo bulegoko langileen hitzetan, galdezka joaten zaizkien kanpotar gehienak frantsesak eta estatubatuarrak dira, eta neurri txikiagoan australiarrak. Eta, turista horien kezka nagusiak zeintzuk diren galdetzean, argi eta garbi erantzun dute: entzierroa eta zezenketak. Horiekin loturiko galderak egiten dituzte gehienbat: adibidez, zezenketetarako sarrerak non erosi, entzierroaren arauei buruzko zalantzak... Antza denez, interes turistikoa izan lezaketen Iruñeko lekuak bisitatzea ez dago haien lehentasunen artean. Udaletxea eta katedrala dira kanpotarren arreta gehien erakartzen duten eraikinak, eguneko edozein unetan ikus baitaiteke jendea horiei argazkiak egiten. Gida antolatu batzuk ere badaude, turista taldeei hiriko alderdiei buruz ingelesez azalpenak ematen.

Zezenak eta sexu erasoak

Sanferminetako lehenbiziko egunetan aspaldidanik egiten den bezala, aurten ere animalien eskubideen aldeko mugimenduek protestak antolatu dituzte jaietan zezenek eta beste animalia batzuek jasaten dituzten tratu txarren aurrean gaitzespena adierazteko. PETA eta Anima Naturalis plataformek elkarlanean egin dute aurtengo protesta.

Gero eta zabalduago dago animalien eskubideen aldeko kontzientzia, eta horren seinale da azken urteotan era horretako manifestazioak areagotzen ari direla eta gero eta jendetsuagoak direla. Gainera, plataforma animalista berriak sortzen ari dira etengabe, baita Iruñean bertan ere. Horietako bat da Iruñeko Ekintza Antiespezista plataforma, bizpahiru urteko ibilbidea duena. Iruñeko gaztez osatutako erakunde horrek animalia guztien duintasunaren alde egiten du borroka, eta zenbait ekintza antolatu ditu sanferminetarako, animaliak «esplotatzen» dituen ekitaldi oro salatzeko asmoz. Besteak beste, urtero egiten den zaldi ferian eta zezenketetan egingo dituzte protesta baketsuak.

Segurtasun neurriak

Horrekin batera, sanferminetan ohikoak izan ohi diren eraso sexistak bukatu nahian dabiltza bai herri mugimendu feministak eta bai udala. Uztailaren 4an hainbat erakunde feministek eraso horien aurkako martxa bat antolatu zuten Alde Zaharreko kaleetan, eta autodefentsa feminista aldarrikatu zuten. Iruñeko Udalak ere, aurreko urteetan bezala, erasoen aurkako kanpaina jarri du martxan, eta informazio nahiz arreta guneak ezarri ditu hirian. Arreta gune nagusia Karlos III.a Noblearen etorbidean dago, eta hilaren 6tik 14ra irekiko dute, 09:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 00:00etara.

Sanferminak nazioarteko jaiak direnez, eta azken aldiotan mendebaldeko Europan izaten ari diren eraso jihadistak kontuan hartuta, segurtasun neurri sendoak ezartzea erabaki dute. Udaletxe plaza Alde Zaharreko beste zona batzuekin lotzen duen lur azpiko sistema itxi egin du Poliziak, eta uhin infragorridun kamerak ezarri dituzte ezohikoa den edozein elementu antzeman dezaten.

Iruñeko erdialdera doazen hogei bat kaletan zirkulazioa debekatu du udalak, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Hori betetzen dela ziurtatzeko, oztopoak jarri dituzte hainbat errepidetan autoak pasa ez daitezen —hormigoizko loreontziak, adibidez—. Gainera, hirian normalean auto zirkulazio handiena duten etorbideetan ere autoak igarotzea debekatu dute, besteak beste, Nafarroa Behereko etorbidean, Armada etorbidean edo Gipuzkoako etorbidean. Bertatik igaro ahalko diren bakarrak Iruñeko erdialdean bizi diren auzokideak dira, baita lur azpiko aparkalekuetara doazen autoak ere.

Aritz Romeo Iruñeko Udaleko zinegotziak herritarrei gomendatu die erdialdera oinez joateko eta ahal den neurrian autoa ez hartzeko, hiri garraioari eta oinezkoei mesede egiteko. Segurtasuna bermatzen 400 udaltzain arituko direla gehitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.