Agurtu dute elkarrizketa baino lehen; agurtu dute tabernan, berbetan hasi aurretik; eta agurtu dute, orobat, tabernatik atera ondoren ere, Zallako (Bizkaia) udaletxe parean. Marijose Vidal (Balmaseda, Bizkaia, 1955) ezaguna da herrian; ezagutzen dute gazteagoek, eta ezagutzen dute, halaber, eskola aspaldi utzitakoek. Eta gogoan dute. Ikasle ohiak dira, eta ez gutxi: 1976an hasi zen beharrean herriko maristen ikastetxean—orduko hartan, artean mojen esku zegoen—, eta orain dela bospasei urte hartu zuen erretiroa. Zallako Udalak berriki omendu du, herrian irakatsi zuten beste emakume askorekin batera, Atzoko eta gaurko maistrak liburuan (Novelame argitaletxea, 2023).
Balmasedan jaio zinen, eta han bizi zara orain, baina Zallari lotuta zaude.
Hiru urte eta erdirekin etorri nintzen Zallara bizitzera. Arangurenen paper fabrika bat zegoen, eta langileentzako auzo bat egin zuten; aitak paper fabrikan egiten zuen lan. Auzoan ume asko ginen, bikote gazte askok baitzituzten ume bat edo bi. Fabrikan geratzen ziren paper zatiak grapatu, eta koadernoak egiten zizkidan aitak; ni beti ibiltzen nintzen umeekin jolasten, eta koadernoak erabiltzen nituen lanak ipintzeko: bati, zenbakiak; beste bati, marrazkiak, edo letrak...
Bokaziozkoa izan zen, orduan.
Bai, egia da. Goi mailako batxilergo amaiera azterketa prestatu bitartean, Administrazioa eta Idazkaritza ikasi nuen, Bilboko akademia batean: mekanografia, kontabilitatea, takigrafia... Baina hori ez zen niretzat. Pentsatzen nuen: «Bizitza osoa hori egiten emango dut?». Negar egiten nuen gauero. Hurrengo udan, azterketa gainditu nuen, eta Elizako Magisteritza Eskolan deialdi berezia egin zuten Irakaskuntza ikasteko —berez, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea egin beharra zegoen—. Lehen urtean, teresiarretan ikasi nuen, Ikasbide ikastetxean [Bilbon]; neskak geunden bakarrik. Hurrengo urtean, Bilboko Elizbarrutira pasatu ginen, Derioko [Bizkaia] seminariora, eta han neska-mutilak nahastuta egoten ginen. Irakaskuntzako lehen urtean, Dimako [Bizkaia] teresiar batek euskara irakasten zigun arratsaldeetan; hiruzpalau neska ginen. Francoren garaia zen, eta ni beti izan naiz apur bat bihurria. Horrela sartu nintzen euskararen munduan.
Aurretik ez zenekien ezer? Etxean ez zenuen batere jaso?
Ezta pentsatu ere. Debekatuta zegoen, gainera.
Ikasle izandako ikastetxe berean izan zinen irakasle gero.
Ikastetxeko mojek esana zidaten abisatzeko irakaskuntza ikasketak bukatutakoan. Nik txikitan irlandarretan ikasi nuen; tira, Santa Anan, parean zegoen eraikin txikian, Zallako neskentzat zena. Irlandarrena barnetegi bat zen, eta goi mailako neskak hartzen zituen: enbaxadoreen alabak zeuden, Persiako printzesa bat ere egon zen... Ni lanean hasi nintzenean, bazeuden egoiliarrak, baina gauzak aldatzen hasiak ziren; klaseetan neska-mutilak izaten hasi ziren: nire lehenengo klasean 30 bat ikasle zeuden, eta bost mutilak ziren.
Noiz hasi zinen eskolak ematen?
1976an. 1975ean Franco hil zen, 1976ko ekainean bukatu nituen ikasketak, eta irailean hasi nintzen lanean.
Eta ordurako jada igartzen zen askatasun handiagoa?
Bueno, poliki-poliki ja nabaria zen. Aldaketa igarri zen jendearen artean, politikarien artean baino askoz lehenago. Hasieran, antzinako metodologiak erabiltzen genituen; teresiarretan, Montessori metodoa erabiltzen genuen. Lanean hasi nintzenean, metodoak nahasten hasi nintzen.
Eta euskararekin jarraitu zenuen.
San Adriango [Bilbo] parrokia batera joaten nintzen aurrena. Ez zen ofiziala; Urretxindorra ikastola sortu zen han, eta hara joaten nintzen ikastera. Baina hizketan oso traketsa nintzen. Herrian ez zegoen norekin hitz egin. Ahozkotasuna lantzeko joan nintzen San Adrianera. Hizkuntza bat ikasten hasten zarenean, gramatika eta hiztegia irakasten dizkizute, batez ere; baina ahozkotasuna lantzeko oso aukera gutxi izaten dituzu. Nik bizkaieraz ikasi nuen, eta, EGAko azterketara aurkeztu nintzenean, dena batuan zegoen. Azterketa nolakoa zen ikusi ondoren, erabaki nuen batua ere ikastea, eta Deustuko [Bilbo] hizkuntza eskolara joan nintzen; eskolak bukatu ondoren joaten nintzen, lankide batzuekin.
Ikastetxeak izan al zuen euskara bultzatzeko asmoa garai hartan? Erraztasunak ematen zizkizueten?
Inork ez zidan EGA gainditzeko agindu. 1980ko hamarkadaren amaieran, ikastetxeak B eredua ezarri zuen, Haur Hezkuntzatik hasita: hiru neska euskaldun kontratatu zituzten. Baina Lehen Hezkuntzan, ez zegoen inor. Orduan, 1992an, liberatzeko eskatu nuen, euskara ikasteko. Hasieran, ikastetxe pribatuetan ez zuten liberatzen, baina bigarren aldiz eskatu nuen, eta liberatu egin ninduten, ikasturte batez. Titulu guztiak lortu nituen urte hartan: IGA, EGA, PL1 eta PL2.
Nolakoa izan zen itzulera?
Ez zegoen euskarazko materialik, gauza guztiak erdaraz zeuden. Fotokopia pila egin nuen; den-dena egiten nuen nik: idazteko fitxak, irakurtzeko fitxak... Ostiralero joaten nintzen Bilbora, Urretxindorra liburu dendara —orain Elkar dena [Iparragirre kalekoa]— eta liburutegi guztietara, eta erosten nituen koadernoak, liburuak, ipuinak.... denak euskaraz. Nahiko lan gogorra zen. Hasieran, Behin Batean metodora jo nuen, ikastola batzuetan erabiltzen zutena, eta metodo horretan bazegoen gustatzen zitzaidan gauza bat: kantuz adierazten zen nola idatzi letra bakoitza. Esate baterako, a: borobila ta buztana [lau aldiz errepikatu du esaldia, kantuz, eta, aldi berean, a minuskula idazteko keinua egin du eskuarekin]. Lehenengo entzun egiten zuten, eta gero denok egiten genuen letra, kantatzen. Horrela ikasten zuten. [Lehen Hezkuntzako] Lehenengo mailan, ez zekiten ezer.
Ez idazten, ez irakurtzen. Zeuk irakasten zenien?
Bai, neuk. Batzuek zerbait bazekiten, fonemak bazekizkiten; baina beste batzuek ez zekiten ezer.
Berezia izan behar du irakurtzen eta idazten irakasteak, ez? Pertsona bati oinarri-oinarria irakasten ari zarelako.
Bai, oso berezia da. Oso lan gogorra egiten da lehenengo mailan. Baina oso inportantea da. Jendeak ez daki zenbat gauza berri izaten dituzten umeek urte horretan. Haur Hezkuntzan egoten dira jolasten, gauzak ikasten, bai, baina ez dute zertan beren gauzez arduratu. Lehenengo egunean, irakasten nien nola gorde liburuak mahai azpiko apalean; horretarako, bi ordu.
Eurentzako jauzi oso nabarmena da, ezta?
Bai, bai. Hasieran, batzuk oso urduri egoten ziren. Baina, ondoren, segurtasuna irabazten zuten, eta gauzak askoz lasaiago egiten zituzten.
Beti irakatsi izan diezu Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako umeei?
Bai. Behin, saiatu ziren ni [Lehen Hezkuntzako] bosgarren eta seigarren mailetara bidaltzen; erretiroa hartu baino lehen izan zen, eta esan zidaten lasaiago egongo nintzela. Eskatu nien ni ez zigortzeko: niri lehenengo eta bigarren mailak gustatzen zaizkit. Ni maistra naiz.
Zergatik ez zenuen aldatu nahi izan?
Hori delako niri gustatzen zaidana: lehenengo pausoak haiekin ematea, lehenengo gauzak irakastea... Oso urte aberatsak dira, eta oso esker onekoak. Ikusten duzu nola egiten duten aurrera, nola hazten diren, nola ikasten duten... oso atsegina da. Gustatzen zitzaidan eta zait: itzultzekotan, lehenengo eta bigarren mailetara itzuliko nintzateke.
Lan bizitza osoa egin duzu ikastetxe horretan? Nola aldatu da egoera urteekin?
1993an, mojek ikastetxea saldu zuten. Hasi nintzenean, hogei bat moja zeuden, baina ordurako hiru geratu ziren, eta nahiko nagusiak ziren. Maristek hartu zuten ikastetxea, eta aldaketa asko egin zituzten: formazio ikastaro asko egiten genituen, informatika ematen hasi ziren, hezkuntza digitala lantzen, kalitatezko prozesuetan sartzen... Gero, jende gehiago liberatu zen euskara ikasteko, eta eskolak euskaraz emateko.
Orduan, euskararen egoeran ere igarri zen aldaketa?
Bai, bai. Hasieran, nire gela zen euskarazko bakarra, den-dena ematen nuen euskaraz, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 16:30era. Gaztelania ematen zuten, ordubete; libre geratu behar nuen gauzak prestatzeko.
Baina material berriak sortuzjoan ziren gero...
Bai. Dena den, urte asko eman nituen horrela. Nire senarra 1998an hil zen, eta nik oraindik koadernoetan ipintzen nuen kaligrafia. Eskuz. Ez ziren fotokopiak, ez. 25 ume, 25 koaderno, bost egun astero. Hasieran, egun osoa ematen nuen umeekin, goizetik, lehenengo agurra ematen, kantatzen, edo ipuinak kontatzen, hausnartzen, otoitzak irakasten. Askotan, aprobetxatzen nuen kantatzeko, dantzatzeko eta antzerkiak egiteko.
Ahozkotasuna ere lantzeko, nolabait? Askotan esaten da hezkuntza sistema gehiago zentratzen dela idatzizkoan, eta ahozkotasuna ez dela hainbeste lantzen.
Guk proiektuak landu ditugu, eta umeek azaldu behar izaten zuten. Eta, noski, euskaraz hitz egin behar zuten. Arduradunak izatea tokatzen zitzaienean —makinista deitzen ziren—, zerbait kontatu behar zuten: esate baterako, txiste bat, amets bat, ipuin bat, gertaera bat edo afarirako menua; berdin zuen. Bigarren mailan, ipuinak laburtzen zituzten, edo gehien gustatu zitzaiena kontatzen zuten.
Esan duzu euskaraz ikasten hasi zinenean, hizkuntza erabiltzeko zailtasunak zenituela, inork gutxik zekielako. Urteak aurrera egin ahala, aukera gehiago eduki izan dituzu?
Bai, batez ere ikastetxean; taldeko bilerak euskaraz egiten genituen. Oraindik ere, ikasle ohiekin topatzen naizenean, zuzenean euskaraz hitz egiten diet. Baina hori oso motel gertatu da.
Zer harreman izan duzu teknologia digitalekin?
Esan dudan bezala, maristekin informatika ikasten hasi ginen. 2006an izan zen ikastetxearen ehungarren urteurrena, eta jada gauzak ordenagailuz egiten genituen. 2010ean, gutxi gorabehera, hasi ginen liburu eta arbela digitalekin. Erretiratu baino lehen, tutorea nintzenean, arbela digitala erabiltzen genuen, eta bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleek tableta erabiltzen zuten eskolan —lehenengo eta bigarren mailetakoek ez—. Orain, mundu digitalean oso sartuta daude. «Libratu zara!», esaten didate.
Erreparoa diozu teknologia digitalaren erabilerari?
Ez, erreparorik ez. Baina uste dut teknologia digitala bai ala bai sartu nahi dutela. Nik erabili dut, eta pozik erabili dut, baina gauza batzuk lantzeko ez du balio.
Adibidez?
Batez ere, adimena lantzeko; orientazio espaziala, oroimena, memoria... Horiek guztiak beharrezkoak dira pertsona batentzat. Teknologia digitalekin, informazioa oso arin pasatzen da, baina ez da finkatzen. Eta finkatzeko, landu egin behar da. Adibidez, niri beti gustatu izan zait erritmoa lantzea. Niretzat, erritmoa oso inportantea da hizkuntzak ikasteko, irakurtzen ikasteko... Eta beti lantzen nuen erritmoa klasean. Pertsona batengandik jasotzen dira horiek; tabletarekin, galdu egiten dira.
Orain diote adimen artifizialarekin dagoeneko ez dela behar izango memorizazioa, eta hezkuntzatik desagertuko dela memoriaren lanketa.
Arriskutsua da, nire ustez. Esate baterako, irakurketa oso inportantea da. Umeei jar diezazkiekezu ez dakit zenbat bideo gauzak irakasteko, baina ez badute irakurtzen, asko galduko dute. Horrelako gauzen ondorioak ikusiko dira, batzuk ikusten ari dira jada: gero eta sindrome gehiago agertzen ari dira. Ez dago hainbeste ume hiperaktiborik; atentziorik eza da.
Euskal dantzetan ere aritu zinen.
6 urterekin hasi nintzen euskal dantzetan, eta 16-17 urterekin utzi nuen taldea, Bilbora joan nintzenean ikastera. Taldea desagertu egin zen; pena eman zidan. Ikasleekin, dantza egiten nuen; beti izan naiz oso dantzaria, eta irakasten nien arin-arineko pausuak ematen, edo Lanzko dantzak egiten... Dantza taldea birsortu genuen, eta orain arte. Lehen, herrian ez zen inauteririk ospatzen, eta, dantza taldearekin eta herriko txarangarekin, lehen kalejira egin genuen. Ez genuen jantzirik: amek egin zituzten kamisetekin, maindireekin, parpailarekin...
Marijose Vidal. Maistra ohia
«Hasieran, ez zegoen ikasteko materialik euskaraz»
Vidalek lan bizitza osoa egin du Zallako maristen ikastetxean, 1976tik orain dela bospasei urte arte. Irakaskuntzan euskara sartu zeneko garaia bizi izan du, baita teknologia digitalarena ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu